Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-10-07 09:39:43
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

1999-05-23 -- 1716.zenb

Patronala eta Ibarretxe grebaren aurka


Greba orokorra deitzeak Ibarretxe lehendakariaren inguruan batu ditu EAEko eta Nafarroako patronala. Hauen jarrera erabat aurkakoa da eta negoziatzeko gaitasunik eza leporatzen diete sindikatuei. Txosten honetako beste atal batean ikus daitekeenez, bi urte luzez aritu dira sindikatuak negoziatu nahian eta patronalaren ezezko biribila baino ez dute jaso.
EAEko patronalak, Confebaskek, kritikatu egin du gaur egun bizi dugun egoera politiko zailean mobilizazioa mobilizazioagatik egitea, gizarte borroka eta amorrua areagotzeko asmoz. Deialdi honekin, Confebasken iritziz, sindikatuek oso jarrera ulergaitza hartu dute eta ez dute negoziatzeko asmo izpirik. Greba deialdi artifizial, demagogiko eta kaltegarri baten aurrean gaudela esan ondoren, EAEko patronalaren esanetan enpleguarekiko benetako konpromisoa, hain zuzen, enplegua sortzen betetzen da eta ez greba, irain eta lanordu murrizketa bezalako konponbide magikoen bitartez.
Patronalaren arabera, bereziki zentzugabea da deialdia egiteko hautatu zen eguna, Lan Harremanetarako Kontseiluan (LHK), Confebaskek sindikatuei akordio bat proposatu eta ondorengo egunean. Confebaskek elkarrizketa txanda proposatu zuen. Era horretan, sindikatu bakoitzak esateko zeukan guztia jaso eta guztiok ados jartzeko ahalik eta aukerarik gehienak zituen banan-banako akordio batera iristeko. Patronalaren balorazio hori sindikatuek ematen duten balorazioari kontrajartzen zaio.
Nafarroako patronala gogorrago azaldu zen sindikatuen aurrean, eta Nafarroako Enpresari Elkarteko (NEE) buruaren ahotan, 35 orduetako laneguna ez da sekula greba orokorraren bidez inposatuko. Ildo berean, patronalak ez epe laburrean ez epe luzean, 40 orduetako astean ez duela inolako murrizketarik onartuko esan zuen NEEko buruak. Azkenik, enpresa eta sektore bidezko negoziazio kolektiboen alde egin zuen, lanorduak murriztea posible eta onuragarri den lekuetan hala egin ahal izateko.
EAE-KO Lehendakari Juan Jose Ibarretxek, bestalde, une hauetan greba orokorra deitzeko funtsezko arrazoi objektiborik ez dela adierazi zuen eta neurrigabetzat jo zuen.

«Ulergaitza da
—esan zuen—

sindikatuek 35 lanorduen eta gizarte-soldataren aldeko borrokan topatzen duten lehen oztopoaren aurrean, greba orokorra deitzea, egoera larrietarako erantzun larria baita».
Era honetako adierazpen instituzionalaren aurrean, ez da harritzekoa euskal sindikatuek Ibarretxe lehendakari jeltzalearen kontra gogor egin izana, Lehendakariak ez baitaki, antza, bi urte daramatela negoziazio eta mobilizazio betean patronalak bere jarrera apurrik ere aldatzea lortu gabe

Erantzunak

Erantzunik ez dago.

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.

Albiste honi erantzun

Albiste honi erantzun

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan