Bi urteko negoziazio antzuak
Euskal sindikatuek 35 lanorduen alde deituriko greba orokorra ez da erabaki arin, ero edota neurrigabea izan, iritzi publikoaren aurrean patrolanalak eta Ibarretxe lehendakariak agertarazi nahi izan duten moduan. Hurrengo ostiraleko greba orokorra (maiatzak 21) negoziazio eta mobilizazioz jositako bi urteren ondoren etorriko da, patronalak ez baitu bere hasierako jarrerarik aldatu. Borroka ordu asko izan dira beraz, negoziazio eta mobilizazioei dagokienez, greba orokorra deitu baino lehen, apirileko ordubeteko lanuztea barne.
Lanegunaren murrizketa aldarrikatzea orain urte asko hasitako kontua da. Lanarekin batera hasitako dantza da. 1997ko uztailaren 3an hasi zen, ordea, benetako eskakizuna, ELA eta LABek Lan Harremanetarako Kontseiluan (LHK) proposamena bideratu zutenean. Beranduago UGT eta CCOOk ere beraien proposamena aurkeztu zuten eta hasiera eman zitzaion 35 lanorduen gaineko barne-eztabaidari LHK-ko Enplegu Mahainguruan.
Negoziazioa bi urtez luzatu da dagoeneko eta sindikatuen esanetan, patronalak ez du urratsik txikiena ere eman gai horren inguruan akordioa lortzeko asmoz. Hain ziren kontrajarriak jarrerak Enplegu Mahaian, ezen negoziazioa etetea erabaki zuten, ABLEak (Aldi Baterako Lan Enpresen), ordu estrak ezabatzea eta ordezkatze kontratuaren gaineko akordioa lortu arte bederen. Akordio hori 1999ko urtarrilaren 14an lortu zen. Aurtengo otsailaren 3an, negoziazio mahai berria eratu da lanorduen inguruko akordioa lortzeko asmo hutsaz.
Enpleguaren Aldeko Euskal Akordioa izenpetu ondoren, eta inolako emaitzarik gabe Confebaskekin izandako bilera ugariren ondoren, ELA, LAB, ESK eta STEE sindikatu abertzaleek maiatzaren 21erako greba orokorra deitu zuten apirilaren 14an. Patronalak bere jarrera aldatuko balu bertan behera utziko lukete deialdia, baina artikulu hau amaitzerakoan ez da inolako aldaketarik gertatu.
Prozesu hau guztia 35 lanorduen eta gizarte-soldataren aldeko mobilizazio ugariz beteta egon da. Mobilizazio prozesu honetan aipagarri diren ekimenen artean, 1998ko martxoaren 28an Iruņean eginiko enpleguaren aldeko manifestazio nazionala, aurtengo apirilaren 23ko ordubeteko lanuztea eta euskal udaletxeetan aurkezturiko 35 lanorduen aldeko mozioak daude. Azkenik, otsailaren 16an sindikatu abertzaleek kanpainaren bigarren urrats biziagoa iragarri zuten, patronalari greba orokorraren arriskuaz ohartarazten zioten bitartean. CCOO eta UGTk ere 35 lanorduen aldeko kanpaina propioak garatu dituzte, ordezkari batzar, kontzentrazio eta manifestazioen bidez bereziki. Ez da batere serioa patronalak eta EAEko lehendakariak greba orokorra neurrigabea eta lekuz kanpokoa dela adierazi izana. Gezurretan ibiltzea eta iritzi publikoa txontxongilotzea litzateke hori
Erantzunak
Erantzunik ez dago.
Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.