35 orduak Europako Batasunean
Nola dabil Europa 35 lanorduen kontuari dagokionez? Orain aurkeztuko dizkizuegun datuen arabera, badirudi onartuta dagoela, teorian behintzat gero ez baitago islatuta herrialde guztietako legerietan. Guk Frantzia, Alemania, Italia eta Erresuma Batuko kasuak azalduko ditugu.
Lionel Jospinen Gobernu sozialistaren eskutik, Frantzia izango da Europako Batasunean aitzindari, legez ezarriko baititu 35 lanorduak 2002. urterako. Helburua 400.000 lanpostu garbi sortzea da baina 1998ko ekainean abian jarritako neurrien emaitzak ez dira oso itxaropentsuak izan. Orain arte adostutako akordioek 6.000 lanpostu berri sortzeko aurreikuspena baino ez dute lortu. Hori dela eta, orain arte hartutako azken akordioak Elektrizitatea eta Gasa enpresa publikoarekin (140.000 langile) eta Peugeotekin (92.000 langile) oso laguntza baliotsua izan dira Jospinentzat. Lanorduak murriztea derrigorrezkoa izango da 2002tik aurrera.
35 lanorduak errealitate bilakatu dira alemaniar askorentzat eta horregatik, ordu estren aurka dihardute orain sindikatuek langabezi tasari aurre egiteko. Gainera, laneguna moldatzeko aukera asko daude, 1988tik aurrera industria osora hedatutako Volkswagenen Lan kontuen (1985) antzekoak, esate baterako. Enpresa horietan guztietan, langile bakoitzak lanordu kontu bat du eta egindako ordu estrak txanda libreen bidez orekatzen zaizkio.
Italia dugu, Frantziarekin batera, laneguna murrizteko legeak onartu dituen Europako Batasuneko bi herrialdeetariko bat. Frantzian ez bezala, ordea, legea ez dago indarrean oraindik, parlamentuan izoztua dagoelako. Oraingo Gobernuak ez du lege hori begi onez ikusten, batez ere, Birfundazio Komunista ez dagoelako Gobernuan eta bai, ordea, Batasun Demokratikoa. Baina harrigarriena sindikatuek lege hori nahi ez izatea da. Beraien iritziz, hitzarmen kolektiboen bidez eztabaidatu behar da lanegunaren murrizketa, horrelako lege batek beraien negoziazio ahalmena ahulduko bailieke enpresariei begira.
Lan-merkatuari dagokion beste edozer gauza bezain malgua da lanegunaren erregulazioa Erresuma Batuan. Gobernu laboristak sinaturiko Maastrichteko Akordioak ezartzen duen legezko muga bakarra da: 48 lanordu astean. Legeria britainiarrak lan egindako ordu kopurua 17 astetan zehar zenbatu behar dela ezartzen du eta beraz, lanorduen banaketa astero alda daiteke muga zertan gainditu gabe. Enpresariek lanegun bereziei buruz negozia dezakete sindikatuekin edota langile bakoitzarekin. Epe jakin batez lanorduak handitu edo murrizteko aukera dago produkzioaren beharrei erantzun ahal izateko. Erresuma Batuko batez besteko laneguna 36 lanordu ingurukoa da. Dagoeneko duten malgutasuna dela-eta, gobernuak eta sindikatuek ez dute inolako aldaketarik mahaigaineratu. Oraingoz estatu askoren aurretik dira
Erantzunak
Erantzunik ez dago.
Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.