HIRIAREN GIZA ARIMA
Zaloa Mendez
hiritarren ongizateaz asko arduratzen den hiria dugu. Gasteizen gizarte- etxeak deritzaten eta hiriko sinbolo bihurtu diren 13 zentro daude, berauetan kirol, kultura zein gizarte izaerako edozein jarduera burutzen direlarik.
Gasteiztarrek urte batzuetatik hona itxura modernoa duten eraikinak ikus ditzakete hirian. Udalak duela hamahiru urte ekin zion hiriko auzoetan zehar barreiatutako gizarte etxeetako sare berria eta modernoa sortzeari. Azkena, Aldabekoa, iragan irailean martxan jarri zuten. Egun guztira, hamahiru zentrok osatzen dute gizarte-etxeen sarea: Abetxuko, Aranako, Ariznabarra, Arriaga, El Campillo, Judimendi, Europa, Iparralde, Olarizu, Sansomendi, Hegoalde, Lakua eta Landabek.
Horien helburu nagusiak hiritarren garapen pertsonal osoa bultzatu, elkarrekiko harremanak sendotu eta gasteiztarren auzoan zein hirian parte hartzea areagotzea dira. Bertan, adin bereizketarik gabeko hamaika zerbitzu eskaintzen dira, kirol, kultura eta gizarte izaera duten jarduerak. Gizarte-etxeek gasteiztarren ongizatea eta gizarte oreka erdiesten lagundu nahi dute.
Udal ekimen hori errotuz joan da hiritarren artean eta aretoak bete ezezik, lantegi eta jardueretako zerrendak ere berehala agortzen dira. Gizarte etxe bakoitzera 10.000 pertsona inguru hurbiltzen da batez beste egunero. Besteak beste, gizarte-etxeek liburutegi, hemeroteka, elkartze-areto, ludoteka, infoteka, gimnasio, kiroldegi eta zenbaitetan, igerileku estaliak ere izaten dituzte. Sarrera doakoa da. Areto horiek guztiez gain, gizarte-zentroetan giza laguntza behar duten pertsonentzako zerbitzu sozialen aretoak egokitu dituzte. Areto hauetara jotzen dute, batik bat, egoera zailean dauden gazteek, arazo ekonomikoak dituzten familiek, bakarrik dauden agureek zein minoria etnikoek.
Trebezia artistikoa garatzeko aukera bikaina
Gizarte-etxe guztietan ekintza artistikoei ekiteko tailerrak ere antolatzen dituzte. Horretarako, propio egokituta hamaika gune ere badira. Astelehenetik igandera eta ordutegi ezberdinetan, lagun askok margolaritzan, dantzan, argazkilaritzan, koadernaketan eta aeromodelismoan dihardu.
Alabaina, klase horiek bukatu eta gero gune horiek hutsik geratzen dira. Hori dela kausa, gizarte-etxeetako arduradunek Areto edo Galeria irekia delako proiektua sortu dute. Galeria ireki horretara trebezia artistikoa garatu nahi duten pertsonek jo dezakete. Bakarrik edo begirale batek lagunduta egin ahal izango dituzte lanak. Ekimen hori 16 urtetik gorako biztanleriari zuzenduta dago.
Areto horietan lekua izango duten jarduerek zerikusi handia dute Arte Plastikoekin: margolaritza, marrazketa, eskultura eta koadernaketa, besteak beste. Nork bere lantegia bailitzan erabili ahal izango ditu areto horiek, jarduera eta ordutegia aukerakoak izango dituelarik
Erantzunak
Erantzunik ez dago.
Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.