NAPARTHEID
25. alea
56 orrialde
300pta-12 libera
Napartheid aldizkaria komiki eta marrazkien ildoari jarraituz 25. alera iritsi da. 25. ale hau ospatzeko asmoz aldizkariaren orrialde guztiak oso trinkoak egite erabaki dute eta horregatik ez dute publizitate bat bera ere sartu.
Zenbaki honek lana eta txanponaren beste aldea, langabezia alegia, ditu gai nagusi eta «lan egiteari uko egin ez dion alferron omenez» eginiko alea da. Gai horien inguruko marrazkiak ezezik, artikulu gutxi batzuk ere agertzen dira.
Orrialdetan barrena, bertoko eta erbesteko komikien berri eta beroiek eskuratzeko modua ematen dizkigute. Langabeziaz barre egiteko aukera bikaina, Napartheid aldizkariaren 25. ale honetan
GERTAERAK ETA TXISTEAK
Joxe Migel Iztueta
Lazkao Txiki
Auspoa
255 orrialde
1.710 pta.
Lazkao Txikik, bertsolaria izateaz gain, bertsozale guztiek ondotxo ezagutzen zuten beste alderdi bat ere bazuen: bere gertaerak eta txisteak; bere xelebrekeri edo «picaresca». Lazkao Txikiren gertaera eta txisteen bilduma eskaintzen zaio irakurleari liburu honetan. Baserritarren, medikuen, apaizen eta senar-emazteen inguruko 50 txistetik gora azaltzen dira. Bertsolari lazkaotarrak bizitzan zehar igarotakoek eta bizitako «egun bereziek» liburu erdia betetzen dute. Hitzaurrean Antonio Zavalak azaltzen duenez, «bera degu, zalantzarik gabe, gure XXgarren mende ontako Pernando Amezketarra». Duda barik, irakurleari barrea eragingo dion liburua da «Gertaerak eta txisteak»
BRITTANY
European Bureau for Lesser Used Languages
37 orrialde
Hizkuntza etorkizunaren bila» azpititulua du hasieratik bukaeraraino ingeleraz idatzia dagoen aldizkari honek. Bretoieraren inguruko nondik norakoak azaltzen ditu: zergatik hitz egiten den Bretainian bretoieraz, noiz eta nondik sortutako hizkuntza den eta ahoskatzeko modua, besteak beste. Bretoieraren garapena jorratzen du aldizkariak, sortu zenetik egungo bretoiera modernoraino. Bestalde, Bretainiaren lurraldetasunaren eta kulturaren inguruko kontuak ere azaltzen dira. Orrialde trinkoak dituen aldizkari txikia aurkituko du irakurleak. Koloredun argazki ugari ere agertzen da orrialdetan barrena, baita Bretainiaren mapa soziolingustiko bat ere
EUSKARAREN JARRAIPENA II
EKE
Eusko Jaurlaritza
Nafarroako Gobernua
Lau liburuxkek osatzen dute «Euskararen Jarraipena II
ZATOZ GUREKIN
Caroline Phillips eta Mixel Ducau
Agorila
Bigarren diskoa plazaratu dute jada Caroline Phillipsek eta Mixel Ducauk Agorila disketxearekin. Bost urte daramatzate elkarrekin abestuz eta elkarlan horren ondorioz jaio da «Zatoz Gurekin» disko berria. Diskoa, noski, ez dute bien artean soilik burutu. Alboan izan dituzte Luis Camino perkusio lanetan eta Ritxi Salaberria baxujolea.
Lehen diskoarekin alderatuz ekoizpen desberdina izan da hau. Mixel Ducauk berak prentsa idatzian adierazi duenez, «
lehen diskoan ez genuen gure estiloa atzeman, eta lau urtez lan egin dugu gure nortasunaren bidean». Bide hori jorratuta, euskal dantzak edo tradiziozko musikak hartu dituzte oinarritzat, hortik sorkuntza berriak lantzeko. Diskoa osatzen duten hamabi abestietan doinu erdi tradizionalak erdi modernoak egin dituzte.
Hamabi kantu berri horien batzuk aipatzearren «Zatoz gurekin eta goza» abestia dugu, bertan ohiko dantzetan parte hartzearen plazerra da muina. Neska mainatuegi baten bizitzako zailtasunak «Alaia's Blues» abestian jaso dituzte. Presondegitik preso batek bere gogoetak egin ditu «Zenbat Eternitate» kantuan. «Aditzen Labirintoa»n berriz, euskararen pozak eta koskak abestu dituzte.
Maitasun bereziz eginiko bi abesti ere badira. Bata «Tupac Amaru» Peruko indio gudariei eginiko olerkia eta bestea, «Europa Handi» naizo txikiekin osatutako Europaren aldeko abestia