Paperaren xarmarik ez du baina...
Astekari hau Interneten bidetik abiatu zenetik, bertako lankideek informazio iturri izan dute nagusiki sarea, komunikazio tresnatzat elektroposta erabiliz. Orain produktuak burutzean inprimategiaz eta paperaz gain sarean hartuko duen forma ere kontuan eduki beharra dago.
Inprimategira doanarekin batera abiatzen da amaraunean sartzeko prozesua ere. Erredaktoreak artikuluaren elementu bakoitza kode baten bitartez identifikatzen du (argazki oinak, testu nagusiak eta abar) gero makinak uler dezan. Eta «Kapsula»ren txanda dator. «Kapsula» Adur informatika enpresak sortutako programa da, dokumentu baseen kudeaketarako softwarea. «Kapsula» softwareak automatikoki (astekariko produkzio arduradunak begiratuko du prozesua ezustekorik gerta ez dadin) kodifikatutako elementu guztiak hartu eta identifikatu egiten ditu: hau izenburua izango da, beste hau argazki oina... artikuluetako elementu guztiak.
Indexazio prozesuaren bidez, artikuluaren elementuak gero pantailan izango duten itxura lortzeko sailkatzen dira, generoka eta gaika. Eta azken urratsa pantailaratzea da. «Kapsula»k artikuluko testu nagusia bilatzen du eta horri dagozkion osagarrien bila hasiko da, pantailan elementu guztiak batera agertzeko.
AUTOMATIKOA ETA AZKARRA. ARGIA.
Astekaria bere dokumentu basea osatzen doa astero eta etorkizunean beste dokumentu base motak sortzeko aukera ematen du; esate baterako, hitz bakar bat sartu eta bilaketak egiteko aukera.
Beste elementu garrantzitsua astero aldizkaria harian jartzea kostatzen dena da. Erredaktoreek eta produkzio arduradunak denbora gutxi erabili behar dute prozesu honetan, aurretik egin den programazio lanari esker, ia osorik automatikoa delako.
Internetez ARGIAren On-line bertsiora hurbiltzen denak ere abantailak topatuko dizkio. Informazio edukiak espreski katalogatuta aurkitzen ditu, eta oso klik gutxitan iritsi daiteke nahi duen artikulura.
Alde horretatik, nori berea. Patxadaz irakurtzeko, astean zehar begiratzeko, argazki ederrez gozatzeko, mendira (edo edonora) eramateko... paperezko ARGIA
Erantzunak
Erantzunik ez dago.
Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.