DIRUA
ETXEBIZITZEN PREZIOAK GORA EGINGO DU AURTEN ERE
Daniel Udalaitz
interes handikoa da hiritarron gehiengoarentzat. Inoiz baino gehiago eraikitzen eta saltzen ari gara, prezioen etengabeko igoerari jaramonik egin gabe.
Euskal Autonomi Erkidegoko promotore eta agenteek merkatu libreko etxebizitzen prezioen igoera iragarri dute 1999rako. Horixe da, hain zuzen ere, Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Sailak urtarrilean kaleratutako txostenaren aurreikuspena. Antzeko egoera espero da Espainiako zenbait aldetan ere, ez eskaeraren igoeragatik, lurraren prezioagatik baizik.
Eusko Jaurlaritzaren etxebizitzari buruzko azkeneko txostenaren arabera, promotore eta agenteen artetik informazioa jaso ostean, pisu libreen prezioaren igoera iragartzen da 1999rako. Ikuspegi hau, ordea, txostenean bertan azaltzen diren datuei kontrajartzen zaie. Izan ere, 1998ko hirugarren hiruhilekoan, merkatu libreko batez besteko pisu batek 20,7 milioi pezeta balio zuen, hau da, aurreko hiru hilabetetan baino milioi bat merkeago.
Aditu batzuen esanetan, etxebizitzaren prezioek batez beste % 10eko igoera izan lezakete aurten, nahiz eta lursail eta babestutako etxebizitza berriak merkaturatzen diren heinean, igoera hori moteldu egingo omen den. Beste aditu batzuen ustetan, aldiz, ez omen dago prezioek horrenbesteko igoerarik izango dutela uste izateko adina daturik.
Iragarpenak bat datoz.
Aurretiko inkestetan ez bezala, oraingoan bat etorri dira promotore eta agenteak eta aurreko urteetakoa baino prezio igoera handiagoa izango dugula pentsa genezake.
Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Sailaren txostenaren arabera, «
prezioek 6 hilabete barru gora egingo dutelako usteak gehiengo zabala lortzen du higiezin-agenteen artean, orain urtebete eman zena baino zabalagoa gainera, eta iragarpena urtebeteko epera luzatuz gero, promotore arabarren iritzi sendoagoa izango litzateke daturik aipagarriena».
Gasteizko Gobernuaren aurreikuspen hauek ez datoz Etxebizitza Sailetik soilik, bestelako erakundeetako adituek ere aurreikuspen horiek berresten baitituzte. Horrela, higiezin-baloraziotan aditua den Sociedad de Tasación enpresak, merkatu libreko etxebizitzen prezioen gorakada nabarmena iragarri du. Aurreikuspen ezkor hauek, hala ere, ez dute sektore pribatuarengan inolako eraginik izan eta prezioek gora egingo badute ere, bere salmentek ere gora egingo dutela uste dute.
1994tik ez da eraikuntza sektorea hain baikor agertu. Hala ere, zonaldearen arabera, ezberdina da baikortasun maila eta promotore gipuzkoarrak zuhurrago azaltzen diren bitartean, arabarrek negozio-bolumen handia izango dutela uste dute. Aurreko bien artean koka genitzake promotore bizkaitarrak, ez urre eta ez ikatz.
Eusko Jaurlaritzaren txostenak interes handiko beste datu batzuk ere ematen ditu etxebizitza libreko merkatuari dagokionez. Merkatu mota hau da denbora epe laburrean aldaketa ugarien izan dezakeena. Merkatu libreko pisu batek 21,7 milioi pezetatik 20,7 milioirako beherakada izan zuen 1998ko hirugarren hiruhilekoan. Datu honek badu eraginik EAEko metro karratu bakoitzaren prezioan, 234.000 pezetatan jarri baita orain, iazko epe berean baino % 1,3 merkeago.
Ezberdintasunak nabarmenak dira hiriburuak eta probintziak alderatuz gero. Prezioen beherakada handia gertatzen ari da Gasteizen, azkeneko urteotan igoerarik handiena jasan duen hiriburua izan ondoren. Txostenaren arabera, batez beste etxebizitza batek 31,9 milioi pezeta balio du. Donostiak lehen postuan jarraitzen du prezio garestiei dagokienez eta Gasteizen baino milioi bat gehiago balio du pisu batek, 32,9 milioi pezeta alegia. Bilbo, aldiz, hiriburu merkea da besteekin alderatuz gero, pisu batek 21,8 milioi pezeta besterik ez baitu balio.
Hauxe da prezio horiek metro karratu bakoitzeko prezioetan duten eragina: Donostian metro karratuak 400.000 pezetatik gora balio du, Gasteizen 373.000 pezeta inguru eta Bilbon 263.000 pezeta. EAEko hiriburuetatik gertu dauden zonaldeek, horrenbesteko higiezin-zergetatik libraturik, 249.000 pezetako batez bestekoa dute.
Antzeko prezioak ikus daitezke bigarren eskuko etxebizitzei dagokienez. Bere prezioak pisu berrien parekoak dira, hauek baino 4 milioi pezeta gehiago balio izatera ere hel daitezkeelarik. Batez bestekoa 25 milioi pezetatik gorakoa da EAEko hiru hiriburuetan. Hala ere, batez besteko hori oso bestelakoa da Donostian (37 milioi pezeta), Gasteizen (25 milioi pezetatik gora) edo Bilbon (20 milioi pezeta).
Alokairu etxebizitzei dagokienez, eskaintza urriagoa dela ikusten da. EAEko hiru hiriburuetako batez besteko alokairua hileko 98.000 pezeta ingurukoa da. Gorakadarik handiena Gasteizen gertatu da, % 18ko igoerarekin
Erantzunak
Erantzunik ez dago.
Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.