Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-07-23 16:45:52
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

1999-04-18 -- 1712.zenb

Bernardo Ibarra

arima kementsua dugu.
guztia irakurri

EUSKARAREN JARRAIPENA II
Iragan ostegunean, apirilak 15,
Donostiako Koldo Mitxelena
Kulturunearen areto nagusian,
Erramun Baxok EKEko (Euskal
Kultur Erakundea) kideak, Josune
Ariztondo Eusko Jaurlaritzako
Hizkuntza Politikarako sailburu-
ordeak eta Fernando Perez de
Viñaspre Nafarroako Gobernuko
Hizkuntza Politikarako zuzendariak
«Euskararen jarraipena II» izeneko
lanaren aurkezpena egin zuten.
Bigarrenez, euskararen azterketa soziolinguistikoa burutu ondoren,
lanaren emaitzak argitalpen horretan
jaso dira, lau liburukitan banatuz
—EAEri dagokiona bata, Nafarroari
bestea, Iparraldearen inguruko
hirugarren bat eta Euskal Herri osoa
biltzen duena—.

Uztaila jazzaren hilabetea izango da.

Tailaturiko bisontearen arrastoak.


ARAIA: IKUS-ENTZUNEZKOEN GUNE

ARABAko Foru Aldundiko Hirigintza Saila Araiako Ajuria y Urigoitia fabrikaren birmoldaketa aztertzen ari da. 1985etik geldirik dagoen fundizioa ikus-entzunezko ekimenen gune bilakatzeko asmoa agertu du berriki Hirigintza diputatuak. Egoitzaren 2.000 metro koadroak Euskal Herrian ikus-entzunezko jardunak bizi duen egoerari erantzuteko erabili nahi dituzte, sektorean dabiltzanak maiz Madril eta Bartzelonako produkzio zentru erraldoietara jo beharrean izaten baitira.


TOPAGUNEAREN BATZARRA

EUSKARA Elkarte eta Herri Aldizkarien Topaguneak bere bigarren batzar nagusia burutu zuen joan den larunbatean, hilak 17. Kultur Errota gehiago indartzeko eta honen baitako ekintzak Nafarroa eta Iparraldera zabaltzeko erabakia hartu zen. Gainera, euskara bultzatzeko herrietako hitzarmenen egoera ezagutzeko neurgailu baten asmoa izan zuten mintzagai.


JAZZ UDAREN AURKEZPENA

MADRIL aukeratu zuten Getxo, Gasteiz, Donostia eta Baionako Jazzaldietako arduradunek joan den asteazkenean aurtengo egitarauen aurkezpen bateratua egiteko. Uztailean, Euskal Herrian, jazz tendentzia desberdinetako 150 kontzertu eskainiko dira, horietatik asko doan. Izarrak ere ez dira faltako: Getxon Phil Woods izango da, Gasteizen Wynton Marsalis, Donostian Van Morrison eta Baionan B. B. King.


TRIKIBERTSOA BIGARRENEZ

Iazko esperimentuari jarraiki, aurten ere hainbat saio egingo da bertsoa eta trikitia uztartuz. Lehen emanaldia joan den astean burutu zen Bilbon, Tapia ta Leturia eta Amurizarekin. Hemendik aurrera, Iker Goenaga Irazu eta Lujanbiorekin, Maixa ta Ixiar Estitxu Arozena eta Jon Maiarekin, Etzakit Lizaso eta Peñagarikanorekin eta Gozategi Egaña eta Sarasuarekin ariko dira. Iazko balantzea egitean uste baino zailtasun gehiago topatu zituztela aipatu dute partehartzaileek, erritmo kontuetan bereziki, eta saioek prestakuntza behar dutela azpimarratu.


ESKOLARTEKO BERTSOAK

HEMERETZIGARRENEZ Gipuzkoako Eskolarteko Bertsolari Txapelketa abiatuko da heldu den astean, hilaren 30ean hain zuzen. Donostiako finalaurrea izango da lehena. Ondorengo igandetan gainontzeko hiru eskualdeetako kanporaketak jokatuko dira. 14 urte bitartekoak taldeka arituko dira eta handik gorakoak izango dute banaka aritzeko aukera.


EKAIN, BISONTEA ETA PP

JAPONIAKO "Texnai" enpresak tailaturiko bisonte baten aztarnak aurkitu ditu Ekaingo kobazuloko Zaldei izeneko galerian. Aranzadi Elkartekoek adierazi dutenez, sumatua zuten bazela halakorik, baina bitartekoen gabezia dela medio ez dute aztarnak aztertzerik izan. Bestalde, eztabaida ugari eman duen gaia kobazuloaren erreplikaren kokagunearena da. Zestoan ala Mutrikuko Astigarribia ibarrean egingo da? Erabaki hori joan den astelehenean hartu du Gipuzkoako Batzar Nagusiak. Itxura guztien arabera, alderdien joerak ikusita, Zestoako proiektua gailenduko zen.

Iragan astean Nagore Aranburu eta Lukax Dorronsororen hitzak jaso genituen; antzerki mundukoak biak lehena ezkor eta bigarrena baikor agertzen ziren. Beste antzerkilari batek, Antton Lukuk esanak dira hauek: «Zernahi gisaz, uste dut euskal antzerkia eraberritzeko beharra dagoela, eta irudimen handia beharrezkoa izanen da. (...) Publiko berria etorri bada ere, sorpresa baten bila heldu da»

Fernando Auzmendi txalapartariak tresna honen inguruan esandakoak dira hitz hauek: «Alde sinbolikoa kontutan hartuta ere, ez zaio etengabeko arretarik eskaintzen, ez dira aintzat hartzen txalapartaren soinu ahalbideak»

Irratia hartu du hizpide Iñaki Zabaleta EHUko irakasleak: «Gizartearen izenean Gobernuak kontrolatzen du erradioespektroa, eta, beraz, hor lan egiten duten komunikabideei gehiago exijitu behar diegu, informazio alorrean behinik behin»

France Telecom-ek, inori jakinarazi gabe, telefono gidatik kendu ditu Iparraldean euskarazko izenak dituzten etxeak. Enpresa honek bere eskuzabaltasuna agertu nahian berriro telefono gidan sartzeko aukera emango du. Interesa dutenek, banan-bana herriko etxera joan beharko dute paperak bete eta baimena eskatzeko. Horrela, beharbada gidan sartuko dira lehen kendutakoak.

Unai Iturriaga
durangar bertsolariak bere lehen nobela aurkeztuko du egunotan. «Berandu da gelditzeko» izenburuz eta Susa etxearen eskutik, Bilboko musikari baten parrandak eta bestelakoak kontatzen ditu Iturriagak.

Loinatz abesbatzak
Zaragozako Ejea de los Cabaleros lehiaketa irabazi du bigarrenez. Izan ere, duela zazpi urte ere Beasaingo abesbatzak lehen tokia lortu zuen.

Betagarri
«80/00» izeneko disko berriaren prestaketan ari da iragan Gabonetatik. Bertan azken hogei urtetako hainbat euskal kantu ezagun bilduko du taldeak; Ruper Ordorika, Itoiz, Hertzainak, Potato eta beste hainbaten kantuekin ari dira lanean. Diskoa datorren Durangoko Azokarako izan nahi dute prest.

HARRIDURA EGM-REN NEURKETAREKIN
Zur eta lur daude Euskadi Irratian EGM-k egindako audientzia neurketarekin. Azaroan 114.000 entzule ematetik, orain 20.000ra pasa baita. Arrate Irratiari 34.000 eman dizkiote. Euskadi Gazteari aldiz, 79.000 orora, eta 92.000 astegunez. Estatu osorako neurgailua denez, SER eta COPE bezalako irrati handien mesedetan jokatzen du EGMk, nahiz eta urtean hiru aldiz egin. Zenbat eta beherago jaitsi gorabehera handiagoak izaten dira, tokian tokikoen kalterako. Harritzekoa da aldaketak beti euskararen inguruan gertatzea. Orain, CIES-en neurketaren zain daude, nonbait fidagarriagoa baita

EUSKALKIEI
TOKI EGIN
Juan Martin Elexpuru idazleak apirilaren 11ko «Euskaldunon Egunka- ria»n «Herri euskararentzat lekutxo bat, mesedez» izeneko artikulua idatzi zuen. Bertako hainbat pasarte bildu ditugu hemen:
«Euskalkiaren alde ezer gutxi egin da. «Altxorra» direla esan da, eta seinale txarra. Ez da prestijiatu, erakutsi, landu. Batuaren etsaitzat hartu da, oharkabean. Berbetarako tira, baina idazteko eta jendaurrerako ez. «Inglesa, frantsesa, espainiera... Idatzizko eredua bat eta bakarra da hizkuntza moderno guztietan, eta beraz...: entzun izan diogu aditu bati baino gehiagori.
Eta egia da eredu bakarrarena. Beste gauza bat da «eredu»tzat hartu behar ote ditugun horiek, jakinda ez bakarrik beren dialektoak, baita beren agintepeko beste hizkuntzak ere sustraitik erauzten ahalegindu direla mendeetan. Euskara dialektoa izan da espainiarrentzat eta bretoia `patois' frantsesentzat. Nago eredu inperiozaleak ez ote ditugun errazegi onesten.
(...) Aho-hizkuntza prestijiatzea eta indartzea litzateke helburu nagusia, baina gaur egun hori ezinezkoa da hizkuntza idatzirik gabe».

ESTEPANEK «BEREN KASA» AURKEZTUKO DU
Umeekin egingo den «talk show» berria Estepan Aldamiz-Etxebarriak igandetan aurkeztuko du, maiatzaren 25ean hasita. Baleuko ekoiztetxearen saio honetan, 4 eta 7 urte bitarteko sei haur izango dira protagonistak, helduen inguruko gaiak eztabaidatzeko. «Bakarrik edo parlebu franse» saioan baino balentria gehiago beharko du ziur aski

MARIA LUISA «GOENKALE»RA ITZULI DA
Pausokarekin izan dituen diru istiluak konponduta, indarberriturik bueltatuko zaigu Maria Luisa/Kontxu Odriozola bereak eta bi egiteko prest. Zorioneko berria da, azken boladan txepel samar dagoen telesailari gatza eta ozpina emango baitio. Aste honetan bertan hasi dira berarekin grabatzen eta maiatza aldera izango dugu ikusgai

«HILTZAILE JAIOAK» FILMA «ZINE ORON»
Argi ibili Oliver Stoneren film tripa-nahasle honekin; bortizkeria nonahitik dario-eta. Beren eztaia-bidaian ezkonberri bikote batek (Juliette Lewis eta Woody Harrelson) plazer hutsez 50 lagunetik gora hilko ditu, telebista izarrak bihurtuz. Telebistako biolentziaren gaineko hausnarketa lazgarri hau ikusteko aukera igandean, hilaren 25ean, duzue

Ikastolen Elkartea eta FERE (Ikastetxe Erlijiosoen Elkartea) Euskal Herriko eliz barrutiak abian duen proiektuan partaide dira. Azken honek 1991. urtetik 6 eta 12 urte bitarteko haurrentzat katekesirako 36 bideo bikoiztu ditu. Kanadan, Txekian eta Ameriketan eginak dira bideo gehienak eta gaztelaniara baino lehen bikoiztu dituzte euskarara.

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan