XXI. MENDEKO BILBO METROPOLITANOA
Zaloa Mendez
Eraldaketa politikoek, sozialek eta ekonomikoek gogor astindu zuten Bilbo Metropolitanoa iragan hamarkadan. Industria tradizionalaren gainbeherak krisian murgildu zituen Bizkaiko hiria eta inguruneak. Krisialdia atzean utzi eta hiriari beste norabide bat ematea erabaki zuten agintariek 80ko hamarkadaren amaieran eta 90ekoaren hasieran. Egitasmo horren fruitua Bilbo Metropolitanoa Suspertzeko Plangintza Estrategikoa izan zen. Plangintza honek Bilbo metropoli modernoa bihurtzea zuen helburu, Europakoen artean lehen maila eskuratzeko. Horretarako, ekonomia ezezik, Bilboko ingurugiroa, hiria bera eta kultura arloak garatu behar zituen aipatu Plangintza Estrategikoak.
Bilboren geroa eraikitzeko egin zen plangintzaren proiektu gehienak gaur egun errealitate bihurtzen ari dira. Guggenheim Museoa da eraikin garrantzitsuena. Bilbo berriaren sinbolo bilakatu da eta hiriaren izena lau haizetara zabaldu du. Museotik metro batzuetara Euskalduna Jauregia altxatzen da, Bilboko ekonomiaren oinarrietakoa izandako untzigintzaren oroigarri.
Bilbo eta oro har, Bizkaiarekin zeharo loturik ezagutu dugun portua handitu egin dute. Aireportuak hiri berriarekin bat egiten duen Terminal Zentro berria izango du eta ezin ahaztu Metroa. Datorren mendearen hasieran ibaiaren bi aldeak lotuko ditu lurrazpiko trenak. Zamudioko Teknologi Elkartegia euskal eta Espainiako ekonomiaren erreferente bihurtu da. Iaz bertoko enpresek 58.000 milioi pezeta fakturatu zuten.
Bizitza kalitatea hobetzea zuen Plangintza Estrategikoak helburu. Eman beharreko urratsetako bat Bilbori bizia ematen dion Nerbioi ibaia garbitzea zen. 1979an Uren Saneamendu Plana onartu zenetik neurriak hartu dira; araztegiak egitea, kasu.
Proiektu hauek guztiek milaka milioi behar dituzte; batzuen ustez, dirutza izugarria obra faraonikoak besterik ez direnak egiteko, beste batzuen iritziz berriz, Bilbok mende berrirako prest egon nahi badu derrigorrez gastatu beharreko kopurua. Iritziak iritzi, lanak aurrera doaz eta XXI. mendeko Bilbo hurbilago dago
Erantzunak
Erantzunik ez dago.
Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.