SEGURTASUN ARRAZOIEK ZANPATUTAKO BIZITZA
Xabier Letona
Hilaren zazpitik aurrera etxean da Esteban Esteban Nieto euskal preso ohi tolosarra. Maite dituenen artean maitasuna dastatuz, emanez eta jasoz. Noiz arte? Galdera ikur mingarria. Minbizia erabat zabaldua du eta medikuen esanetan gaitzak ez du konponbiderik. Askatasunaren une gozoa etorkizun krudelaren mingoztasunaz nahasten da 12 urtez Espainiako kartzeletan preso egondakoaren barrenean.
Gose greba behintzat —beste bat— saihestu dute, hilaren 7an askatu zuten eta askatu izan ez balute iragan igandean, hilaren 11an, gose eta egarri grebari ekingo zion bere bizitzaren azken maldarako duintasun eske.
«Erabaki irmoa zen eta zegoen egoeran epe oso laburrean joan zitekeen», diosku Usoak, bere arrebak.
Nekatuta egon arren, ez zuen ongi lo egin espetxez kanpoko lehenbiziko gauean. Hurrengo egunean kalera, alabaina, askatasunari kosk egitera. Txango bat eman. INEMera joan, langabetuen zerrenda gizentzera. Autoa gidatzeko agiria berrateratzeko gogorik ere ez da falta. Bizitzeko gogoa da falta ez dena, noiz eta orain, medikuek hilabeteetako bizitza iragarri diotenean. Galderak tropelean pilatzen dira eta erantzun asko Espainiako Espetxe Erakundeetara begira da, Espainiako Gobernuak euskal presoekiko agertzen duen jarrerari so.
DISPERTSIOAREN ERRUA.
Esteban Esteban Nieto kalean izan balitz ez zuen minbizirik izango? Batek daki. Medikuek berak nahi bezala aztertu izan balute minbizia saihestu ahal izango zuen? Batek daki. Argi dagoena da, behin eta berriro egin beharreko azterketak atzeratu izan ez balira gero erraietan erabat zabaldu zaion minbiziaren aztarnak agertu izango zirela akaso. Aukera hor zegoen eta espetxetik espetxera ibili izanak bere gaitzak aztertzea ukatu du.
1994an hepatitis C zuela jakin zen eta bi urte geroago, 1996an, pankreatitis agutua izan zuen; Cadizeko Puerto Realeko ospitaleko urgentzi sailean bi aste iragan zuen. Behazun zizkua harriz betea zuela eta kendu egin behar zitzaizkiola esan zioten. Baina alta eman eta Salto del Negrora trasladatu zuten, Kanarietara. Esteban Nietok, ordea, ez zuen nahi Gran Kanarian ebakuntza egitea; kontroleko ekografiak bai egin behar zizkioten, baina egin beharreko atarian Valdemorora eraman zuten epaiketa bat tarteko. Valdemorotik Puerto Iera (Cadiz), berriro Valdemorora eta, azkenik, iazko gabonetan 21 irletatik eta Ceuta eta Melillatik penintsularatu zituztenean, berriro Puerto Iera.
Horrela ibili zuten iaz eta espetxe bakoitzean ekografia hori egiteko denborarik gabe, honen tramitazioak denbora eskatzen baitu. Horrez gain, espetxetik ospitalera joateko eguna beti ezezaguna da presoarentzat. Arrazoia?: «segurtasun neurriak», espetxe munduan eta haien inguruan mugitzen direnentzat gaindiezineko harresi ikustezin bezain arbitrarioa.
Aurtengo urtarrilaren 4an bularrean min sakona zuela eta ospitalera eraman zuten eta endoskopia bat egin behar zuela esan zioten. Bestetik, apirilaren 8rako jarria zuen ekografia ospetsua martxoaren 24ra aurreratu zioten eta orduan agertu ziren irudi tumoralak. Ospitalean ingresatua geratu zen, emaitzen zain. Baina gaitzak itxura oso txarra zuen.
«Larunbatean, 27an, —dio Usoak—
ospitalera bisitan heldu ginenean medikuek argi esan ziguten emaitza ofizialen zain zeudela baina 5 organu hartuak zituela». Diagnostikoa: «Metastasi anizkoitza birikietan, gibelean, glandula suprarrenalean, adenopatia (gongoilak eraginduak dituela), sabelean eta retroperitonean (sabelaren atzekaldea), barea eta area handituta. Ezin da aurkitu zein den minbizi primarioa. Ez du tratamendurik eta bizitzaren iraupena sei hilabetetik beherakoa da». Geroak esango du, baina gorrarra bezain erreala.
Ospitalean ezin zen ezer egin eta alta eman zioten baina Puerto Ien ez zuten nahi horrelako gaixorik espetxean eta, ospitalarekin han gera zedin negoziatu zuten. Lau egun gehiago egin zuen Estebanek ospitalean, gero alta boluntarioa hartu zuen. Espetxean erizaindegira eraman zuten eta han egon da Iñaki de Juanarekin batera askatu duten arte. Hori bai, Auzitegi Nazionaleko Fungairiño fiskalaren ikuspuntuaren aurka, honen ustez presoaren gaitza eta espetxea bateragarriak baitira. Itsaso Idoiaga bere konfiantzazko medikua ere hilaren 6an abiatu zen Cadizera, baina Espetxe Erakundeetako baimen barik —«segurtasun arrazoiak»— nahiz, azkenean, espetxe zaintzarako epaitegiak baimena eman zion. Konfiantzazko mediku baten bisita ukatzen denetik —espetxe arautegiak baimentzen du— presoen osasun eskubidea bortxatzen da. Galdera ugari da airean eta erantzukizunak ere bai
Erantzunak
Erantzunik ez dago.
Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.