Populazioaren eta biztanleria aktiboaren gaineko aurreikuspenak
Etorkizuneko populazioa kalkulatzeko, BBVko txostengileak Estatistika Institutu Nazionalak (EIN) sexu eta adinaren arabera eginiko azterketak erabili ditu, 1991ko erroldako emaitzak kontuan hartuta (1996koa ez dago oraindik eskuragarri). Etorkizuneko populazioaren adin banaketa eta kopurua zehazteko balio duten heriotza, emankortasun eta migrazio tasen gaineko hipotesi batzuk egin dira horretarako.
Lehenik eta behin, bizi itxaropenak gora egiten jarraituko du, azken urteotan bezala; 2020rako gizonezkoen tasa 76 urtekoa izango da eta emakumezkoena 83,7 urtekoa (1994an 73,3 eta 81 urtekoa ziren, hurrenez hurren). Bigarrenik, Espainiako emankortasun tasak hondoa jo eta poliki-poliki gora egingo duela uste da, 2020an % 1,7koa izango delarik. Azkenik, azterturiko epean, etorkin kopurua urteko 35.000 ingurukoa izango dela uste du EIN-k, bestelako iturriek kopuru handiagoak ematen badituzte ere.
Gauzak horrela, EINk 2020 arte egindako aurreikuspenetatik ateratzen diren populazio piramideek populazioa zahartzen ari dela uzten dute agerian, bai 65 urtetik gorakoen hazkundeagatik, bai 24 urtetik beherakoen gutxitzeagatik, ondoko grafikoan ikus daitekeenez.
24 urtetik beherako populazioak 4,6 milioi pertsona galduko ditu ondorengo 30 urteetan (horietatik 2 milioi 14 urtetik beherakoen taldean), 65 urtetik gorakoen kopuruak 2,5 milioi irabaziko dituen bitartean. Joera honek nabarmen handituko du 2020. urtean lan-adinean izango den populazioaren batez besteko adina (41,7 urte, 1990eko 37ekin alderatuz); % 15,5 15-24 urte tartean egongo da (% 25,3 1990ean), % 62,7 25-54 urte tartean (% 58 1990ean) eta % 21,8 55-64 urte bitartean (% 16,7 1990ean). Lan-adinean izango den populazioak goia joko du 2005ean (26,89 milioi) eta ordutik aurrera gutxituz joango da.
Biztanleria aktiboaren joerei dagokienez, 16-24 urte bitarteko taldeak izango duen murrizketa arrazoi demografikoak direla-eta orekatuko da, adin talde garrantzitsuenean, 25-54 urte bitartekoen artean alegia, gorakada izango baita. Data horretatik aurrera ordea, gazteek bere kopuruari eutsiko diote, 25-54 urte bitartekoek galera nabarmenak izango dituzten bitartean, bai aurreko adin taldetik etorritakoen urritasunagatik bai populazioaren zahartze orokorragatik, 55-65 urte bitartekoen artean nabarituko dena, hain zuzen. Etorkinen hazkunde handiak hala ere (90.000 urtean, erdiko aukera hartuz gero), biztanleriaren hazkunde etengabea ahalbidetuko du. Izan ere, EINren aurreikuspena aldatzen ez badugu eta urteroko etorkin kopuru garbia 35.000koa dela pentsatuz gero, jaitsiera txikia jasango luke biztanleria aktiboak 2010tik aurrera
Erantzunak
Erantzunik ez dago.
Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.