Bilbok mundura egin du jauzi
1993an Guggenheim Museoa eraikitzen hasi ziren. Orduan izen arraro samarra zuen eraikina egun mundu osoan Bilboren sinbolo bihurtu da. Guggenheim Bilbao Museoan metalak, harriak eta urak bat egiten dute Euskal Herriaren indar eta tradizio industrialaren oroigarri. 1997ko urriaren 18an ateak ireki zituenetik urtebetera 1.360.000 pertsona hurbildu da Frank O. Gehryren eraikinera, Espainiako bigarren pinakotekarik bisitatuena bihurtu delarik. 24.000 metro koadroko lurraldea besarkatzen du eraikinak eta 300 eserlekuko entzungela eta atrio handia ezezik, jatetxea, kafetegia, liburutegia eta jendearentzako egonlekuak ere baditu.
Bilboko pinakotekak gure garaiko arterik esanguratsuena bildu eta interpretatzeko aukerak eskaintzen ditu. Era berean, arte hezkuntza indarberritzea eta jendearen ezagutza sendotzea ditu helburu. «Guggenheim Museoak eta mende honetako artea» erakusketak zabaldu zuen 97ko urrian Museoko erakusketa egitaraua. Arte moderno eta garaikideko 300 lanetik gora bildu ziren bertan, Guggenheim Bilbao Museoko bildumatik nahiz New York eta Veneziako Guggenheim museotatik jasoak.
1999ko programazio artistikoari dagokionez, aipatzekoa da apirileko bigarren hamabostaldian inauguratuko den Eduardo Txillida eskultore garaikidearen erakusketa. Guggenheim Bilbao Museoak eskultore donostiarraren 200 bat lan aurkeztuko ditu, 1948tik gaur egun artekoak. Obraren hiru atal hartu dira kontuan: pisu handia duten piezei eskainitakoa, alabastroz egindako esperimentuei eskainia eta hirugarrena, paperarekin edo paper gainean egindako adierazpenei eskainia. Txillidaren erakusketa ikusgai izango da apirilaren 20tik abuztuaren 29a arte.
1998ko zenbait datu:
- Inauguratu zenetik 1.360.000 bisitari izan dira. Espainiako bigarren pinakotekarik bisitatuena da Prado Museoaren ondoren.
- Hasierako lau hilabetetan urte baterako aurreikusitako bisitari kopurua gainditu zen.
- Iragan urtean bisitarien % 41 Euskal Herritik etorri zen, % 32 Espainiatik eta % 27 atzerritarrak ziren.
- Gastu gehien egiten duten bisitariak Estatu Batuetakoak dira: 50.000 pezetatik gora pertsona bakoitzeko.
- Museoaren irekiera ekitaldira etorri ziren mila kazetariez gain, komunikabideetako 600 profesionaletik gora hurbildu da museoari buruzko erreportajeak egitera, % 45 Espainiatik eta gainontzekoa atzerritik.
Erantzunak
Erantzunik ez dago.
Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.