Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-07-23 16:45:52
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

1999-04-11 -- 1711.zenb

JOEL
Isabel-Clara Simó
Elkarlanean
176 orrialde
1.300 pta.

Elkarlanean etxeak gazteei zuzentzen dien Branka saila 69. alera iritsi da Isabel-Clara Simó Alacanteko idazlearen liburu honekin. Joel gaztea da Iñaki Ugarteburuk itzuli duen istorioko protagonista eta Joel berak kontatuko dizkio irakurleari berari gertatutakoak: bere hurbilekoen heriotza, gaixotasun luze bati aurre egin beharra, horren ondorioz lagunik gabe geratzea... Gogorra da, beraz, mutil gazteak jasan behar duena eta gogorra, zuzena, indartsua, horren ondorioz, egileak erabiltzen duen estiloa. Gazteei zer pentsatua emango die liburu honek, arazo garrantzitsuak baititu hizpide: sakrifizioaren eta egoismoaren diskurtsoen hipokrisia, norberaren errealizazioa, pertsonen arteko harremanen sintzeridadea...

LORO BAT ERRETOREA- RENTZAT
Gerald Durrell
Ararteko
120 orrialde
1.050 pta.

Moises izeneko loroa, lizunkeriak besterik esaten ez dakiena, apaiz bati oparituko diote. Horixe da Gerard Durrellen «Loro bat erretorearentzat» kontakizunaren abiapuntua. Baina hori izen bereko liburuan jasotzen diren ipuinetako bat besterik ez da, azkena hain zuzen. Lehenago, «Esmeralda» izenburuko ipuinak ematen dio hasiera bildumari eta ondoren «Epaimahaia» dator. Esmeralda trufak oso gustuko dituen zerria da, Frantziako Périgordeko basoetan galdurik dabilena. «Epaimahaia»n berriz, Paraguayko urkatzaile alkoholiko bat da protagonista, bere iraganaz damu dena. Iñaki Mendigurenek, hiru ipuinak itzultzeaz gain, hainbat ohar erantsi die ulermena errazteko

ARENA
Javier Agirre Gandarias
Pamiela
94 orrialde

Gazte denboratan boxeolari profesional moduan aritu bazen ere, Bilbon jaio eta egun Plentzian bizi den Javier Agirre Gandariasek poesiari egin dio toki gerora. «Musica del río», «Soles» edota «Las piedras» dira orain arte argitaratutako bildumetako batzuk. Azken bildumak, Pamiela etxearen eskutik kaleratutakoak, «Arena» du izenburu. Poltsa batetik hasi eta zuhaitz bateraino, liburutik etxeraino, hainbat objetu, animali eta kontzeptu du hizpide Agirrek bere olerkietan: loa, harria, txakurra, irribarrea, hostoa, aterkia, udaberria... Gainera, olerkiok Jose Luis Zumeta usurbildar margolariaren irudiak dituzte lagungarri, azalean zein barruan

TXINKA
Sü Azia
8 orrialde
Urteko 60 l.

Zuberoan euskara eta euskal kultura sustatzea xede duen Sü Azia elkarteak «Txinka» aldizkaria sortu eta lehen zenbakia kalean jarri berri du. Irakurleei ongi-etorria ematen dien sarrera testuaren ondoren, «Eüskara eta Eüskal Herria» izeneko artikulua da irakurgai. 1901.ean idatziriko testua da berau eta, hala ere, gaurkotasun handikoa, garai horretan frantses administrazioak euskarari jartzen zizkion oztopoak baititu hizpide. Horrez gain, gramatikaren atala, Eskiula herriari buruzko erreportajea, denborapasak... ere topa daitezke zubereraz idatzia dagoen —eta ulermena errazteko hiztegi bat ere eransten duen— hiruhilabetekari honetan

EUSKERAZAINTZA
Euskerazaintza
190 orrialde

Hogeita hamar urte bete dira Arantzazun euskararen batasunari buruzko batzarrea ospatu zenetik. Baina han abiatu zen bideari zenbaitek uko egin zion eta Euskerazaintza elkartea sortu, batuak lapurtera zaharra oinarri hartu eta gipuzkera eta bizkaiera baztertzen zituela argudiatuz. Elkarte honek izenburu bereko aldizkaria kaleratzen du eta urtemuga hau euren «Liburu Gorria» kaleratzeko probetxatu dute. Euskaltzaindia zein Euskerazaintzaren sorrera prozesuak azaltzen dira lehenik, ondoren euskararen batasuna eta euskalkien inguruko eztabaidan sakontzeko: beharrezkoa al da batua? Hala izanik, nola egin beharko litzateke? Gaiaren inguruko artikulu berriak jaso eta lehenago argitaratutakoak berreskuratu dira

A LA ORILLA DEL TIEMPO
Luigi Anselmi
Pamiela
59 orrialde

Pamielako La sirena poesia bilduman argitaratu berri den «A la orilla del tiempo» hau ez da argitaletxe honek Luigi Anselmiren lanekin kaleratutako lehen liburua. Euskaraz zein gazteleraz hainbat lan du Anselmik kalean: «Zoo ilogikoa», «Cuando arde el agua»... Itzulpen lanetan ere jarduna da; hor dira G. Büchneren «Woyzeck-en kondaira», edota J. S. La Fanuren «Maizter misteriotsua». Poema sorta berri hau hogeitik gora alez dago osatua, laburrak batzuk, luzeagoak besteak. Sail honetan ohikoa denez, olerkiok irudiz datoz lagundurik. Oraingoan J. E. Urrutia Kapo izan da egilea

KLUB SKA
Skalariak
Gor

Iruñeko ska seikoteak argitara eman duen bigarren diskoa dugu hau. Juantxo Skalari da ahots nagusia eta hitzen egilea, Peio Skalari bateria, Javier Etxeberria gitarra, Luisillo Kalandraka baxua, Mario Memola saxoa eta, azkenik, Hiart Leitza teklista. Hauek, dena den, hainbat musikariren laguntza izan dute Sonido XXI estudioetan buruturiko grabaketa luzean, haize tresnei dagokienean bereziki. Enrique Ruiz tronbioan aritu da, Julen Trepi eta Sergio de Andres tronpetan eta Marino «Mod» aho-soinuan. Gainera, Edor Zubeldiaren eskusoinua eta Javier Etxeberriaren bandurria ere izan dituzte lagun, besteak beste.
«Sarrera II» hainbat hizkuntzetan emaniko taldearen aurkezpenak zabaltzen du 14 kantuz osaturiko disko hau. Ondoren datoz «Puto alkohol» ska indartsua, soul ukituko «Segi, segi, segi», «Huyes» skinhead reggae-a, «Neska reggae» lasaia, runba latino kutsuko «Maldita tu suerte» eta beste hainbat. Lana ixteko diskoari izenburua ematen dion «Klub Ska» instrumentala hautatu dute.
Hitzek, euskarazkoak batzuk, gaztelerazkoak besteak, hainbat gai jorratzen dute: arrazakeriaren aurka mintzo da abesti batean taldea, beste batean naturaz, Euskal Herriaren egoera ere jorratzen dute... eta ska, reggae, Jamaika hitzak ere entzun daitezke hainbat kantutan, entzuleari festa eta dantzarako gonbitea luzatuz, «Klub Ska» imaginarioan sartzeko gonbitea

hemeroteka

1710. zenbakia | 1999-04-04
1709. zenbakia | 1999-03-28
1708. zenbakia | 1999-03-21
1707. zenbakia | 1999-03-14
1706. zenbakia | 1999-03-07

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan