Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-07-02 15:11:57
Udako Euskal Unibertsitateko web gunera lotura
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

1999-04-11 -- 1711.zenb

Beñat Doxandabaratz

Zarata atera gabe ekin zioten bideari; apal apal. Eguerdi partean hasieran, gaueko 11etan gero. Zeharo berandu zela ikusita, azken aldian «Gaur Egun»aren ondotik finkatu dute. Ordutegi horretan saioak zeinen erraz sortu eta kentzen diren jakinda, emeki-emeki saioa sendotzen joan da;

«Gure sekretua horretan datza, espektatibarik gabe sortu izanagatik egiten utzi digute
» —azaltzen digu Elixabete Garmendia saioko zuzendariak—

Gure abantaila zapaltzen dugun eremua nahikoa ongi ezagutzea da; eta horrek ziurtasun handia ematen digu jokua zerk ematen ahal digun jakiteko».
Ikusleekin dexenteko harremana lortu dute, Andoniri darion hurbiltasunaz aparte, erreportaje landuak direlakotz.

«Nolanahi ere, zuzeneko ezagutza da gurea, badakigu zein publiko daukagun, eta entusiasmo ukitu hori ez da gezurra, erreportarien jakinmina benetakoa da»
gehitzen du.


ETORRI OHOLTZARA.

Egun, laugarren denboraldiaren erdian daudelarik, eta 40 minutuko iraupenari eutsiz, zenbait berrikuntza sartuko dute, itxuraldaketa baino osagarri gisa hartu daitezkeenak. Nahiz eta orain arteko txokoa bere horretan mantendu, gune berria zabalduko da, kafe antzokiaren tankerako oholtza, «people show» gisakoa bihurtu nahian. Bertan, emanaldi artistikoak ez ezik, mota guztietako erakustaldi eta aurkezpenak ere eginen dira. Elixabeten esanetan,

«oso leku funtzional eta balioanizduna da; izan ere, gu trastezaleak garenez, denetarik sartuko dugu; alegia, poetak, antzezleak, piraguista bat bere piraguarekin, eta abar»
.


IKA-MIKA GEHIAGO.

Bestalde, solasaldiak molde «liskartsuagoa» hartuko du. Binaka etorriko diren pertsonaia ezagunak izango dira, kirol, kultura eta farandula mundukoak, elkarri mokoka aritu gabe ere iritzi kontrajarriak emango dituztenak. Halaber, egunean eguneko martxa, asteburu oparoak barne, hurbilagotik jarraitu ahal izanen da, hiru erreportari gehiago arituko baitira bazterrak harrotzen. Orain arte ENG (kamera mugikorra) bakarrik bidaltzen bazen ere, orain kazetaria joango da erreportajea taxutzera.

«Aisialdiko ekintza ugarien berri emango dugu. Demagun mundu guztia aztoratua dabilela gasolinaren prezioa igo egin dutelako, ba horri helduko dio kazetariak. Edota maiatzeko jaunartze eta ezkontzak direla, kontuan hartuta larunbat arratsalde batean zenbat ezkonberri egoten diren argazkiak ateratzen, ba haiengana hurbilduko da»
.


BIZKAIERATZEN.

Zuzenean bailitzan egiten da programa, «denbora errealean», alegia; nahiz eta arratsaldeko 6etan grabatu, zuzenean ikusten ari garela dirudi. Hain zuzen, toki berean egindako erreportajeak dira; hau da, ez dago ondorengo testurik sartu beharrik irudiak hornitzeko. Beraz, zuzeneko estilo horri atxikiz, aro berri honetan erreportaje gehiago sartuko dituzte, elkarrizketek baino hobeki funtzionatzen baitute nonbait. Ildo horretan, orain arte saioko itzalgune izan den Bizkaia puntatik puntara agertaraziko da.

«Lantaldeko gehienak gipuzkoar edo nafarrak ginenez, Bizkaiko gaiei ez genien merezi bezalako arreta ipintzen. Orain berriz, lantaldea orekatu eta horri esker Bizkaia beste eskualdeak adina izango dugu mintza eta ikusgai».

EZAGUNEN GALERIA.

Berrikuntza modura, Euskal Herriko jende ospetsuaren galeria osatuko da, haien alderdi ezkutua azalduz. Garmendiaren irudiko,

«gero eta jende ezagun gehiago dago euskaraz mintzo dena. Lehen euskaldun ospetsu bakarrak bertsolari eta Euskaltzaindiakoak ziren. Orain zorionez, ezagunak askoz anitzagoak dira, gizartearen arlo guztietan nonahi ditugu aukeran»
Aurpegi publikoa eta bizitza pribatua uztartuko dira txoko honetan. Txutxumutxurik gabe, baina bai jakinmina piztuz; esaterako, Josu Jon Imaz EAJ-ko bozeramalea arrautza frijituak egiten ikustea, eta abar. Halaz ere, saiakera berezia egingo dute gehienbat emakume ezagunak ager daitezen,

«kristalezko sabaiak oraindik hor dirauelako»
. Galeria hori osatzearen ardura Nerea Iriarteren esku egongo da. Halaxe, estudiora Iñaki Leturia eta Kristina Urrutia ohiko kazetariak baino maizago jaitsiko da baina aurkezle izan gabe.


INTERNETEN IRRISTATZEN.

Aipatu kontuez gain, beste hiru txoko berezi izango ditugu; hala nola: zinema estreinaldien errepasoa irudiz hornitua, lehiaketa berritua eta Internetari eskainiko dioten tartea;

«Kurtso hasieran posta elektroniko bat jarri genuen, ea zer gertatzen zen, baina garrantzirik eman gabe. Hara non orain mezuak purrustaka iristen zaizkigun»
. Hori ikusita, zerbitzu modura eta aditua izan gabe, Oihana Elortzak Internet miatuko du aipagarri den zernahi atzemateko.


TITIRITERO IZAERA.

Haize freskoa ematearren edo, Donostiako Aquarium eta Durangoko azokatik egin izan dute saioa; berriki Arantzatik eman dute, bertan euskararekiko dagoen jarreragatik. Emisioa gauzatu ahal izateko ia hogei teknikari aritzen badira ere, merezi du, saio askoz epelagoa ateratzen delako.

«Esperientzia polita da, jendeari ilusioa egiten dio, eta ez diogunez txalorik eskatzen, somatzen den giroa bene-benetakoa da
». Titiritero fazeta horrekin jarraiki, kurtso honetan beste bisita batzuk aginduta dauzkate.


IKUILU ETA HIRIAN EROSO.

Gauza franko leporatu izan dizkiete. Onak bistan dira; txarrak ere ez dira falta. «Agrogeriatriko» deitu izan diote saioari. Garmendiak erdizka onartzen du hori: «

Egia da baserri girotik abiatu ginela. Alde batetik, izadia eta ohiturak biziki maite ditugu, etnografia, azken finean. Hasiera batean asko egin genuen horretatik, bai, harrera ona jasoz ordea. Bestetik, hizkuntzak dexente mugatzen gintuen
». Denboraren poderioz ordea, euskara hirian gero eta erosoago dagoela nabaritu dute. Kontuak kontu, hirian barrena behiak jezten bezain aise mugitzen dira,

«orain lotsagabetu egin gara zentzu onean»
diosku Elixabetek.


AKABO ILUNALDIA.

Horren haritik, hemengo egoera kinka hitsetan zegoela, zuriegi jokatu izana egotzi izan zaie. Azken hilabeteotan bizi dugun giroak aldiz, gauzak onera aldarazi ditu. Halaxe, saioak ere horren ispilu izan nahi luke, alderdi alaiak nahiz serioagoak tartekatuz, beti ere ezeren aurrean makurrarazi gabe.

«Garai batean gatazka oso gaiztotua zegoela, nahita saiatzen ginen euskal munduan egon zitezkeen gai «zuriak» plazaratzen, nolabait arantzatik ihesi. Orain, gauzak pixka bat baretu direla, lehen ukitzen ez genituen gizarte eta politika arloei ere lotu gatzaizkie. Distentsio hori lagun dugula, ikusmira zabalagoa ematen ari gara
»

Zaloa Mendez

Eraldaketa politikoek, sozialek eta ekonomikoek gogor astindu zuten Bilbo Metropolitanoa iragan hamarkadan. Industria tradizionalaren gainbeherak krisian murgildu zituen Bizkaiko hiria eta inguruneak. Krisialdia atzean utzi eta hiriari beste norabide bat ematea erabaki zuten agintariek 80ko hamarkadaren amaieran eta 90ekoaren hasieran. Egitasmo horren fruitua Bilbo Metropolitanoa Suspertzeko Plangintza Estrategikoa izan zen. Plangintza honek Bilbo metropoli modernoa bihurtzea zuen helburu, Europakoen artean lehen maila eskuratzeko. Horretarako, ekonomia ezezik, Bilboko ingurugiroa, hiria bera eta kultura arloak garatu behar zituen aipatu Plangintza Estrategikoak.
Bilboren geroa eraikitzeko egin zen plangintzaren proiektu gehienak gaur egun errealitate bihurtzen ari dira. Guggenheim Museoa da eraikin garrantzitsuena. Bilbo berriaren sinbolo bilakatu da eta hiriaren izena lau haizetara zabaldu du. Museotik metro batzuetara Euskalduna Jauregia altxatzen da, Bilboko ekonomiaren oinarrietakoa izandako untzigintzaren oroigarri.
Bilbo eta oro har, Bizkaiarekin zeharo loturik ezagutu dugun portua handitu egin dute. Aireportuak hiri berriarekin bat egiten duen Terminal Zentro berria izango du eta ezin ahaztu Metroa. Datorren mendearen hasieran ibaiaren bi aldeak lotuko ditu lurrazpiko trenak. Zamudioko Teknologi Elkartegia euskal eta Espainiako ekonomiaren erreferente bihurtu da. Iaz bertoko enpresek 58.000 milioi pezeta fakturatu zuten.
Bizitza kalitatea hobetzea zuen Plangintza Estrategikoak helburu. Eman beharreko urratsetako bat Bilbori bizia ematen dion Nerbioi ibaia garbitzea zen. 1979an Uren Saneamendu Plana onartu zenetik neurriak hartu dira; araztegiak egitea, kasu.
Proiektu hauek guztiek milaka milioi behar dituzte; batzuen ustez, dirutza izugarria obra faraonikoak besterik ez direnak egiteko, beste batzuen iritziz berriz, Bilbok mende berrirako prest egon nahi badu derrigorrez gastatu beharreko kopurua. Iritziak iritzi, lanak aurrera doaz eta XXI. mendeko Bilbo hurbilago dago

Zaloa Mendez

Euskaldunako azken untzia deitu diote askok jauregiari, izan ere, untzi itxura dauka duela hamarkada bat arte Euskalduna untziola zegoen lur eremuan eraikitako Biltzar eta Musika Jauregiak.
80ko hamarkadaren amaieran eta 90ekoaren hasieran landu zen Bilbo Metropolitanoa Suspertzeko Plangintza Estrategikoak Euskalduna Jauregia aurreikusten zuen, hiriko kultura indarberritzeko. Beraz, kultur eskaria suspertu eta kultur industria bultzatzeko xedez eraiki dute Bilboko Biltzar eta Musika Jauregia. Plangintzan jasotzen denez, kultur merkatu dinamiko batek Bilbo arte eta kongresuen gune garrantzitsu bihurtuko luke.
1994ko ekainaren 20an Jauregiaren lehen harria jarri zuten Bizkaiko agintariek, eta joan den otsailaren 19an izan zen inaugurazioa. Federico Soriano eta Dolores Palacios arkitektoek egindako lana da. 50.000 metro karratutik gorako azalera dauka eta 53 metroko garaiera.
Kanpotik begiratuta bi zati ezberdin antzeman daitezke: ibaitik ikusita, burdinez estalitako eraikina eta hiriaren erdialdetik begiratuta berriz, bulegoak aterpetzen dituen eraikina.
Barrualdea bost solairu nagusik eta eskailerek lotzen dituzten hainbat solairu ertainek osatzen dute. Aretorik handiena, itxura modernoa duen 2.200 lagunentzako auditorioa da, eszena-ekipamedu oso garrantzitsua eta opera-muntaia ikusgarrienak ere egiteko aukera eskaintzen duena, izan ere, agertokiak 2.000 metro karratuko azalera dauka. Areto erraldoi honek zuntz optikozko argiztapena dauka, eta hormak, sabaia eta zorua zurezkoak dira.
Auditorioaz gain, tamaina ezberdineko hamabost areto, eginkizun askotako erakusketa gunea, bulegoak, jatetxe bi, kafetegiak eta 500 ibilgailuentzako aparkalekua ditu Euskalduna Jauregiak. Aipatu aretoek erabilera ugari dituzte: hitzaldientzako, lan-bilerak egiteko edo prentsaurrekoak emateko, besteak beste. Bilboko Orkestra Sinfonikoak Ledesma kalean zituen bulegoak utzi eta Euskaldunan izango du behin-betiko egoitza.
Bizkaiko Foru Aldundiak finantzatu ezezik, jauregia ustiatu du. Zeregin horretan Eusko Jaurlaritza eta Europako Batasunaren laguntza jaso du. 12.600 milioi pezetako aurrekontua du Euskalduna Jauregiak, Gasteizek 1.150 milioi eman ditu eta Brusselatik berriz, 1.100 bideratu dira.


Laugarren urterako aurreikusitakoa lortu da

Euskalduna Jauregiak dagoeneko kontzertu eta kongresu ugari hitzartuta ditu 1999ko ekitaldirako, gestio planak aurreikusitakoa aise gaindituz. Biltzar eta kongresuei dagokienez, aurten 37 kongresu egingo dira eta hauetarik bik 1.000 lagun inguru izango dituzte. Bestalde, sei asanblada, bederatzi konbentzio, hamaika mintegi, hamasei ekitaldi sozial eta erakusketa bat kontrataturik ditu Euskalduna Jauregiak. Orotara, jauregiak kongresu eta biltzarren atalean 80 ekitaldi hitzartuta ditu.
Musikaren arloan, aurtengo ekitaldirako 35 emanaldi hitzartuta dituzte Jauregiko arduradunek: OLBEk hamabi opera emanaldi eskainiko ditu eta BOSek kontzertu kopuru berbera, Euskadiko Orkestra Sinfonikoak sei emanaldi eta bestelako ekitaldi bi.
Datu hauekin arduradunak pozik daude, bederatzi hilabetetan laugarren urterako aurreikusitakoa lortu dutelako. Aurtengo ekitaldirako, dagoeneko, aktibitate egunen % 75 beteta dago.
Inaugurazioa otsailean izan bazen ere, datorren hilerarte ez da erabat martxan izango Euskalduna Jauregia. Agertokia apirilaren 30ean estreinatuko da, San Petersburgoko Kirov Teatroak eskainiko duen Kovanshchina operarekin

Zaloa Mendez

buruan. Baina bilbotarren eta bizkaitar askoren oinpean ikusten ez den lan galanta burutzen ari da: 170 Km-ko kolektore-sarea eraikitzen ari dira ur zikinak araztegietara garraiatzeko.
guztia irakurri

Zaloa Mendez

Bilboko Portua duela 700 urte sortu zen eta betidanik Bizkaiko herri eta industriaren bizkarrezurra izan da. Egun, Espainiako portuen artean bigarrena eta Europako garrantzitsuenetarikoa dugu. Iaz, esate baterako, merkantzien trafikoa % 18 igo zen eta bertatik igaro ziren tonen kopurua 26'4 milioikoa izan zen.
Hala eta guztiz ere, arazo larri bat izan du beti: zoru falta. Ibaiaren bi aldeak industriaz eta etxebizitzez gainezka daude eta hori dela eta, portuak itsasoari, mendeetan zehar, tokia kendu behar izan dio. Horrez gain, portua estua zen eta 14 eta 32 metroko sarrerak zituen, baina ez zituen ordea, edukinontzi handiek behar izaten dituzten 20-25 metrotako sarrerak.
Hori guztia dela-eta, duela zortzi urte, Bilboko Portuko Agintaritzak Kanpoaldeko Abran Portuko zabalpenaren lehenengo faseari ekin zion. Lanak iragan urteko abenduan bukatu ziren eta portuak orain, bost kilometro karratu ur babesten dituen dartsena berria du. Horretarako, 3.150 metroko dike bat eta 1.400 metroko kontradike bat eraiki dituzte.
Dartsenaren barnealdean, 850 metroko luzera eta 21 metroko sarrera dituen kaia egin dute. Lan hauek guztiak egiteko, itsasoari kilometro t`erdiko ur-zatia kendu diote. Handitze lanek 40.000 milioi pezeta inguruko kostua izan dute. Gastu gehienak Bilboko Portualdeko Agintaritzak bere gain hartu ditu baina Inbertsioetarako Banku Europarrak eta Feder-ek 7.000 eta 6.000 milioi pezeta eman dituzte, hurrenez hurren.


Merkantzientzako tren geltoki berria portuan

Portuak egun duen espazioen ustiapenari esker, zenbait portu-zerbitzu handitu eta birrordenatu egingo dira eta orain arte sartzerik ez zuten itsasontzi handiak Bilbora iritsi ahal izango dira.
Kai berriak dituen neurriei esker, kontenedoreen terminal zerbitzua jarriko dute edukinontzientzat. Bestalde, kotxeen edo solteko elikagaien trafikoei erantzuteko ere tokiak egokituko dira. Trafiko mota hau orain arte urria izan da Bilbo Portuan, lehen aipatu dugun arrazoi nagusiarengatik, hau da, gainazalera faltagatik.
Kanpoaldeko Abran burutzeke dauden proiektuen artean Merkantzia Tren Geltoki berria egitearena dago. Lan honek Portuaren intermodalitatea eta lurgaineko sarrerak hobetzea du helburu, itsas eta tren-merkantzien elkartrukaketak hobetu egingo dituelarik. Tren geltokiak, halaber, kontenedoreak gordetzeko tokia eta trena beraren mantenurako gela bat izango ditu. Hau guztia eraikin zentral batek kontrolatuko du.
Tren Geltokia egiteko hiru urte beharko direla aurreikusi da eta 5.000 milioi pezetako inbertsioa egin beharko da.


Hemendik urtebetera beste bi kai egingo dituzte

Dagoeneko, beraz, Bilboko Portua datorren menderako prestatzen ari da. Orain arte egindako lanak handiak izan dira, 400 langile inguru aritu da portuaren handitze lanetan. Alabaina, Portua are handiagoa izango da. Babesturiko dartsena horren barruan bi kai egiten ari dira: Bigarrena eta Hirugarrena. Bigarrenak 250.000 metro karratuko gainazalera izango du eta Hirugarrenak 200.000 metro karratu. Azken kai honetarako, proiektu industrialak aurreikusita daude. Lan hauek urtebeteren buruan bukatuta egongo dira Bilboko Portuko Agintaritzako arduradunen hitzen arabera. Biak egiteko 4.000 milioi pezeta behar izango dira.
Azken batean Bilboko Portuko zabalpenaren lanak, errepide, aireportu, trenbide eta telekomunikazioekin batera, garraio-azpiegituraren sistema berrien barruan kokatu eta ulertu behar dira. Etorkizunean, Portuko arduradunek eskainitako datuen arabera, Bizkaiak egungoa baino hiru aldiz handiagoa izango den portua edukiko du, modernoa eta erabat konpetitiboa. Inoiz sartzerik izan ez duten untziak iritsiko dira, itsasoari kilometro t'erdi kendu eta gero

Zaloa Mendez

Sondikan dagoen Bilboko aireportua eraberritu barik egon da 1982tik. Txikia geratu zelakoan, duela hiru urte aireportu zerbitzu berriak izango zituen proiektua martxan jarri zuten. Aipatu proiektuak Terminal Zentroa eta 41 metroko Kontrol dorre berriak ezezik, hegazkinen aparkaleku eta hegaldietarako pista handitzea aurreikusten zuen.
Honen guztiaren helburuak ondokoak dira: egun dauden hegaldi-lineak sendotu, hegaldi berriak eskaini eta aireportutik ateratzerik ez zuten hegazkin handientzako pista egokitu.
Azken xede honi dagokionez, Bilboko Aireportuko zuzendari Segismundo Lopezek azaltzen duenez, hegaldi transozeanikoak egiten dituzten hegazkinak Sondikan lurreratu daitezke baina ez aireratu. Pistaren luzerak hegazkinaren pisua baldintzatzen du eta beraz bidaia oso luzeak egiten dituzten abioiek erregai asko behar dute eta aire hartu ahal izateko oso pista luzea. Pistari 500 metro gehituta arazo hau konponduko da.
Aireportuko lanak 2000ko lehen hiruhilekoan bukatuko dituzte. 34.000 milioi pezetako inbertsioa egin da eta kostu osoa AENAk, Espainiako aireportuak biltzen dituen erakundeak, bere gain hartu du. Iaz 5.000 milioi pezetako etekinak izan zituen erakunde honek.
Arduradunek Terminal Zentro berriari itxura erakargarria eta bitxia eman nahi izan diote. Hormigoi zuriz eginiko eraikina da eta argitasun handia dauka. Goitik ikusita, uso baten eskeletoaren egitura antzeman daiteke. Santiago Calatravak diseinatu du AENAko arkitektoen gomendioekin. Terminal Zentro berriak irteten eta sartzen diren bidaiariak ez nahastea du helburu.
Bilboko Aireportuko zuzendariak ezinbestekotzat jotzen zuen Terminalak itxura hori izatea, izan ere, erbestetik datorren jendearentzat aireportua da lehendabiziko sarrera. Guggenheim ikustera datorren bisitariarentzat, lehendabiziko sarrera ez da museoaren beraren sarrera, aireportuarena baizik.
Barnealdea hiru solairuk osatzen dute: goikoa irteerei dagokiena da, hegazkina noiz atera zain dauden bidaiarientzat egokitua. Solairu honek 36 fakturazio mostradore, kafetegia eta jantokia ditu eta baita gune komertzial bat ere. Behekoa, sarrera solairua izango da eta honek ekipajea garraiatzeko zortzi zinta izango ditu.


3.000.000 bidaiariko kopurua helburu

Azken sei urteotan Bilboko aireportuko trafikoa % 11 hazi da batez beste urtero. Egun, 2.000.000 bidaiari ditu urtero eta duela sei berriz, 1.000.000. Zuzendariak argi dauka hemendik hiru urtera bidaiarien kopurua hiru milioikoa izango dela eskaintza hobea izango delako eta helburu ezberdinak eskaintzen dituzten konpainia berriak sortzen ari direlako. Dagoeneko Ameriketako zenbait konpainia harremanetan jarri dira aireportuko arduradunekin New York-Bilbo linea berriak ezartzeko. Dudarik gabe, hau Guggenheim efektuaren ondorioa da. Hala ere, pista handitu arte, ezin dute zerbitzu hau eskaini, baina prest dagoenean museoa bisitatzeko zenbait hegaldi jarriko dute astean zehar.
Bilboko aireportuan hegaldien eskaintza hobea izango delakoan, zuzendariak inguruko komunitateetako, Errioxa eta Kantabriako bidaiariak Sondikara hurbilduko direla uste du, nazioarteko hegaldiak bertatik ateratzen direlako eta gainera Bartzelona eta Madrilera bidaiatzeko hegaldi-frekuentziak altuagoak direlako. Bilboko Aireportuak beraz, 4.000.000 biztanle ingururen aire trafikoa bilduko du. Santander edo Gasteizkoak oso trafiko puntuala izango duten aireportuak izango dira

Zaloa Mendez

Abandoko Geltoki Intermodalean, Bilbon biltzen diren garraiobide guztiek egingo dute bat: bidaia luzeko autobusek, trenek, aldirikoek, abiadura handiko trenek eta hiri autobusek.
guztia irakurri

Zaloa Mendez

Iaz, 49 milioi bidaiari inguru izan zituen. Bigarren lineak San Inazio eta Sestaolotuko ditu eta 2006. urtean bukaturik egongo da.
guztia irakurri

Zaloa Mendez

Egun 84 enpresa daude bertan, iaz 58.000 milioi pezeta fakturatu zituztenak.
guztia irakurri

Beñat Doxandabaratz

Kutsu klasikoa du filmak; Disneyren moduko abiapuntua, gaiztoen eta onen arteko lehia, alegia. Groomo zientzialari zitalak helburu makurra dauka: tramankulu batez giroa kutsatu jendearen nahia ametsen bidez gobernatzeko. Nina neskatila panpoxa eta bere lagunak Groomoren amarrua geldiarazten ahaleginduko dira. Alde horretatik, ezer berririk ez. Erabili duten animazioa aldiz, ez da batere arrunta, goitik behera ordenadorez egina baita, 3Dn, gainera.


ESTREINATZEKO IRRIKIZ.

Luzatzen ari zaie estreinaldi eguna; martxa honetan uda aldera estreinatu beharko dute, soinua, musika eta bikoizketa egiteak prozesua luzarazi baitu. Alabaina, hainbat zinemalditara igorri dute filma, harrera ona jasoz.

«Ikusi duten adituen esanetan kalitatezko lana da, mugimendu irudipen berezia daukana»
argitzen digu Angel Alonso zuzendariak. Halaber, zenbait banaketa etxe indartsu dute noiz estreinatuko zain, Buenavista eta Polygram, hain zuzen ere. Baina merkatu Iparramerikarra arras zaila da, are gehiago filmeko gaiztoak puroak erretzen dituela kontuan hartuta. Disneyren filmeetan gaiztoek erretzen dute, ba!
Eusko Jaurlaritzak eta produktora batek emandako dirulaguntzatik, orora 130 milioi pezeta inguruko aurrekontua ukan dute. Filma amaitu arte ordea, ez dute dirurik berreskuratu.


BI LAGUNEN EKIMENA.

Ricardo Ramon ekoizlea diseinu grafikotik dator eta Angel Alonso zuzendaria berriz, komikitik. Ordenadore bidezko animazioan murgildu aurretik, bide klasikoa jarraitu dute. Lehenengoak izan dira Euskal Herrian animazio zerbitzuak atzerriko enpresentzat egiten, Ingalaterra, Frantzia, Italia edo Estatu Batuetan, kasu. Telebistarako 50 saio eta 8 filmetan esku hartu dute, marrazki bizidun tradizionalekoak denak. Angelek dioskunez

«Juanba Berasategirekin hasi ginen `Ipar haizearen erronkan' filmaren bi zatitan; baita seriean ere. Gero, gure kasa joatea erabaki genuen, bide berriak urratzeko».
Esan eta izan; Dibulitoon estudioaren barruan bi azpisail baitaude egun, eskuz egindako marrazkiak lantzen dituen saila batetik, (jende gehien daukan saila da hau) eta bestetik informatika saila. Egun hamabi lagun inguru aritzen da bertan lanean, bere kabuz ikasitako jende mordoska, Donostia, Bilbo, Gasteiz eta Iruñekoa.


SORMENA LEHENBIZI.

«Lapurren ametsa» osorik ordenadorez egina izan arren, abiapuntua eskuz egindako marrazkia izan da. Hain juxtu, Ricardo eta Angelek hasieratik garbi eduki dute ez zituztela informatikariak nahi, animatzaile trebatuak baizik. Teknika eta giza elementuek bat egin arte, ez zioten hiru urte iraun duen erronkari heldu nahi. Marrazki tradizionalean kolore lauak eta marra erabiltzen diren bitartean, 3Dn, plastilina edo gomazko tankera hartzen dute. Bisualki aldea oso nabaria den arren, animazio prozesua eskuz egiten dute,

«mugimendua aktore bati jarritako sensore batzuen bidez lortzen dugu, gero zuzenean ordenadorera pasatzeko».
3Dn orain arte ez zen aukerarik oihal edo ileen mugimendua kateatzeko, orain berriz bai,

«horretatik zertxobait sartu dugu baina ez sobera, garestia baita oso»
. Beste teknika ikusgarriak erabili dituzte, hala Metaballs delakoak molde organikoak egiteko nola buztinez egindako aurpegiak eskaneatuta.


ANIMATZAILEEN TABUA.

Animatzaileen artean ahopean bezala erabiltzen da infografia hitza, zerbait madarikatua bailitzan; Alonso ez dator bat,

«guretzat ordenadorea tresna bat baino ez da. Gauzak errazteaz gain, normalki egin ez ditzakezun efektuak sortzen ditu ordenadoreak. Esaterako, panpin batek hegan egitea, materialak ez diren gauzak itxuraldatzea
». Bestalde, 3Dko betiko moldetik atera nahi izan dute. Angelek dioskunez

«guri ez zaizkigu robotak eta espaziontziak gustatzen. Emaitza mamitsuagoa lortu nahi dugu, berezko estiloa duena. Infografiako hainbat lanetan errealismo handiko marrazkiak egiten dituzte, benetako gizakiak bailiran, Ba, hori ez da gure erreferentzia»
. Zentzu horretan, Tim Burtonen «Eguberri aurreko amesgaiztoa» da haien eredua. Nahiz eta ordenadore efektu franko sartu, gomazko panpintxoekin filmatua da Stop Motion erabiliz, hau da, fotogramaz fotograma. «James eta muxika erraldoia» hurrengo filman askoz gehiago erabili zuten. «

Azken batean, panpinak berez ez dira malguak, barrutik egitura mekanikoak baitituzte. Ordenadore bidez ostera, zanpatu eta nahi adina estutu ditzakezu
» gehitzen du Alonsok.


BERRITU ALA HIL.

Ziztu bizian aldatzen dira programak; kea, sua, ileak, oihalak sartzeko kalkulu handiak behar ditu egin ordenadoreak. Berriena atera ahala, erosi egiten dute Dibulitoonekoek. Render delakoa hobea omen da nonbait, itxura eta ñabardurak ematen baititu. Horren haritik, arrisku bizia dago teknologiak sormena baldintzatzeko.

«Teknologiak jan ez gaitzan, besteengandik bereizi beharra dago; ordenadorez egindako marrazki film gehienak teknikari informatikoek sortu eta gauzatzen baitituzte. Halako hoztasuna darie, alderdi artisitikoa ez dutelako».

DISNEYREN SEKRETUA.

Arestian Tim Burton goraipatu ondoren, «besteez» mintzo zaigu Alonso:

«John Lasiteren `Toy Story'ko animazioa biziki ona zen baina ez zitzaidan gustatu. `Zomorroak' hobea da»
.
Dreamworksen «Egiptoko printzea» filmaz ere halako bi errebelazio egiten dizkigu: batetik, Oskar Urretabizkaia animaziogile errenteriarra Spielbergen konfidantzazko lau gizonen artean dagoela. Bestetik ordenadorez egindako marrazkiak zirela filmeko gehienak, eskuz egindakoak ziruditen arren.

«Zaila da benetan aldea igartzea, baina ikusten zen jendetza guztia ordenadorez egina zen. Hori bederen oso ongi egin dute».
Hala eta guztiz ere, Spielbergen konpainiak jai omen dauka, Disneyk publizitatean produkzioan bezainbat xahutzen baitu sosa.

«Beste hainbeste gertatuko zaio `Anastasia' filma egin zuen Don Bluth animatzaileari; ez du ez indarra ez adimena eduki Disneyri aurre egiteko. Orain Disneyren `Tarzan' dator, promozioan halako dirutza gastatzean, horrek ikusmin izugarria pizten du. Gero, noski, estreinatzen delarik, ez dago itzalik egingo dionik».

FILM BERRIA PRESTATZEN.

Irudi errealeko filmetan ez bezala, Dibulitoonen ez dute marrazkia gidoira egokitzen. Ideia orokorra egin eta ardatzak taxuturik, gidoilari bati ematen diote istorioa harilkatu dezan.

«Irudi errealean extrak sartzen ahal dituzu, animazioan berriz, dena mugitu egin behar denez, oso zehatza behar duzu izan planoak kateatzeko».
Proiektu berria ere bideratua dute. Aurrekoizpena jadanik prest dagoela, udapartean ekinen diote animazio lanari. Urtebete edo beharko dute burutzeko. Baikor azaltzen zaigu Angel,

«bigarren honetan emaitza askoz hobea izango da, eskarmentu handiagoa dugulako»
. Tolkien-en «Eraztunen jauna» moduko filma izango da, sorginkeria, aztiak, ingumak, elfoak, ezpatak eta borroka lazgarriak irudikatuko dituena

hemeroteka

1710. zenbakia | 1999-04-04
1709. zenbakia | 1999-03-28

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan