Sintesi drogak, kamikazeak eta Vietnamgo soldaduak.
Sintesi drogen inguruan legedia nola dagoen azaldu dugu. Legea atzetik dabilela esan dugu eta zaila dela droga egilea edo saltzailea, hasieran bederen, harrapatzea. Sintesi drogen eta legearen arteko harreman hori ikusteko Alexander T. Shulgin ikerlari estatubatuarraren pasadizoa kontatu besterik ez dago. Gizon hau Dow Chemical enpresako langilea zen. Lana utzi eta etxean antolatu zuen substantzia psikodelikoak prestatzeko laborategia. Substantzi berri asko prestatu eta San Frantzisko hirian banatu zituzten; guztiak Ğlegalkiğ kontsumituak izan ziren. Izan ere, legeak ez zituen jasotzen konposatu haiek, berriak baitziren, ezezagunak.
Gaur egun gazteek festa giroan kontsumitzen badituzte ere, gerretan asko erabili dira sintesi drogak. Bigarren Mundu Gerran soldaduek eta batez ere, hegazkin pilotuek metanfetamina edo speed hartzen zuten. Kamikazeek sarri hartzen zuten eta batzuetan arreta galdu eta aurkariaren aireportuetan lur hartzen zuten. Gobernu japoniarrak esaterako, armagintza industriako langileak behartu egiten zituen speed kontsumitzera lan gehiago egin zezaten. Gerra amaituta, metanfetamina stockak zeuden Japonian eta gobernuak herritarrei sintesi droga hau kontsumitzea gomendatu zien, gerra galduta depresioa, adoregabekeria eta apatia ohikoak baitziren. 1948an 16 eta 20 urte bitarteko gazteen % 5 adiktoa zen.
Vietnamen ere soldaduek sintesi drogen eragina "jasan" behar izan zuten. Droga hauek analgesiko gisa erabili nahi zituzten. Soldaduak zauriren bat eginez gero, berak injektatuko luke bere zaurian. Gero ohartu ziren ordea soldaduengan aluzinazioak sorrarazten zituela.
Bitxikeri tristeagorik ere bada. Estasia kontsumituta izugarrizko egarria sentitu eta 14 litro ur edan zituen batek. Ur kantitate handia zela-eta, likido pilaketa gertatu zitzaion garunean eta hil egin zen
Erantzunak
Erantzunik ez dago.
Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.