Sintesi drogak: kaltegarriak ala lagungarriak?
Espainiako legediak droga gogorrak eta bigunak banatzen ditu. Banaketa irizpide batzuen arabera egin dute, baina ikerlarien ustez banaketa hau zentzugabea da. Irizpideak behar bezala jarraituko balira tabakoa eta alkohola droga gogorren artean lirateke. Drogen efektuak eta legedia ez datoz bat, eta hori gutxi balitz, gizartean drogek oso konnotazio desberdinak dituzte beraien kalte egiteko gaitasuna kontuan hartu gabe. Tabakoa eta alkohola droga legalak dira, oso kaltegarriak, baina gizartean ez dute horrenbesteko konnotazio txarrik. Droga ilegalen artean desberdintasunak nabariak dira. Esate baterako, kokaina eta heroina estigmatizatuta ditu gizarteak. Ez da hori gertatu sintesi drogekin. Ezaugarri batzuk mantentzen dituzte eta horiek onargarri egiten dute droga mota hau. Asteburuetan kontsumitzen dira, gazteek batik bat, eta pilula moduan hartzen dira. Hautsa esnifatuz edota injekzio bidez ere posible litzateke, baina erabilera modu horrek konnotazio txarrak ditu.
Sintesi drogek gaixotasun kronikoak eragin ditzakete eta zenbait kasutan (oso gutxitan) heriotzean amaitu da abentura. Hala ere, pilula hauek funtzio asko betetzen dituzte eta hori egiaztatzeko Interneteko www.ecstasy.org helbidean begiratu besterik ez. Estasia kontsumitu dutenek beren esperientziak kontatzen dituzte. Bati lesbiana dela adierazten lagundu dio, beste bati senide baten galera jasaten. Beste batzuei depresioa gailentzen lagundu die. Kokainarekiko adikzioa galtzeko ere balio du internauta baten ustez.
Azkenik, Nicholas Saunders, ecstasy.org helbidearen sortzailearen hitzak jasoko ditugu. 1988. urtean kontsumitu zuen lehen aldiz estasia eta honako sentimenduak izan zituen: «Kultur presio usteletatik askatu izan bagina bezala sentitu ginen eta gure benetako izaera agertzen utzi zigun»
Erantzunak
Erantzunik ez dago.
Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.