ESPEKULAZIOARI AURRE EGITEKO, ZERGA GLOBALAK
Daniel Udalaitz
E
liteek gizarte segurantzarako sistemei erasotzeko erabiltzen dituzte modernizazioa eta globalizazioa, hau da, herri garatuetako behartsuei eta garapen bidean dauden herrietako are behartsuagoei erasotzeko. Bada garaia, haiei aurre egin nahi dietenek ere modernizazioaren eta globalizazioaren arma horiek erabiltzen ondo dakitela erakusteko».
Honela adierazi zuen Howard M. Wachtelek —ekonomiako irakasle eta College of Arts and Sciences, American Universityko dekano (Washington) eta Transnational Instituteko partaide (Amsterdam)— «Le Monde Diplomatique»n argitaratutako lan handi batean; eta bertan, tasa eta zerga globalen aldeko iritzia agertzen du kapitalaren espekulazioari aurre egiteko: Tobin tasa, atzerriko zuzeneko inbertsioen gaineko tasa —AZI/IDE—, eta etekinen gaineko tasa bateratua.
Gogoeta horiek egiten ziren garaian Espainiako Gobernuak aurtengo ekainaren 1etik aurrera atzerriko inbertsioak erabat liberalizatuko dituela iragarri da ofiziosoki; eta horrekin desagertu egiten da administrazioaren aldez aurretiko baimena, «zerga-paradisuak» eta inbertsioak barne. Kapitalen mugimenduak errazteko beste modu bat da, eta beraz, finantza espekulazioa areagotzeko bide bat gehiago.
TOBIN ZERGA.
Ekonomiako Nobel Saridun Tobinek lehenik errealitatearen azalpena egiten du. Mugak ezabatzen diren heinean, mundializazioaren ondorioz, gobernuek zituzten zerga oinarriak ahulduz doaz. Batez ere enpresa handien finantza espekulaziorako produktuak, etekinak eta inbertsioak zergen bidez kargatzeko duten gaitasuna ahultzen zaie. Herrialde garatuetako kapitalak etengabeko mugimenduan daude munduan zehar, eta horrek ikaragarri zaila egiten du, batetik, etekin ezargarriak zehaztea eta, bestetik, zergak zein Estaturi dagozkion ezagutzea. Garapen maila apalagoko herrialdeek, berriz, laguntza fiskalak ugaltzen dituzte atzerriko inbertsioak kosta ahala kosta erakartzeko. Eta enpresa handiek, nola ez, lagapen horiek erabili egiten dituzte beren jatorrizko herrialdeetan beharturik dauden zergen desgrabazioa exijitzeko. Eta zerga oinarrien ahultasuna geroz eta handiagoa da, lanaren gaineko kenketak bezalaxe.
Beren jatorrizko lurraldeari atxikitako lanak ez du malgutasunik eta erraz karga daiteke, baina aldiz, finantza kapitalak eta kapital fisikoak berak, duten malgutasunaz baliaturik, eskutik irabazten die estatuen zerga bilketarako sistemei. Inmigrazioari buruzko legeek lanaren mugikortasuna mugatzen dute, baina ez kapitalen mugikortasuna.
DIBISA BIDEZKO TRANSAKZIOEN GAINEKO TOBIN ZERGA.
Gauzak horrela izanik, ekonomilari iparramerikarrak espekulazioaren aurkako tasa global mota ezberdinak proposatzen ditu. Horietako bat Tobin tasa da, James Tobin Ekonomiako Nobel Saridunak 1978an proposatua. Berak herrialde guztietan dibisei zegokien edozein transakziotan %1eko zerga uniforme bat ezartzea proposatzen zuen, finantza establezimenduek beren eragiketak zerga-paradisuetara aldaraztea eragozteko.
Tobini ez zitzaion bururatu ere egiten transakzio horien bolumena monetatan: 1985ean eguneko 150.000 milioi dolar inguru zena, eguneko bilioi bat dolarretik gorakoa da gaur egun. Merkataritza eta Garapenari buruzko Nazio Batuen Konferentziak (CNUCED) ebaluaketak egin ditu, baita Tobin tasari eta eguneko % 1eko kargarekin erabili ahal izango litzatekeen moduari buruz ere. CNUCEDek urtean 720.000 milioi dolarreko sarrera kalkulatzen zuen, kopuru izugarria, tasa kontributiboaren ahultasuna kontuan izanik. Lanerako hipotesi gisa emaitza hori bitan banatzea proposatzen du: 360.000 milioi dolar tasa biltzen duten gobernuentzat eta 360.000 milioi dolar herrialde aberatsek herrialde behartsuen artean banatzeko fondo baterako.
Wachtel ekonomilariaren ustez, tasa global bat ezartzeak arrakasta izateko edo porrot egiteko garrantzitsuak izan daitezken gorabeherak ondorengo hauek dira: administratzeko sinpletasuna eta erraztasuna; «zentzuzko» ekonomi politika batean integratzea, edozein zergaren aurkako jarrera duen iritzi publikoa haserretu ez dadin; finantza errendimendua nahiko garrantzitsua izatea, eragingo duen borroka politikoak merezi dezan; Ipar eta Hegoaldeko herrialdeak barnebiltzea.
Tobin Tasak horietako hiru lehenak betetzen ditu. Baina herrialde aberatsei soilik zuzendurik dago, bereziki Estatu Batuei, Japonari eta Erresuma Batuari, hor burutzen baita 24 ordutik 24tan ari diren truke merkatuetan egiten diren transakzioen kopuru funtsezkoena. Hirugarren mundua, bere osagai ezberdinekin, tasa honen onuradun izango litzateke batez ere, haren ezarpenaren partaide izan gabe
Erantzunak
Erantzunik ez dago.
Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.