Testigantza hutsezko euskal enpresa proposamena?
Datorren urtean mundu osoko euskal enpresariak, bertakoak eta diasporakoak, bilduko lituzkeen balizko kongresua izan da martxoaren 9tik 12ra burutu den kongresuan azaleratu den proposamenetako bat.
Boluntarista ala ez, testigantzazkoa ala ez, proposamena euskal arbasoak dituen enpresari estatubatuar batek bota du, Ray Aspirik. Eta ez du bota bakarrik, Bilboko bere egonaldia aprobetxatuz, hainbat euskal instituzio eta enpresa elkarterekin egon da proposamena errealitate bihurtzeko asmoz.
Estatu Batuetan azken urteetan 1.500 lanpostu eragin dituen hainbat enpresa txikiren sortzaile, Ray Aspirik bere proposamena potentzialtasun handikoa dela uste du, «
euskal herritar gehiago baita Euskal Herritik kanpo bertan baino, horien artean euskal munduarekin identifikatzen diren euskal jatorriko enpresari asko». Aspiriren ustez, mundu mailako sare hau sortzeak «
aukera imajinaezinak» eskain ditzake elkarrekin negozioak egiteko.
Enpresari honek proposamenaren bideragarritasuna Txinaren aurrekarian oinarritzen du. Bere ustez, «
txinatar enpresariek, 60 herrialdetan zehar txinatar jatorriko 57 milioi pertsona daudela baliatuz, badaramatzate zenbait hamarkada elkarrekin negozioak egiten». Txinatar enpresariek kongresu bat egin zuten, non munduan zuten presentziari buruzko base informatiko bat egitea erabaki zuten, eta horren ondorioz «
gaur egun Indonesia, Filipinak edota Malasian, txinatarrek, biztanleriaren % 2 edo % 3 soilik izanda ere, fakturazioaren % 50-80 dute bere gain».
Zein harrera izango du proposamen honek euskal instituzio eta enpresarien artean? Testigantza hutsezko keinu batean geratuko al da? Posible al da egiazki munduan dauden euskal enpresarien arteko sare bat eratzea? Balioko al luke enplegua sortzeko? Ala, aitzitik, zenbait euskal enpresari pribilejiaturen negozioak loditzeko balioko du? Oraindik goiz da jakiteko. Denbora lekuko. Anartean, proposamena hor dago, beste ezer baino testigantzazkoagoa irizten diogun proposamena
Erantzunak
Erantzunik ez dago.
Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.