Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-09-04 17:20:17
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

1999-03-28 -- 1709.zenb

EREDU ERDALDUNAK HAURRAK EUSKALDUNDUKO OTE DITU?

Nagore Irazustabarrena

Hil honen 10ean Eusko Legebiltzarrean buruturiko agerpenean, Inaxio Oliveri Hezkuntza sailburuak hezkuntza sistema hobetzeko aurkeztutako neurri sorten artean, A eredua sendotzeko proposaturiko bi doikuntzak izan dira oraingoz oihartzun gehien jaso dutenak. PP eta PSOEko ordezkarien erreakzioa ikustea besterik ez dago horretaz jabetzeko, edota Espainiako hainbat komunikabidek «EAEko haur guztiak euskaldunduko dituen» asmoaren aurrean agertu duten kezka.


IKASLE GUTXIAGO ETA EUSKARA GEHIAGO.

Oliverik euskara ez beste gai guztiak erdaraz eskaintzen dituen ereduan proposatutako helburuak, ordea, ez doaz hain urrun: «

euskarazko testu errazak eta eguneroko ahozko mezuak ondo ulertzea
» eta «

ikaslea gaitzea eguneroko gai arruntei buruz aritzeko
» izan ziren Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa kontseilariak aurreko legealdian finkatutako xedeak. Ikasleen artean euskararen aldeko jarreraren sustapena ere helburuen artean zen.
Hezkuntza sailaren arabera, horiek guztiak ez dira bete eta porrotaren aurrean proposamen bi luzatu dituzte: alde batetik, A ereduko taldeak bikoiztu edo zatitzea, hots, talde bakoitzeko ikasle kopurua murriztea; bestetik, eredu horretako irakasgairen bat euskaraz eskaintzea, beti ere, oinarrizko jotzen diren irakasgaietan gaztelerazko eskolak mantenduz.
Neurri edo doikuntza horiek 3 eta 16 urte bitarteko eskolatze-aldian ikaslego elebiduna lortzea ahalbidetuko luketelakoan dago kontseilaria eta, era berean, horrek Batxilergoan esperientzia hizkuntzanitza abian jartzeko aukera ekarriko luke.
Teknikari talde batek proposamenak zehazten dihardu, baina dagoeneko finkaturik dago ekimenaren abiapuntua: heldu den irailean, datorren ikasturtearen hasieran, beraz, borondatezko programa pilotuari hasiera emango zaio.


ERDAL EREDUA BEHERA.

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak A ereduak aldaketak behar dituela mahaigaineratu berri badu ere, hainbat euskaltzale taldek garbi zuen aspaldi honetan A ereduak ez duela haurren euskalduntze funtziorik betetzen. D ereduaren aldeko kanpainak burutu izan dira sarri (EKBk azken urteetan prematrikulazio garaian eraman izan duena kasu) eta, beste batzuetan, A ereduaren aurkako iritzia azaldu izan da garbi (EHEk ereduaren desagerpena eskatu du).
Oraingoz, Jaurlaritzak desagertaraztea baino, eredu ia guztiz erdalduna moldatzearen alde egin du. Dena den, erabaki instituzionalik gabe ere, eta EAEn bederen —Nafarroako eta Iparraldeko egoera oso bestelakoa da—, A eredua desagertze bidean izan daitekela pentsatzea zilegi da. Datuek behintzat joera hori islatzen dute. Modu honetan, EAEko sare publikoan 98-99 ikasturtean haurren % 71,8k aukeratu du D eredua, % 23k B eredua eta % 7k soilik A eredua. Datuok duela 18 urteko kopuruekin alderatuz gero, eredu honen bilakaera garbia da: orduan, EAEko ikasleriaren % 60,68k A eredua aukeratu zuen (D eredua % 12,16k). DBHn ere A ereduak dagoeneko bere nagusitasuna galdu du D eredu euskaldunaren alde.
Sare pribatuan aldeak ez dira hain handiak, A ereduak hiru urteko haurren matrikulaketen % 24 lortu baitu eta DBHn eredu zabalduena izaten jarraitzen baitu. Baina kasu honetan ere, beste bi ereduak gailendu egin zaizkio eskolan hasi behar duten haurren kopuruan eta beheranzko joera erakusten du garbi.
Kopuruak behera eta euskalduntzean emaitza positiborik ez. Eta hala ere, Oliverik aurkeztutako neurriak PP eta PSOEko ordezkarien erreakzioak ekarri ditu. Hezkuntza gaietan PPko bozeramale den Iñaki Oiarzabalek bere alderdiaren kezka agertu eta A ereduen aurkako kanpainak onartu izana leporatu dio Jaurlaritzari. Gurasoen aukera eskubidea defendatzeko orduan Oliveri ahul agertu dela ere salatu du.
Gurasoen eskubideak ere erabili ditu PSE-EEko Isabel Celaá-k bere alderdiaren kezka agertzeko: «

A ereduko ikasleak euskara jakitea nahi dugu, baina hor dago, era berean, gurasoak eredu hori aukeratzeko duten eskubidea
». Inaxio Oliveri Hezkuntza kontseilariak garrantzia kendu nahi izan die bi alderdien adierazpenei, kritika horiek «

hezkuntzaren ingurukoak baino, politikoak
» izan direla esanez. Eta, hala ere, Hezkuntza Sailak gurasoen aukerak errespetatzen dituela adierazteko datu bat eskaini zuen: 98-99 ikasturtean A ereduan eskaintzaren % 26 bete da soilik.
Datuak hor dira eta ondorio garbi batera eramaten dute: Euskal Autonomia Erkidegoko gurasoen gehiengoak euren haurrak euskaldunak izatea nahi du —euskaldunduz gero elebitasuna bermaturik dagoela kontuan harturik—. Baina, askok B ereduak haurrak ganoraz euskalduntzen dituenik zalantzan jartzen duenean, Oliverik proposaturiko A eredu `berri' honek lortuko al ditu gutxieneko helburuak?

Erantzunak

Erantzunik ez dago.

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.

Albiste honi erantzun

Albiste honi erantzun

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan