Barne tentsio artean biziraun duen Ituna
Duela hamaika urte pasatxo sortu zen Ajuria Eneko Ituna, 1988ko urtarrilaren 12an, Jose Antonio Ardanza lehendakariaren gidaritzapean eta Aljerreko negoziazioen bezperan. Jose Antonio Ardanza bera, Txiki Benegas (PSE), Xabier Arzalluz (EAJ), Inaxio Oliveri (EA), Kepa Aulestia (EE) eta Julen Gimon (AP) izan ziren bilera haren protagonista nagusiak. Harrezkero arre eta iso artean jardun du Itunak.
ETA eta ezker abertzale osoaren aurrean eraman beharreko bidea zehazteko orduak bilduta pasatzen zuen batean eta hurrengoan erlojuak di-da irensten zuen tramiteko bilera. Hamalau bilera egin zituen bere lehenbiziko bost urteetan: 88an, adibidez, 5 bilera eta 90ean bat bera ere ez. Edozein modutan ere, «Euskadi normaltzeko eta pakeratzeko hitzarmena» funtsezko erreferentzia izan da azken 11 urte hauotan. Ezker abertzaleak bere zeregina eta izaera gutxietsi zuen hasieran baina berehala konturatuko zen, kontraesanak kontraesan, haren indarrak bapo baldintzatzen zuela bere jarduna.
Euskal gizartea ETAren biolentziaren aurrera ateratzea lortu zuen Ajuria Enerko Itunak eta batzuetan, abagunearen arabera, HB politikoki bazterreratzea ere bai. Gernikako Estatutuan sakontzea eta bide elkarrizketatuaren erreferentzia ere egiten ditu bere idazki askotan baina PPk eta PSOEk samur antzutu dute lur sail hori.
Eremu horietan aurrera egiten ez zela eta EAk arazo ugari izan du Itunean eta 92ko urtarrilean, esaterako, Ituna utzi zuen. 91ko bilera batean, lehenbiziz Itunaren bizitzan, Itunak Espainia eta Euskal Herriaren arteko gatazka onartzea lortu zuen EAk.
92an Irurtzun-Andoain autobidearen inguruan lortutako Leizarango akordioak egoera larrian jarri zuen Ituna. 1993an bergizarteratzearen inguruko eztabaida hasi eta 95era arte PPk gai honen inguruan izandako jarrerak —«terroristek bere osotasunean bete behar dute kartzela zigorra»— Ituna berriz jarri zuen kinka larrian. 93an jada EAJk honako hausnarketa egiten zuen: «ziklo bat amaitu da eta etorkizunari buruzko hausnarketa beharrrezkoa da». 95ean Ardanzak honakoa zioen: «Itunak batasun erreferentea izateari utzi dio»; EAJk salatzen zuenez, PPk helburu elektoralistekin erabiltzen zuen borroka antiterrorista. Ajuria Eneko Mahaiak oraindik garrantzia izango zuen 97ko uztailera arte, baina jadanik hil hotsak gero eta ozenagoak ziren. Xabier Arzalluzek zera zioen 96an: «Gaurko egunean oso gaitza litzateke Ajuria Enekoa moduko baketze akordioa sinatzea».
1997ko uztailean, ETAk Miguel Angel Blanco PPko zinegotzia bahitu eta hil ondoren, goia jo zuen PPren Ajuria Eneko Itunaren moldeak. Alderdi estatalisten nazionalismoaren aurkako erasoaldiaren ondoren, EAJk aspaldi besopean zuen lana atera zuen Ardanza lehendakariaren eskutik. Ardanzak 1998ko martxoan aurkeztu zuen bere txostena baina PPk eta PSE-EEk atzera bota zuten. Ajuria Eneko Mahaiaren azken bilera izan zen hura. Irailean etorriko ziren Lizarrako Akordioa eta ETAren su-etena
Erantzunak
Erantzunik ez dago.
Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.