Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-07-02 15:11:57
Udako Euskal Unibertsitateko web gunera lotura
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

1999-03-07 -- 1706.zenb

NUNAVUT, KANADAKO INUITEN TRADIZIOAREN GORDELEKU

Albert Balanza

Lurralde Autonomoa sortuko da, Ipar-mendebaleko Lurraldeetako inuitei autonomia emanez. Amerika osoan indigena komunitate batek izandako lorpenik handiena da honakoa.

Charles de Gaullek, 1967an «Vive le Quebec libre» oihua historiara pasarazi zuenean, nekez pentsatuko zuen 30 urte geroago quebecdarren auziak gora eta behera jarraituko zuela; are gutxiago probintzia frankofonoak Kanada barruan lurralde bereziaren monopolioa galduko zuenik inuitek ere estatus bera eskuratzen zutelako. Eskimalak ere deitu izan zaie inuitei baina gaizki deituak, beraiek beren buruei inuitak deitzen baitiete (gizona esan nahi du inuit hitzak inuktitut hizkuntzan) eta ez eskimalak (okela gordina jaten duena). Inuitek, beraz, Nunavut (Gure Lurra esan gura du) lurraldea eratuko dute datorren apirilaren 1ean. Historiak iglu eta itsas txakurren artean jaso du beren irudia, eta tarte gutxi utzi izan du beren egitura soziala —nagusiki nomada— ezagutzeko. Ipar-mendebaleko Lurraldeetako ekialdeak bere adin nagusitasuna eskuratuko du eta lehenbiziz Amerikan, bertako etnia batek lurralde bateko gobernua izango du. 25.000 pertsona eskas Groenlandiaren gisako lurralde batean biziko dira.
60. paralelotik gorako lurraldeak beren kasa utziak izan dira historikoki baina azken hiru hamarkadetan Kanadako gobernu federalarekin negoziazioetan jardun dute Nunavuteko inuitek eta, azkenean, zuzenbidez ez baina egiazki independentziaren gisako akordio bat lortu dute berenganatutako eskumenekin: etxebizitza, osasuna, hezkuntza, justizia, ingurugiroa, baliabide naturalak eta kultura. Hau guztia kudeatzeko beren exekutiboa, ganbara legegilea eta gehiengoa inuiten esku izango den lurralde ganbara. Azken hamarkadatan sedentarismoa agertu da, kulturaren ahultzea eta arazo sozial ugariren sorrera —alkoholismoa, drogomenpekotasuna, suizidioak...—. Egoera honen aurrean, Ottawak azkenean onartu behar izan du inuiten administrazio batek bakarrik egin ahal izango diela aurre bertako arazoei.


LURRALDE ESTRATEGIKOA.

Bale arrantzaleek eta misiolariek egin zuten topo Artikoko lehenbiziko nazioetako batekin XIX. mendearen bukaeran. Baina lurralde hau ez zen garrantzitsua izan Bigarren Mundu Gerraren ondorengoko gerra hotzaren sasoira arte. Estatu Batuek berehala ekin zioten Alaska eta Groenlandiaraino zentro metereologikoak eta aire baseak zabaltzeari. Otawak erantzun gura izan zuen zelanbait eta 50eko hamarkadan hegoaldeko familiak bidali zituen iparralderantz, baina arrakasta handi barik. Hori izan zen Kanadako agintariek lurralde artikoei begira hartu zuten ekimenetako bakarra; Yellowkniferentzat —Mendebaleko Lurraldetako hiriburua— lurralde artikoak arazo eta gastu iturri besterik ez dira izan.
Autogobernu eskaerak ez ziren agertu 70eko hamarkadara arte. Burokraziarekiko kontaktuak eta inuit izaerarekiko iratzartze txiki batek haize eman zieten inuiten aldarrikapenei. Azkerketa argia zen: lehen zaharren legeak agintzen zuen lekuan gizon zuriaren legea inposatzen zen orain, eta lehen bizitza sakabanatua nagusitzen zen tokian orain aurrefabrikatutako etxez osatutako komunitateak antolatu gura ziren; inuiten izaera eta baloreekiko ezezagutza handia agerian zegoen.
Alaskatik (1971an), Quebecetik (1975an) eta Groenlandiatik (1979) etorritako beste inuit komunitateek azaldutako esperientzia iraingarriak argigarri gertatu ziren eta arazoaren irtenbidea 1979ko hauteskundeek erakutsi zuten: bertako biztanleen egokitze arazoekin kezkatuta baino, bere negozioez arduratutako gizon zuria agertarazi zuten. Inuit Tapirisat erakundeak gidatzen zuen

inteligentsia
berriak hirugarren bideari heldu beharra ikusi zuen, hots, inuit tradizioa eta Kanadak eskainitako modernotasuna uztartzearena. Prozesu haren emaitzak hiru urte geroago egin zen erreferendumean ikusi ahal izan ziren: lurralde hauetako biztanlegoaren gehiengoa Ottawa zein Yellowknifetik aldendutako egitura administratiboaren alde agertu zen. Berehala eratu ziren Nunavut izango zena argitu beharko zuten lan batzordeak eta, aldi berean, legediaren egokitzea, gobernu federalarekiko etorkizuneko harremanen zehaztapena eta, kultura eta hizkuntzaren babesaz arduratu beharko zuten. Izan dira zailtasunak prozesu honetan, batez ere Inuvialuiteko mendebaleko erregioan, inuiten erreibindikazioak egon arren, lurralde autonomotik kanpo geratuko baita.


AZKEN TXANPA.

1992ko azaroan egin zen Nunavuteko akordioari buruzko erreferenduma eta lurraldeko biztanlegoaren % 69 alde agertu zen; 1993ko maiatzaren 25ean sinatu zuen Brian Mulroney lehen ministroak eta legebiltzar federalak hilabete beranduago onetsi zuen. Akordioen arabera, garai bateko lurraldeen % 82 gobernu federalaren esku geratzen zen (2 milioi km2) eta 353.000 km2 eta lur azpiko 360.000 km2 inuiten esku. Ottawak, halaber, hamalau urtetan 1.148 bilioi dolar eman beharko die.
1993az geroztik, lan batzordeek gogor jarraitu dute lanean, orain aurrikusi gabeko zenbait arazori buruzko erreferendum txikiekin, gero lurralde autonomoaren hiriburuaren hautaketarekin (1995ean) eta geroago Biltzar Legegilean emakumezko eta gizonezkoek izan beharreko pertsona kopuru berdinaz (oraingoz ez da lortu). Iqalut 4.000 biztanleko `metropolia' eta estatubatuarren base militar ohia zen aproposena hiriburu izateko: aerodromo bat, bi hotel, hospital bat, administrazio eraikuntzak eta, batez ere, oso posizio geografiko ona Groenlandia, Alaska eta Quebeceko gainerako erregio artikoekin harremanak mantentzeko. Kangitliniq zen beste kapitalgaia baina botuen % 39 bakarrik lortu zuen.
Transferentzien amaiera ez da gauzatuko 2009ra arte eta erakunde berriek 28 komunitate eta hiru erregio kudeatuko dituzte modu dezentralizatuan (Qikiqtaaluk, Kivalliq eta Kitikmeot). Gobernu egitura modernoen bidez, inuitek beren etorkizunaren kontrola berrreskuratu dute berriz. Kayaka eta lera beharrean txaluparekin eta elurreko motorrarekin, baina Nunavuteko udaberriak tradizioari eustea posible dela erakutsiko du

Erantzunak

Erantzunik ez dago.

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.

Albiste honi erantzun

Albiste honi erantzun

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan