Lurralde Autonomoa sortuko da, Ipar-mendebaleko Lurraldeetako inuitei autonomia emanez. Amerika osoan indigena komunitate batek izandako lorpenik handiena da honakoa.
Charles de Gaullek, 1967an «Vive le Quebec libre» oihua historiara pasarazi zuenean, nekez pentsatuko zuen 30 urte geroago quebecdarren auziak gora eta behera jarraituko zuela; are gutxiago probintzia frankofonoak Kanada barruan lurralde bereziaren monopolioa galduko zuenik inuitek ere estatus bera eskuratzen zutelako. Eskimalak ere deitu izan zaie inuitei baina gaizki deituak, beraiek beren buruei inuitak deitzen baitiete (gizona esan nahi du inuit hitzak inuktitut hizkuntzan) eta ez eskimalak (okela gordina jaten duena). Inuitek, beraz, Nunavut (Gure Lurra esan gura du) lurraldea eratuko dute datorren apirilaren 1ean. Historiak iglu eta itsas txakurren artean jaso du beren irudia, eta tarte gutxi utzi izan du beren egitura soziala —nagusiki nomada— ezagutzeko. Ipar-mendebaleko Lurraldeetako ekialdeak bere adin nagusitasuna eskuratuko du eta lehenbiziz Amerikan, bertako etnia batek lurralde bateko gobernua izango du. 25.000 pertsona eskas Groenlandiaren gisako lurralde batean biziko dira.
60. paralelotik gorako lurraldeak beren kasa utziak izan dira historikoki baina azken hiru hamarkadetan Kanadako gobernu federalarekin negoziazioetan jardun dute Nunavuteko inuitek eta, azkenean, zuzenbidez ez baina egiazki independentziaren gisako akordio bat lortu dute berenganatutako eskumenekin: etxebizitza, osasuna, hezkuntza, justizia, ingurugiroa, baliabide naturalak eta kultura. Hau guztia kudeatzeko beren exekutiboa, ganbara legegilea eta gehiengoa inuiten esku izango den lurralde ganbara. Azken hamarkadatan sedentarismoa agertu da, kulturaren ahultzea eta arazo sozial ugariren sorrera —alkoholismoa, drogomenpekotasuna, suizidioak...—. Egoera honen aurrean, Ottawak azkenean onartu behar izan du inuiten administrazio batek bakarrik egin ahal izango diela aurre bertako arazoei.
LURRALDE ESTRATEGIKOA.
inteligentsia
AZKEN TXANPA.
Kanadako inuit nazioaren zenbait lurralde ez da sartu Nunavuteko akordioan: Inuvialuit (mendebala), Nunavik (Quebec) eta Labrador penintsulako iparreko inuitak. Baina inuit nazioa hori baino askoz zabalagoa da eta, eskuarki, Artiko osoan barreiatuta dago. Guztira 100.000 bat biztanle dira, Ekialdeko Siberian, Alaskako (EEBB) iparraldean eta Groenlandian banatuak. Gaur egun, Nunavutetik at, Quebec eta Groenlandiako komunitateak dira herstuenak.
Groenlandia.
Groenlandia Danimarkako koroaren (1721etik dago honen esku) lurralde autonomoa da. Inuiten autogobernua duela 20 urte lortu zen eta goi mailako justizia eta kanpo harremanez aparte, gainerako eskumenak bertan kudeatzen dituzte. Groenlandiako 56.000 biztanleen gehiengoa Kalaallisut hizkutzan mintzo da —baina ez da hizkuntza koofiziala— eta kontinenteko inuktitut hizkuntzaren familikoa da. Legebiltzarra Nuuk-en dago eta bertako indar nagusiak sozialdemokrata eta liberalak dira. Hirugarren indarra Inuit Ataqatigiit alderdi independentista da eta 1995ean ezuztekoa eman zuen sei eserleku lortuz (30etik).
Quebec.
Iparraldeko kostaldeko 14 komunitatetan biltzen da Quebeceko inuit populazioa eta Ivujivic da beren hiriburua. Komunitate honek lurralde autonomoa lortzeko lehen eskakizunak 70eko hamarkadan egin zituen. 1994ko uztailean Montrealeko gobernuak, 55. paralelotik gorako lurraldeei erakunde autonomoak eskainiko zizkiola iragarri zuen baina erreferendum soberanista galtzeak proiektua bertan behera utzi zuen. Inuitak
Belle province
ren banatze asmoen aurka agertu ohi dira eta Montrealek ahanzturarekin ordaindu die jarrera hori. Dena den, Quebeceko 8.000 inuitak, Nunavuteko prozesuak berentzat ere azkenean antzerako negoziazioak ekarriko dituztelakoan dira
![]() |
|
||||
1706 zenbakia. Azkena || Hemeroteka
|
© 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa