1999-03-07 -- 1706.zenb
Ez da erraza norberak aspalditik ezagutzen duen eta benetako estimutan daukan lagunaz era publikoan berba egitea. Ez zait horregatik erraz egiten Xabier Kintanaz berba egitea, gauza onik baino ezin baitut esan, eta beldurrez bainago norbaitek esan behar ditudanetan lagunarteko larregi ikusiko ez ote dukeen.
Aspaldian ezagutu nuen Xabier, hamasei urterekin eta euskaldun bihurtu berritan, bion irakasle zorrotz Aita Mokoroarekin nengoen egokiera baten, apaiz eskolapioak euskal aditzaren katramilen berri ematen zidanean. Gero Unibertsitatean eduki nuen lagun. Beraren bidez Gabriel Aresti zena ezagutu nuen, eta niretzat arras berri zen euskal munduko beste hainbeste jende, baina beraren bidez batez ere (Xabier beste edozer baino zehatzago definitzen duen eskuzabaltasunari esker) asko eta asko ikasi nuen, bera izan baitzen, Aita Imanol Berriatua zenarekin batera, eroapen ez gutiz, euskaraz idazten irakatsi zidatenak.
Gabrielekin zebilela, orduko burruka latzetan poeta handiak zeukan su berberaz aritzen zen euskara batuaren alde, hala nola harekin batera «Batasunaren kutxa» idatzi zuenean, edota berarekin batera ere gero gauzatuko ez zen, baina hizkuntzaren ikuspegi historikotik bezala, hala ikuspegi nazionaletik hoberena zen aditz baturako proposamendua egin zutenean. Gero euskarari eskainitako orduak eta urteak etorriko ziren literatur obra interesgarria sortuz, baina hizkuntza moderno bat egiteko esperantzarekin hamaika erdaretatik itzuliriko orri kopuru amaigabea batez ere. Horiekin batera, Euskara Batuaren zabalkundean eragin gehien eduki duen liburua ere etorriko zen: «Hiztegi modernoa».
Oso gaztea zelarik euskaltzain urgazlea jadanik, urteen poderioz euskaltzain osoa ere egin zuten. Eta hor segitzen du, lantzean behin apur bat erretxin, baina inongo zalantzarik gabe bere burua osotara euskarari eta Euskal Herriari eskainia. Ez baita guti oraindik Xabierrek eskaintzeko daukana
Erantzunik ez dago.
Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
© Sareko Argia
Lege Oharra
RSS sindikazioa