lanetan hiru pertsona hil eta bat zauritu izanak mahaigainean jarri du, berriz ere, lan segurtasunaren eta lan baldintza desegokien gaineko eztabaida.
Joan den otsailaren 18an hiru beharginek bizia galdu zuten eta beste bat larriki zaurituta gertatu zen Sondikako aireportuko zabaltze lanetan. Behargin haietako baten bat oso gaztea zen gainera, eta aldi baterako lan enpresa (ABLE) baten bidez ari zen lanean. Lan istripu larri honek, ikusgarria eta krudela izan den heinean, harridura handia sortarazi die hiritarrei. Sindikatuek lan istripu horren ostean eraikuntza sektorean greba deialdia egitea posible zela iragarri zuten, eraikuntza sektorea baita, hain zuzen, istripu kopuru handiena jasaten duena. 1999ko lehen bi hilabeteotan hamar dira jada Hego Euskal Herrian lan istripuz hildako beharginak.
Gero eta lan ezbehar gehiago dira Hego Euskal Herrian gertatzen direnak. Egunetik egunera euskal behargin gehiago dira lan-istripu arin, larri nahiz heriotzazkoetan izaten direnak. Ez da harritzekoa igoera hori orain gertatzea, lan egoera okerragotzen ari denean, hain zuzen. INEMek berak —Madrilgo Gobernuko Lan Ministerioko erakunde ofizialak— emandako datuen arabera, 1998an Hego Euskal Herrian egindako lau lan kontratutik bat ABLE batek bideratutakoa da. Eta are larriagoa da iaz izenpetutako kontratuen % 80k hiru hilabetetik beherako iraupena izan duela. Kontratuen % 8 baino ez zen iraupen zehaztugabekoa izan.
Horrela, ez da harritzekoa lanerako esperientziarik eza, lan osasun arloan ezagutzarik eza eta prebentziorik eza izatea iaz Hego Euskal Herrian baja behar izan zuten 70.000tik gora lan-istripuen arrazoi nagusiak. Istripu kopuru horretatik azpimarragarriena, gertatutako 147 heriotzak lirateke (116 EAEn eta 31 Nafarroan); 1997an 117 izan ziren bitartean.
130.000-TIK GORA LAN ISTRIPU.
Aipatutako kopuruek Espainia —Europa mailan— lan ezbehar kopuruen arabera lehen postuan kokatzen dute. Esate baterako, Espainiako hildako kopurua (3-4 bat egunero) Europako Batasuneko batez bestekoaren hirukoitza da ia.
CCOOen txostenak «aurreikuspen kultura ezari» egozten dio lan istripu kopuru altua, eta legeari jaramon eginez gero istripuen % 90 saihes daitekeela dio. Enpresarioen % 54k lan arriskuaren aurre-ebaluaziorik egiten ez duela ziurtatzen du, eta langileen % 11,3k baino ez duela istripu aurreikuspenen gainean beharrezko prestakuntzarik izan
Lan istripuen gaineko erantzukizuna guztiona da, Administrazioarena, patronalarena, sindikatuena eta langileena. Bakoitzak badu bere ardura saihestezina. Administrazioak, sindikatuek eta patronalak orain hiru urte Lan Arriskuak Aurreikusteko Legea izenpetu zutenetik ari dira lan istripuak gorantz egiten, bai Hego Euskal Herrian eta baita Espainian ere. Lege horrek enpresetan lan osasun ordezkariak egotea bultzatzen du, hala nola enpresetan prebentzio planak egitea, ikustapen jarraitua, segurtasun arauak ez betetzeagatik isun ezberdinak ezartzea, eta abar. Nolanahi ere, lan ezbehar kopuruak gorantz darrai.
Egia da lan baldintza eskasek istripu hauekin guztiekin harreman zuzena dutela, baina egia da halaber bere garaian izenpetutako Lan Arriskuak Aurreikusteko Legea ez betetzeak ere eragin handia duela lan arriskuari begira. Adibide gisa, EAEn 1.116 enpresak baino ez diote Osalani bere prebentzio planen berri eman, 8.893 direlarik berri emate hori oraindik egiteke dutenak.
Lan istripuen ugaltzea areagotzen duen beste faktore bat enpresariek makineria berritzeko ia inbertsiorik egin ez izana litzateke, makineria zahar bezain arriskutsua bere horretan utziz. Enpresari asko ez dira oraindik ohartu lan segurtasun alorreko inbertsioak, betebehar soziala ez ezik, bere interesentzako errentagarriak ere badirela. Ez dago lan istripuen ondorio ekonomikoa ahazterik: bajak, ordezko lan-eskuaren beharra, kalte-ordainak, isunak... Horrexegatik azken egunotan hainbat sindikatuk 50 beharginetik beherako enpresentzako lanbide arteko akordio berezia eratzea eskatu izana; akordio hori makineria zaharkitu eta arriskutsua berritzeagatiko sustapen-neurrietan oinarrituko litzateke.
Sindikatu eta beharginek ere ezin dute bere betebeharra alde batera utzi. Egia da enpresek eta Administrazioek segurtasun arauak bete behar dituztela eta segurtasunean inbertitu behar dutela. Baina egia da, baita ere, enpresa kontseiluek eta sindikatuek askotan ez dizkietela bere kideei segurtasun neurriak betearazten, edo ez dutela istripua gertatzen denean amaiera arteko ikerketa sakonik eskatzen. Kasu askotan, kalte-ordain handien bidez, sindikatu eta behargin batzuek isilpean gorde izan dute enpresarien edo kargudunen erantzukizuna
Datu estatistiko ofizialek Hego Euskal Herrian sortzen ari diren enplegu berri gehienek baldintza desegokiak dituztela baieztatzen dute. Hortaz, lan baldintza desegokiek istripuak izan litzaketen behargin berrien lan arriskua areagotzen dute.
Madrilgo Gobernuko Lan Ministerioko INEM erakundearen datuen arabera, 1998an Hego Euskal Herrian izenpetutako lan kontratuen ia % 80k hiru hilabetetik beherako iraupena izan zuen. Horrez gain, kontratu guztien % 11,60 (82.449) ez zen urtebetetik harantz luzatu. Izenpetutako kontratuen % 8 (56.523) baino ez zen zehaztugabea izan. Horrela, izenpetutako 709.909 kontratuetatik, lautik bat ABLE (Aldi Baterako Lan Enpresa) batek bideratutakoa da. % 12,5eko igoera esan nahi du horrek.
Herrialdeka aztertuz, Araban 98.416 kontratu izenpetu ziren, 209.450 Bizkaian, 164.724 Gipuzkoan eta 147.318 Nafarroan. Kontratu gehienak gizonezkoek izenpetutakoak dira (% 58,30) eta kontratuen herena gazteei zuzendua izan da. Lan baldintza desegokienak Araban leudeke, non 1998an izenpetutako kontratuen % 82k hiru hilabetetik beherako iraupena izan zuen. Gipuzkoa du atzetik, % 79,92; Bizkaian % 79,41 litzateke, eta % 75,68 Nafarroan
![]() |
|
||||
1706 zenbakia. Azkena || Hemeroteka
|
© 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa