Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-10-07 16:31:31
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

1999-03-07 -- 1706.zenb

EUSKADI IRRATIA AMERIKETAN
Berri onak Amerikan dauden euskaldunentzat. Izan ere, parabolikoa ukanez gero, «Euskadi Irratia» eta «Euskadi Gaztea» jadanik entzun daiteke, «Hispasat» satelitearen bidez. Telebista piztu eta irratia entzun, alajaina! Hartara, «Goizean Behin»en proba egin dute, Venezuelan dagoen entzule batekin ados jarrita. Berak satelitea piztu, «Euskadi Irratia» sintonizatu eta telefonoz baieztatu die seinalea ongi iristen dela. Teorian Suaren lurraldetik Kanadaraino entzun badaiteke ere, praktikan hainbat ilunune badira Brasilgo oihanean, Mexikon edo Kalifornian, besteak beste

ANDRES NAGEL BIDE BAZTER
Dagoeneko zabalik da
Andres Nagel artista donostiarraren
«Fuera de servicio-Bide bazter»
izenburuko erakusketa Donostiako
Koldo Mitxelena Kulturunean.
Irudia eta pintura hiru dimentsioko
osagaiekin bateratuz, hainbat hizkuntza artistikoren konbinaketaz, animaliak,
objetuak, paisajeak, pertsonaiak,
gorputz atalak, fantasiazko
pertsonaiak... sortu ditu egileak.
Orotara donostiarraren 68 obra
bildu dira, gehienak artistak azken
hiru urteotan buruturikoak.

Erbesteko euskal kultura aztergai.

Etxaide, Aresti eta Minaberri `bidegileak'.

EUSKAL WEBGUNEEN RANKINGA
KAIXO euskarazko bilatzaileak Eustat-ekin batera, euskal internauten artean inkesta zabala burutu du. Dagoeneko emaitzak Kaixoren orrialdean topa ditzake bertara hurbiltzen den orok. Besteak beste, internautei euskal webgune gogokoena zein duten galdetu zaie eta erantzunen arabera ranking bat osatu dute. Lehen postuan, 248 botoekin, Kaixo bera dugu, bigarren «El Correo» egunkariko gunea eta hirugarren Euskadi.net. «Diario Vasco», EHU, Jalgi, País Vasco, ARGIA, Eustat, eta IVAP-HAEE ere, orden horretan, lehen hamarren artean sailkaturik daude. Horretaz gain, euskal internauten ezaugarrien, joeren eta iritzien inguruko datu ugari biltzen du inkestaren emaitzak.

ERBESTEA 60 URTE GEROAGO
IRAGAN astean Donostiako Udalean «Kultura eta erbeste donostiarra» lelopean hainbat ekintza burutu zen. Gerra Zibilaren amaieratik 60 urte betetzen diren honetan, ez da hau ordea, antolaturiko ekitaldi bakarra. Martxoan lekukoa Hondarribiara joango da, apirilean Gernikara erbestearen literatura eta kultura ikuspuntu orokorrago batetik lantzera, eta ekainean Tolosa eta Lekeitiora. Urrian Madrilera iritsiko da RSBAPren eskutik eta azkenik, azaroan, EHUk hainbat mahainguru eta hitzaldi eskainiko du «Euskal Erbestearen pentsamendua» izenburupeko kongresuan. Urte luzez, euskal kulturak erbestean izandako garapenaren garrantzia sakonduko da, beraz, 60 urte geroago.

«IZARRETAKO BITAKORA»
HORRELA du izena Maskarada antzerki taldearen lan berriak. Iragan astean Bilboko Arriagan estreinako emanaldia eskainirik, aurrerantzean Euskal Herriko beste hainbat puntura eramango dute. Mikel Martinez aktoreak burutuklo duen Zientzia-fikziozko bakarrizketa hau Stanislaw Lem idazlearen testuan oinarritzen da.

KAZETARITZA MINTEGI BERRIA
RIKARDO Arregi Kazetaritza Mintegia sortu da, P. Salaburu EHUko errektoreak eta J.A. Gabarain Andoaingo alkateak sinaturiko akordioaren ondorioz. Urtebeteko beka bat eskainiz (1.500.000 pezeta) euskarazko kazetaritzaren historia aztertzea du helburu mintegi berriak.

GAZTEENTZAT ORIXE SARIA
EUSKARA eta euskal kulturaren alde lan oparoa eginiko pertsonen biografiak biltzeko asmoz sortu zuen Eusko Jaurlaritzako Kultura sailak «Bidegileak» bilduma. Berriki, bildumaren barruan bi sorta berri argitaratu dira. Modu honetan Jose Frantzisko Aizkibel, Pierre Lhande, Plazido Muxika, Gabriel Aresti, Balendiñe Albizu, Mari Jane Minaberri, Santiago Onaindia eta Jon Etxaideren oinarrizko biografiak irakurleen eskura ipini dituzte eta Kultura Saileko Xabier Aizpuruak esandakoaren arabera, aurki biografiok Interneten ere kontsultagarri izango dira.

Hona Koldo Rodriguez EHEko ordezkariak esandakoa:
«Argi dago A eredua sektore espainolak Euskal Herrian duen arma bat dela: hau da,
A ereduan umeei euskara eta Euskal Herria gorrotatzen erakusteaz gain, euskararen
ezagutza ukatzen zaie»

Ez dirudi Xabier Gurrutxaga guztiz iritzi berekoa denik:
«Euskararen borroka ez da gaztelera, frantsesa edo ingelesaren aurkako prozesu bat
(...) Euskararen erronka nagusia da gure eremuko `hizkuntzen plazan' bere lekua lortzea»

Josu Mujika dantzariaren eskaria da hau: «Oso dantza eskola zabala behar da hemen,
eta bertan interpreteak hezi behar dira, gaur egun ez baita dantza ongi egitearekin soilik
ezer lortzen. Teknika behar da, eta antzerkia egiten jakin behar da, eta kantua, interpre-
tazioa, klaketa, jazza...»

Jorge Oteiza Bartzelonan izan zen iragan astean bere
eskultura handi bat jartzeko lanak nola doazen ikusteko. Bartzelonan duen beste eskultura
erasotu zuten duela gutxi. Han esan zituen honakoak: «Nire eskultura guztiak publikoak
dira, eta niretzat laudorio handia da nire eskulturen kontra jotzea, horrela ni bezalakoak
izango direlako, nik ditudan zauri berak izango dituztelako»

Gasteizko Olabe pilotalekuko kartelen euskarazko testuak akatsez josiak daude. Egoitzari «Olave» (eta ez Olabe) izena ipintzeaz gain, pilotalekuari «pilota-toki» esan diote eta txartel-lehiatilari «txaltertegi». Udalari testuak zuzentzeko eskaera egin zitzaion baina, egun, iragarki okerrek bere horretan jarraitzen dute.

Xabier Lasa andoaindar kazetariak Euskadi Gaztea gogorki kritikatzen du otsailaren 25eko «Euskaldunon Egunkaria»n. Dena den, saioren bati onartzen dizkio ere merituak «Gutunak oasitik» izenburupeko testuan:
«Euskadi Gazteak entzule ez-pentsalariak, irri eta onomatopeiaren automatak, bere fartsari segizio pasiboa egingo dioten konpartsak lantzen ditu. Goizetik gauera, suge-liluratzaileez jantzitako musika-jartzaileek mundu zoriontsu baten ihesbide kimerikoa eskaintzen diete gazteei. Eta hauek —audientziari eta beren kexu faltei so eginez gero—, bapo dira eskaintzen zaienaz. Neurona errebeldeak lehortzen dituen basamortuan, aurki, aurki daiteke oasi txikirik ere. Ainhoa eta Daniren

Hi bizi haiz, hi
saioa urrutira gabe. Amodiozko gutunen proposamenari 60tik gora gaztek erantzun diote. Pasa den astelehena eta datorrena hartu dituzte horietako hunkigarrienak irakurtzeko. Datu adierazgarria: dramatikoak, ez-amodiozkoak, femeninoak dira gehienak. Are adierazgarriagoa: bestela pentsatzera eramaten gaituzten arren, EGko entzuleak baditu sentimenduak, literatur gosea... Sistemaz zirikatu izan zaion sormenaren arra zirikatzen zaionean, euskal gaztediak badaki ezusteko pozgarriak ematen».

Nagore Goiburu

den ahots freskoa dugu
guztia irakurri

Bide Ertzean
taldeak disko luzea grabatuko du martxoaren bigarren hamabostaldian «Zure minari» izenburupean. Berriro ere, Jose Luis Otamendi azpeitiar poetaren testuak musikatuko ditu taldeak. Dagoeneko entzungai da, bestalde, taldeak Ruper Ordorika, Igor Elortza eta Gorka Urizurekin batera, martxoaren 13an ospatuko den Elkartasun Egunerako «Badator Eguna» kantua.

Idi Bihotz
taldeak dagoeneko grabatu du «Arimaerratu» bere bigarren diskoa. Oihukaren eskutik apirila hasieran kalean egongo da metal doinuak lantzen dituen Bilboko taldearen lana.

Mikel Urdangarin
zornotzar kantariak ere «Badira hiru aste» bere bigarren lan luzea aurki kaleratuko du Gaztelupeko Hotsak zigiluarekin.

«AGIRRE»REN DOKUMENTALA LASTER
1939ko otsailean, J. A. Agirre lehendakariak eta Lluis Companys Kataluniako presidenteak muga elkarrekin zeharkatu eta Figueresen erbesteratu ziren, lan itzela eginez beren erkideen alde. Momentu historiko hura du kontagai aktore ez profesionalek antzeztu duten lanak. Garaiko irudiak ez ezik, lekukoen adierazpenak ere izango ditugu

EUSKAL HERRIKO ITZULIA «EUROSPORT»EN
Oihartzun gero eta handiagoa ari da lortzen Euskal Herriko Txirrindulari Itzulia. Aurtengo ediziorako, apirilaren 5etik 9a arte, ETBk inoiz baino bitarteko gehiago jarriko ditu. Halaxe, hain da handia ikuskizuna non «Eurosport» Europa osorako kateak ere etapak zuzenean emango dituen, gazteleraz nahiz ingelesez

ALDAKETAK BIDEAN «BERTATIK BERTARA»N
Oraindik konfirmatzeke egon arren, oso litekeena da Andoni Aizpururen saioan aurki berrikuntzak ikustea. Audientzia fidela izanik ere, bestelako elementuak sartzeko garaia iritsi zaiola uste du lantaldeak. Beraz, zenbait proposamen egin dio ETB-ri itxura eta mamia eraberritzeko. Nolanahi ere, ziurtzat jo dekoratuak itxura berria hartuko duela

Eneka Maiz eta Iñaki Mundiñanok «Etxarrieratik Sakanerara» izeneko azterketa burutu eta kaleratu dute. Zonalde horretako hizkeraren azterketa hori ahozko erabilera eta idazkera errazteko bideratu dute, baita batuarekin uztartzeko ere. Euskararen erabilera areagotzeko Sakanako euskalkien erabilera areagotu nahi dute, horretarako tresna egokia eskainiz.

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan