LAMIAK ETA SORGINAK
Jose Dueso
Inasmet
241 orrialde
2.000 pta.
Jose Dueso gipuzkoar idazleak liburu ugari idatzi du hainbat gairen inguruan, «Cuentos y leyendas de la Euskal Herria fantástica» izeneko 12 liburuz osatutako bilduma horien artean. Lamia eta sorginen inguruko kontuak ez zaizkio, beraz, arrotz idazle eta antropologoari. Orotara, hogeita hamar inguru ipuin eta kontakizun bildu ditu lamien inguruan eta beste hainbeste sorginei buruzkoak. Alońan, Ligin, Ogońon, Mondarrainen, Behorlegin, Gresaltxun... agertuko zaizkio lamiak irakurleari eta sorginak aldiz, Agurainen, Landibarren, Arrantzun eta, nola ez, Zugarramurdin. Egileak gainera, ipuin edo kontakizun horietako bakoitzaren jatorria eta haren inguruko bibliografia aipatzen ditu atal bakoitzaren amaieran
ERRENAZIMEN- TUKO ARTEAREN BERRIKUSKETA
Hainbaten artean
Eusko Ikaskuntza
516 orrialde
2.300 pta.
Euskal Artearen garaiei buruzko ezagupenak eguneratu eta berrikusteko asmoz, Eusko Ikaskuntzako Arte Plastikoak eta Monumentalak Sailak jardunaldi sail bat jarri zuen abian. 1998ko martxoan ospaturiko bigarren ekitaldian Euskal Herriko Errenazimentuko artea izan zen mintzagai. Berriki, bertan agertutakoak liburu batean bildu dira. Lehen zatian, ponentzia nagusiak bildu dira eta ondoren estiloen inguruko teoria da aztergai. Handik aurrera, esparru desberdinetan dago banatua lana: arkitektura, eskultura, pintura, grabatua eta arte dekoratiboak. Atal horietako bakoitzean lauzpabost adituk euren azterketak azaldu dituzte, gehienetan adibide konkretu batean oinarrituz
AITONA BLAS ETA IRATXOAK
Mikel Arrizabalaga
eta Javier Erostarbe
Elkarlanean
66 orrialde
750 pta.
Mikel Arrizabalagaren testuak eta Javier Erostarberen marrazkiek, aitona Blas eta bere biloba Ekhiren istorioa kontatzen dute, Elkarlanean etxearen Miru saileko liburu honetan. Aitonak hainbat gauza irakasten zizkion biloba maiteari. Besteak beste, iratxoak elkartu ohi ziren tokia non zen erakutsi zion Ekhiri: Mairubaratza iturrian topatuko zituela esan zion. Egun batez, zarata arraroek eta argi gorri batzuk esnatuko dute Ekhi. Baserri parean anbulantzia dago, aitonaren bila etorri dena. Handik gutxira hilko da aitona, bilobaren nahigaberako. Orduan, Ekhik Mairubaratza iturrira, aitonak erakutsitako tokira, joatea erabakiko du, iratxoen bila
GIPUZKOAKO ESKOLARTEAKO 18. BERTSOLARI TXAPALKETA
Ikastolen Elkartea
62 orrialde
pta.
Iazko maiatzaren 29an Gipuzkoako Eskolarteko 18. Bertsolari Txapelketaren finala burutu zen Orioko pilotalekuan. Ikastolen Elkarteak egun hartan haurrek botatako bertsoak jaso ditu liburu eta kaset batean. 14 urte artekoen taldekako finala, handien agurra, lau oinak emanda botatakoak, ofiziotan binaka osatutakoak, puntua emanda egindakoak... Horiek guztiak daude jasoak, baita egun hartako hainbat argazki bitxi ere. Liburuaren azken zatian bertsopaperen ataleko lan sarituak ere bildu dituzte, baita saribanaketa saioaren berri eman ere. Finean, etorkizuneko bertsolarien hastapenak ezagutzeko bilduma aproposa eskaintzen du Ikastolen Elkarteak
EUSKAL HERRIKO ESKOLARTEKO BERTSOLARI TXAPELKETA 1998
Ikastolen Elkartea
57 orrialde
Gipuzkoako Eskolarteko Bertsolari Txapelketaren liburuaz gain, Euskal Herrikoak ere urtero ikusten du argia. X. Bertsolari Txapelketa egin zen iazko ekainaren 30ean eta bertan bildu ziren Euskal Herriko haur eta gazte bertsozaleak. Modu desberdinetara abestu zituzten bertsoak: 14 urtetik beherakoak, ofizioko gaian binaka, gaia emanda, 15 eta 18 urte bitartekoak, binaka ofizioan...
Haurretatik hasi eta kozkortutako bertsolari berrien uzta irakurri ahal da liburuan. Hor dira bertso ederrenak, aberatsenak eta nola ez bertso irabazleak. Gazteen bertsoak ezagutzeaz gain ordea, Euskal Herriko bertsolaritzaren harrobia ezagutzeko parada ematen digu liburuak. Gaztetxoen izenak hor dira eta baita beraien argazkiak ere
TOBITEN ISTORIOA
Roberto Casas
Gero
47 orrialde
750 pta.
Gero argitaletxeak Elea izeneko bilduman Bibliako pasarteak haurrentzako moldatzen jarraitzen du. Oraingo honetan, Tobiten istorioa jaso du Roberto Casas Portugaleteko erlijio irakasleak eta Mari Eli Ituartek euskarara itzuli du. Tobit, Palestinako iparraldean jaiotako judutar leiala zen. Zenbait gertaera historiko medio, israeldarrek, euren lurrak uztera beharturik, ohitura zaharrak ere sarritan albo batera utzi zituzten. Ez ordea, Tobitek; bere senitartekoekin batera tradizioari jarraitzeko ahaleginak egingo ditu. Istorioari Luis Alonsok ipini dizkio marrazkiak
OSKORRI & THE PUB IBILTARIA
Oskorri
Elkarlanean
2.600 pta.
Berrogeita hamabi kantu herrikoi bildu ditu dagoeneko Oskorri taldeak «The Pub Ibiltaria» izeneko ekimenaren barruan. Gure herriko musika-ondare aberatsa berreskuratzearen garrantziaz jabeturik, 1997. urtean Oskorri taldeak bilduma honi hasiera eman zion, kantutegi tradizionaleko aleak hautatu, moldatu eta Elkarlanean zigiluaren eskutik publikoari eskainiz. Orain «The Pub Ibiltaria» bilduma honen hirugarren alea kaleratu berri du.
Aurreko bi diskoekin egin bezala, zuzenean grabatua da —kasu honetan iazko abenduaren 21an Bilboko Areatzan izan zen errejistratua—, bertaratutako publikoak parte hartu du eta liburuxka batean hitzak bildu dituzte —baita gaztelerazko eta frantsesezko itzulpenak ere—, etxeetan ere jendeak kantu horiek kantatzeko ohitura har dezan. Hitzez gain pianoko partiturak ere jasotzen dira aipaturiko liburuxkan.
«Begiak barrez barrez», «Markoxen txarrixe», «Aurten gaztaina urte da», «Argi-azkorrian jinik», «Hamalau heriotzak», «Baratzeko pikuak», «Haika mutil», «Aitorren hizkuntz zaharra»... orotara hamazazpi kantuk osatzen du hirugarren disko hau. Eta ez dirudi bildumako azken diskoa izango denik. Izan ere, euskal kantutegi herrikoiak oraindik disko askotarako ematen du eta Oskorriko kideek horiek berreskuratu eta zabaltzen jarraitzeko asmoa agertu dute ©