Marjinazioa eta hileko 51.000 pezeta artean harrapaturik
Esan dugu dagoeneko lau euskal langileetatik batek baino ez duela INEMetik langabezi saririk jasotzen —kontribuzio eta laguntza sariak, denak harturik—. Horrek inolako diru laguntzarik jasotzen ez duen 140.000 pertsona dagoela esan nahi du. Nola bizi daitezke? Familiek ondo asko dakite zer gertatzen den etxe bakoitzean. Baztertze eta marjinazio soziala ez dira asmakeria hutsa, errealitate gordina baizik. INEMetiko laguntza jasotzeko eskubiderik ez dutenak dira, hain zuzen ere, horren behar handiena dutenak. Jende horrentzat mauka ederra litzateke 52 urtetik gorako langabetuek —15 urtetan zehar Gizarte Segurantzan kotizatu ondoren— duten 51.000 (2.040 libera, 307 euro) pezetako laguntza eskasa jasotzea. Langabezian ere, mailak eta mailak daude.
Irakurleak langabetu hauek jasotzen duten diruaren berri izan dezan, hona hemen gutxi gorabeherako zenbateko batzuk. Langabezian dauden langileek, Gizarte Segurantzan behar adina kotizatu baldin badute, hileko 80.000 eta 120.000 pezeta arteko batez bestekoa jasotzen dute bi urtetan, aparteko ordainsaririk gabe. Bi urte horiek amaitutakoan, ez dute zentimorik ere jasotzen. 45 urtetik gorako langabetuek langabezi sariaren luzapena lor dezakete baldin eta Gizarte Segurantzan 15 urtez kotizatu badute gutxienez. 15 urtez baino gehiago kotizatu duten 52 urtetik gorakoek, INEMek berak urtero kontrolatzen dituen errenta jakin batzuetatik beste inolako irabazirik ez izatekotan, hileko 51.000 pezetako langabezi sari zehaztugabea jasotzeko eskubidea dute erretiro adinera heldu arte eta aparteko ordainsaririk gabe. Honako laguntza hau KPIaren igoeraren arabera berrikusten da urtez urte, baina igoera hori hain txikia izanik, ez dago gehiegi handitzerik
Erantzunak
Erantzunik ez dago.
Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.