INEMek 1,6 bilioi pezeta baino gehiagoko diru-sarrera izango du aurten
Enplegurako Institutu Nazionalak, INEMek, 1,6 bilioi pezetako (64.000 milioi libera, 9.638 milioi euro) diru-sarrera izango du aurten langabezi kotizazioak direla-eta. Horietatik 1,33 bilioi langabezi sarietara bideratuko ditu. Superavit garrantzitsua izan arren, 826.000 langabetuk, horietako 186.900 Hego Euskal Herrikoak, inolako diru laguntzarik ez izateko aurreikuspena egin du Espainiako Gobernuko Lan Ministerioak.
Horrela banatuko dira langabezi estaldurara bideraturiko 1,3 bilioi pezeta horiek: 615.406 milioi, lanean ziharduten bitartean kotizatu izan dutenei kontribuzio saria ordaintzeko; 252.986 milioi, Gizarte Segurantzari langabetu horien kuotak ordaintzeko; 287.917 milioi, 45 edo 52 urtetik gorako langabetuak izanik, gutxienez 15 urtez kotizatu dutenen langabezi saria ordaintzeko; 51.048 milioi, Gizarte Segurantzari horien gutxieneko kuotak ordaintzeko; eta azkenik 128.961 milioi, nekazal enplegu saria ordaintzeko.
Langabezi sarien superavitari dagokionez, politika aktiboetara zuzenduko da, kontratu iraunkorren enpresa-kuotetako hobarietara hain zuzen ere, Lan Ministerioaren arabera 290.000 milioi pezeta izango direlarik. Lan Ministerioaren esanetan, 1997ko lan erreformaren baitako 570.000 lan kontratu iraunkor lortzea espero da hobari hauei esker, orotara 850.000-900.000 behin betiko kontratuen lorpena aurreikusiz.
Familia bere gain duten, 45 urtetik gorakoak diren edota prestakuntza baxua duten iraupen luzeko langabetuei nolabaiteko babesa eskaintzeko asmoz, Lan Ministerioak enplegu tailerrak sortzeko nahia agertu du. Tailer hauetan lanbide prestakuntza jasoko dute eta baita bekak ere. Beken zenbatekoa dagokion ikastaro eta ogibiderako hitzarturik dagoenaren araberakoa izango da. Neurri honek gutxienez urte betez hileko ordainsaria jasoko duten 12.000 langabetu hartuko ditu Espainia osoan. Egitasmo hau kontuan izanik, INEMeko 1999ko Aurrekontu Orokorrak 64.100 milioi pezeta bideratu ditu.
Sindikatuek ordea, lehen aipaturiko INEMeko superavita ikusirik, neurri hori Espainian egoera beretsuan diren —langabezian bi urte baino gehiago, familia bere gain harturik, prestakuntza baxua eta 45 urtetik gorakoak— beste 250.000 pertsonarengana ere hedatzeko eskatu dute.
Datu ofizialen arabera, une honetan INEMetik kontribuzio saria jasotzen duten 446.264 pertsona daude Espainian, Gizarte Segurantzan kotizatu dutenak alegia. Beste 435.265 pertsonek ere jasotzen dute dirua INEMetik, kotizatu izan arren horretarako epeak agortu bazaizkie ere. Kasu hauetan eta familien beharrak gorabehera, INEMek estaldura epea luzatzen du, laguntza sari bihurtzen baitira orduan
Erantzunak
Erantzunik ez dago.
Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.