Euskaraz berez sorturiko egoera bitxiak
Ipar eta Hegoaldeko euskaldunen harremanek egoera eta hitz nahaste-borraste anitz ekarri dute zenbaitetan. Nik nehaurek irri eta barre egin izan dut zenbaiten hitz mordoiloa entzunik.
Agur: Topo egitean, agur batez egiten da diosala Iparraldean. Hegoaldiar zenbaitek, iritsi orduko kanporatzen ari ote ziren uste izan dute orain gutxi arte.
Sarri: Iparraldean sarri arte batez erranen dizute gero arte. Sarri hitzak berehala erran nahi du ere.
Usaia: Usaia hitza, ez da usainaren esanahi berekoa. Iparraldean usaian diote ohikoan esateko. Beraz, kasu nahaste-borraste usaingarria senti baitezakezu Iparraldekoekin solastatzean.
Ardura: Ardura hitzaren esanahia guztiok ezagutzen dugu. Iparraldean, ardura hitza usaia hitzaren sinonimoa bezala erabiltzen da. Kasu! berriz.
Mentsa: Zuberotarrek ergela esateko mentsa diote. Iparraldean ametsa ez baizik amentsa diote, baita mentsa elearen bitartez gutxi adierazi ere. Adibidez: eguerdiko 12ak hamar ments dira. Ments hitzak zerbaitek edo norbaitek zerbait eskas duela esan nahi du hortaz. Horregatik ergelarena, kontuz!
Aizturra: Aitzur hitzaren sinonimoa dira guraize eta artazia. Ez dezagun aitzurrarekin nahastu gero. Behinola Iparraldetik idatzi artikulu batean honela idatzi nuen: «
Ikastolako haurrek hiru urterekin badakite aizturrak ondo erabiltzen...» Aldizkari honetakoek, haurrek aizturrak ez baina aitzurrak ederki zerabiltzatela jarri zuten. Perurena eta Saralegi harrijasotzaileek badute segida, ez kexa! Pasadizo bat azkenik. Herri Urratsen karietara, Senpereko aintziran bi euskaldun ari dira solasean. Iparradekoak zera erraiten dio hegoaldiarrari: «
Beraz, egungo kultur pestan engaiatua zira zu ere?». Hegoaldiarrak, gaizki ulertu nonbait eta hona erantzuna: «
Ez motel, ni ez naiz hona engainatua etorri, inondik ere». Hura enkontru lazgarria. Bati gogoa samurtu zitzaion, bestea erabat samurtu zen berriz. Engaiatua ez da engainatua izatea, konpromezua hartzea esan nahi du. Samurtua egotea Iparraldean hasarre egotea da berriz
Erantzunak
Erantzunik ez dago.
Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.