ARGOTAK EUSKARAZ
ARGOTA: HITZ-JARIO EZEZAGUN HORI
Joxemi Saizar / Mikel Asurmendi
Iparraldeko historia berrian
buhameak —ijituak— edota
kaskarotak mintzo izan dira nolabaiteko argota. Beren hizkuntza euskararekin nahasten zuten, eta hartara, hizkuntza berezi eta mordoiloa egin ere. Iragan mendeko Jean Barbier apez garaztarrari esker ezagutzen ditugu Euskal Herrian bizi eta bertan integratu ziren buhameak. Idazle baxenafarrak Garazi eskualdeko Antxitxarburuko Buhamiak izeneko liburuxkan, haien nondik norakoak agertu zizkigun, baita agertu ere, beren hizkuntzak euskararekin egin nahasketak.
Adibide baterako, hona aita batek bere haurrari errana: «
Xaua, goli keau-zak, mol buterrago ajinen duk». Hots, «
haurra kanta zak, arno gehiago ukanen duk». Hona hemen euskaraz aritzean zerabilten hitz sorta:
Xori: ohoin;
Xoritu: ebatsi edo lapurtu;
Marrun: senar;
Miruni: emazte;
Mitxai: alaba;
Xaho: seme;
Puxka: arma;
Buterrago: gehiago. Hauek guztiak argotatzat jo ditzakegun ez dakigu, baina Barbierren aburuz, arrotzek, euskaldunak kasu, ez konprenitzeko horrela mintzo ziren buhameak.
BUHAMEAK ETA KASKAROTAK.
Alicia Stürtze historialariak, «Agotak, juduak eta ijitoak Euskal Herrian» izenburuko liburuan,
Lapurdiko kaskarotak: ijito ala agotak? diren itauntzen digu. Agotak Nafarroa Garaiko iparraldean bizi zen jatorri ezezaguneko giza taldea izan zen. Agot hitza ere, XVI. eta XVII. mendeetan irain gisa erabilitako hitza da. Stürtzeren aburuz, kaskarotak buhameen kastakoak ziren, Lohizune eta Ziburun kokatuak batez ere. Euskaraz ederki mintzatzen zuten, nahiz azkeneko silaban kargatzen zuten beren hitz jarioa. Erromintxela mintzatzen zuten, eta haien pasadizoak eta kontakizunak albokoek uler ez zitzaten erabiltzen zuten.
Mintzaira haren berezitasuna hiztegian omen zetzan, ez ordea egituran. Alegia, joskeran eta aditz jokoan. Elementu hauek euskaratik jasoak zituzten hein handi batean. Hiztegi hura urri samarra zen, 350 bat hitzek osatua. Hona zenbaitzuk:
Aria: harria;
Pishia: pixa;
Orga: kotxea. Goardia zibilak izendatzeko
bruia hitza zerabilten. Larrua jotzeari edo txortan egiteari
txibatu zeritzoten. Eta nahikoa dut berriz,
buterrau ez dut behar konparazione.
XAKILIXUTEN ARGOTA.
Gure egunotara etorriaz, euskaraz ez da ia-ia argotik egiten. Buhame edota kaskaroten kasuan ez bezala, egungo haurrek, esaterako, espainol eta frantses joskera darabilte gehienbat. Hendaia eta Ziburuko ikastolaraino iristen da espainolaren eragina ere. Euskarazko hitz berriak urriak dira, eta argot molde bakarra frantsesez egina da. Ladix Arrosagarairen ustez —Ziburuko Piarres Lartzabal kolegioan irakasle egun—, ezin da ziur erran argotik ez dela, edo ez dela izan. Iparraldeko laboral herri euskaldunetan sakonki aztertu beharko litzateke hori ziurtatzeko. Amikuze, Garazi eta Baigorrin bereziki, oraino antzerki herrikoia egiten den eskualdetan.
Bere zalantzaren froga gisa Ladixek irakaskuntzan eginiko ibilbidean bilduriko hitzak ditugu (alboan jarriak). Irakasle honen iritzian, ontsalaz, egungo argota euskarazko hedabideek sortu beharko lukete. Horren adibidetzat, Antton Olariaga komikigileak sorturiko
Xakilixut pertsonaia eredu bezala jarri ere. Xakilixut litzateke argota mintzo den bakarrenetarik bat. Beldur da Ladix, egon dagoen argot apurra galduz joanen ote den, eta berririk sortzeko gauza ez garela izanen.
Argotaz mintzo garelarik, aipatzekoa da Ipar eta Hegoalde artean azken hogei urteotan hizkuntzan nabari den distantzia. Distantzia hau erdaren eraginez zabaldu da hain justu. Eguneroko mintzaira, frantsesaren nahiz espainolaren argotaz edo ironiaz kutsaturik dago. Euskaraz hazi eta hezi diren gazteengana hurbildurik, hezkuntza osoki euskaraz eginik ere, haien zirkuluetan ez dager argotik. Hizkuntza berezia egiteko orduan frantsesean aurkitzen dituzte argotean aritzeko erreferente bakarrak
Erantzunak
Erantzunik ez dago.
Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.