Udal ordezkarien Biltzarraren inguruko hiru aburu
JUAN MARI JUARISTI
EAJko parlamentaria
Bere helburuak eta nahiak azaldu baino lehen eraso mediatiko basatia jasan du Biltzarra. Elkarren arteko harremana izateko pentsatuta dagoen erakundea fronte bezala aurkeztu dute batzuek eta bere helburuak desitxuratzeko ahalegina egin dute eta, beraz, beldur naiz mezua ez ote den herriarengana behar bezala iritsiko. Egoera berriak urteetan lantzen utzi ez duen dinamika gauzatzen ari da orain eta bizi dugun bake prozesu honetan ekarpen garrantzitsua da. Hori horrela azaldu beharrean bakearen aurka dauden guztiek beren atzapar guztiekin ekimena zapuzten saiatzen ari dira.
Etorkizunari dagokionez, honek gizartean sortu duen ilusio eta esperantza dela eta, soka luzerako duela uste dut. Giro berri horri erantzutera datorren ekimena da, politikaren nagusitasuna erakusten duena. Herritarren borontatea eta herritarren hitza errespetatua izan dadin urrats bat gehiago. Buru hotzarekin jokatuz gero, azkenean gai izango gara jendearen ilusioari erantzuteko. Zuhur eta patxadaz jokatu behar dugu
RAFA LARREINA
EAko bozeramailea
Benetako oztopoak biltzarra osatzen dutenen aldetik egongo dira, egotekotan, ez baitut uste legearen aldetik oztoporik egon daitekeenik. Bilera eskubidea demokraziaren oinarrizko osagaietakoa da eta alde horretatik ez dut arazorik espero. Horrez gain, Europa mailan legez ordezkari direnen bilkuren aurretikoa ere hor dago, baita udaletxeei dagokienez ere. Hemen garrantzitsuena da hautetsiek lana egin dezatela abian jarri behar den proiektua zein den eta zer zeregin izango duen zehazteko, beti ere nazio ikuspegia lurraldetasunaren eremutik abiatuta. Egin beharreko lana eraikuntza nazionalari begira egin behar da.
Euskal Herriko esparru osoa hartuta, etorkizunari begira guretzat oso garrantzitsua litzateke erakunde hau trinkotze sozialerako tresna izatea, hori baita Euskal Herriaren eraikuntzarako oinarria. Garrantzitsua izan daiteke topagune berriak bilatzeko, eztabaida gune berria eta, azken finean, Euskal Herriko herritarrek dituzten eguneroko arazoei irtenbideak topatzeko
JOANES GOIENETXE
Ostankoako alkatea (AB)
Kanpo oztopoei so eginez gero, hor dago Espainiako eta Frantziako alderdien aurkako jarrera, nahiz eta jarrera hori agertzen duten erakunde hau zer den ere jakin gabe. Iparraldean euskal «separatismoaz» jardun duten, «legalité republicaine»a ikutu dela eta abarrekoak. Baina besteek diotenaz gain, hautetsien artean argitu beharko da biltzarraren helburuak eta funtzionamendua zein izango den.
Helburua euskal erakunde nazional bat zutikatzea da baina hau ere zehaztu beharra dago, Iparraldeko eta Hegoaldeko egoera instituzionala desberdinak dira eta. Momentuz, esan dezakedana da ekimena gustatzen zaidala baina Abertzaleen Batasunean ez dugu gauza handirik hitz egin gaiari buruz, lehentasuna Euskal Departamenduaren eskakizunean jarria baitugu. Jaso genuen deia Hegoaldetik eta joan ginen baina orain gure artean hitz egin behar dugu hemen. Dena den, Paul Dutournier, Sarako auzapez eta Lapurdiko Biltzarreko lehendakari izan zena, gustura joango zatekeen biltzarrera, ziur naiz
Erantzunak
Erantzunik ez dago.
Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.