LURRALDETASUNA: EZINA EKINEZ EGINA
Xabier Letona
Iruñeak iragan larunbatean hartu zituen Euskal Herri osotik abiatutako udal ordezkariak, alderdi abertzaleetako ordezkariak; zenbakietan galdu barik, Euskal Herriko biztanlegoaren erdiaren ordezkariak, gutxi gorabehera. Beste erdia etxean edo kalean zen eta haien buruzagietako batzuk Biltzarra eta antolatzaileen aurkako purrustaka, azken asteetan legez. Urruti dira Herri Batasunak Udalerrien biltzarrari buruz jaurtikitako lehenbiziko hausnarketak, makinatxo bat euri egin du harrez gero. Autonomi Estatutu Nazionala eta antzeko beste ekimen batzuk plazaratuak zituen aurretik koalizio abertzaleak baina ezintasun lainuen artean galdu ziren.
Euskal Herriko Udal Ordezkarien Biltzarra bapo ondutako lurrean erori da eta hazten hasi da, oraindik noraino jakin ez badakigu ere. Hilabete gutxi batzuetan ETAren su-etenak eta Lizarra-Garaziko akordioak hankaz gora jarri dute herri honen errealitate sozio-politikoa. Udalerrietan ezezik, Jaurlaritzan ere elkarren ondoan daude aurkari amorratuak ziren EAJ eta HB, EArekin batera sozialista, popular eta hauen aldeko uholdeari aurre egiten. Lana eta borondatearen ondorioz lortutako makinatxo bat mirari. Jeltzaleen aldetik Joseba Egibarrek jardun du biltzarraren ideia jorratzen, HBko Iñigo Iruin, Shanti Kiroga eta Ibon Arbulurekin batera; EAtik Rafa Larreina eta Jon Goikoetxeak jardun dute. Izen gehiago ere izan ziren prestakuntza dantzan baina horiek ezagunenak.
Oraingoz Iruñeko bilkuran erabakitakoa dago, datozen ekainaren 13ko hauteskundeen ondoren Biltzarra eratzeko asmoa da. Ordura arte oraindik bada zer sakondu erakundearen helburu, izaera eta jardunari dagokienez.
Dena den, oinarrizko zenbait ideia eta hausnarketa mahai gainean dira dagoeneko: lurraldetasuna, Euskal Herri osorako instituzio bat, euskal herritarren topagune, eraikuntza nazionalerako tresna, lurralde antolaketarako tresna, hausnarketarako topagune eta lan ildo desberdinen akuilu izatea. Asko izan daiteke, eta gutxi aldi berean, borondateak eta aurrerantzean egingo den zehazte lanek esango dute zer tamaina eta garrantzia hartuko duen. Edozelan ere, Itsasaldeko Nafarroako Erresumaren garaitik, euskal lurralde guztiek izango duten erakunde bateratu bakarra da; ez da gutxi. Zertarako balioko duen, ostera, denborak esango du.
EAJko udalerrietako ordezkariak urtarrilaren 23an bildu ziren biltzarraren eraketarekiko adostasuna azaltzeko. Laino guztien azpitik eta sasi guztien gainetik abiatu ziren espainiar komunikazioaren zaldunak. Ajuria Eneko Itunean beren aliatu nagusia, EAJ, «HB-ETA binomioaren eskutik» abiatzen zen batek daki zein abentura separatistara. Hurrengo astean, abenduaren 30ean, erabaki berdina hartu zuten HB eta EAko udal hautetsiek.
ELKARLANAREN EMAITZA.
Udalerrien Biltzarra izan behar zuena Udal Ordezkarien Biltzarra da oraingoz, hau da, udalerriak ordezkatu baino udal ordezkarien bilgune izango da. Hauteskundeen ostean ikusiko da zehatz-mehatz zertan geratzen den. Edozelan ere, biltzar honen eraketarako alderdi bakoitzak jorratutako idazkietan samur antzematen dira elkarlanaren oinarriak: «EAJ-PNVkook, bere sorreratik, euskaldun guztien eta euskal lurralde guztien ordezkaritza izango duten Erakunde bateratu eta burujabeen aldarrikapena egin dugu (...)». Biltzarraren lehen helburua, HBren ikuspuntutik: «Euskal subiranotasunaren adierazle politiko instituzionala martxan jartzea. Ez dago eraikuntza nazionalik subjetu nazionalik gabe». EA: «Euskal Herriaren eraikuntza nazionala bultzatzerakoan, halaber, zeregin garrantzitsua izan behar dugu» (alkate, zinegotzi eta udal ordezkari politikoek).
HBrentzat mugimendu adierazle da Biltzarra eta orain arteko bere jardunaren —ezker abertzaleko jardunaren— zelanbaiteko azterketa egiten du zenbait pasartetan: «Hil ala bizikoa dugu maldan behera gero eta abiadura handiagoz gainera datorkigun elur multzoa (elausoa) "desaktibatzea". Orain arteko soluzioa zera izan da: "Harrapatuko gaituenerako berez desegingo da". Edota, "negoziazioa" deituriko enbor sendo horrekin topo egiten duenean, txikiturik geldituko da. Egungo egoerak eta gure aurrean irekitzen diren aukera politiko berriek oso argi frogatzen digute uste horren ustela. Abiadura handia dakarren elur multzo horri aurre egiteko modu bakarra dago: abiatzea».
EAJ eta EAko hautetsiek bakerantz abiatzeko tresna izaeran ere sakontzen dute biltzarrari dagokionez: «EAJ-PNVko zerrendetatik aukeratuak izan garen alkate eta zinegotziok, gure herriak bizi duen bake prozesua dela eta, gure herriarentzako bakea lortzeko aukera dagoelako bildu gara. (...)». EAkoek ere aipamen zehatza egiten diote baketzeari: «(...) horrexegatik, une honetan berebiziko garrantzia hartzen du gure herritarrei eragiten dieten arazo nagusienen konponbidean partehartzeak, horretarako biolentziaren edozelako agerpeni amaiera ematea ahalbideratuko duten oinarriak jartzen hasiz».
Makinatxo bat tinta eman da udalek gure herriaren historian izandako protagonismoa azalduz: 1917koa, 1931koa eta 1977koa izan ziren udalerrien partehartze aztertuenetakoak. Guztietan, autonomi estatutua erreibindikazio oinarrizkoena. 1999ko honetan, ordea, Hegoaldeak bi administrazio autonomo ditu eta EAEk zelanbaiteko beste hiru aparte (lurralde historikoak). Udalerriek herritarrengandik duten hurbiltasuna ere azpimarratu da. Arrazoi historiko eta demokratikoetan arakatu barik ere topa daiteke biltzarraren udal izaera honen beste arrazoirik: abertzaletasunaren ezintasunaren adierazle ere bada, Hegoaldeko bi legebiltzarrek eta Iparraldeko ahalezkoak lurraldetasun ikuspegi hori eta elkarlana adostuko balute, udalek ez zuketen horrelako protagonismorik hartuko. Filosofiez gain, dagoenarekin eta ahal moduan egiten dela, alegia.
Mezuaren sozializazioan nahasketa egon da, zalantza barik, bai komunikabide erraldoi askoren mezu nahasgarriengatik eta baita alderdi abertzale desberdinek —beharraren arabera— testu berdintsuen interpretazio desberdina egiten dutelako ere (zentzu honetan EAJ izan da Espainiaren batasun ikutezinetik eraso gogorrenak jaso dituena).
Bada zer aztertu eta zer adostu Biltzarraren inguruan baina izango du lanik egun dagoenari gehitzeko. Amaren etxean egin da lehen bilkura, umezurtzaren ukituarekin edota anai-arreben eraso artean; zer egituratu eta trinkotu badagoen adierazlerik gordin eta mingarriena Biltzarra jaso duen herrialdea
Erantzunak
Erantzunik ez dago.
Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.