"Argentinako euskaldun askok guk baino hobeto babesten du gure kultura"
Garikoitz Aristegi
Garikoitz Aristegi 24 urteko donostiarrak hiru urte daramatza Buenos Airesen. 1995eko abenduan Kinesiologia ikasketak hemen egiteko aukera sortu zitzaion eta, gehiegi pentsatu barik, maletak hartu eta urte berriaren hasieran Buenos Airesera etorri zen. Hiru urte hauetan denetarik ikusi du eta hemengo egoeraz nahiko jabetuta egoteko parada izan du. Argentinarrekin, euskal jatorriko argentinarrekin zein euskal herritarrekin harreman zuzena du Garikoitzek. Horregatik, hiru ikuspegiez jabetzeko aukera izan duenez, bere esperientziaren berri emateko hautatu dugu.
1996ko urtarrilean Buenos Airesera etorri zinen. Zelan moldatu zinen?
Argentinako lurra zapaldu bezain laster euskal etxera joan nintzen. Hor oso lagun onak egin ditut, Euskal Herriko jendeari harrera ezin hobea egiten baitiote. Pixkanaka-pixkanaka, fakultateko jendea ezagutzen hasi nintzen. Nire ustez, Argentina barneko herrialdeetako jendea Buenos Aires hirikoa baino askoz irekiagoa da; haiekin hobeto konpontzen naiz,
porteņoak nahiko itxiak dira.
Euskal Herrian bizi zinenean, hango gatazkari buruz zeneukan ikuspegia eta oraingoa asko aldatu da? Zertan?
Nahikoa aldatu da, egia esan. Donostian nintzela, ideologia askoz erradikalagoa nuen. Orain, ordea, bai adinak bai kanpotik ikusteak ikuspegi aldaketa ekarri dit. Hiru urte hauek kanpoan emateak gatazka era irekiagoan ulertzeko aukera eman dit. Lehen ez nuen nik bezala pentsatzen ez zutenen jarrera onartu nahi, ezta nirea kritikatzerik ere. Egun, berriz, besteen alde onak onar ditzaket, baita nire ideologiaren akatsak ere.
Alde handia dago hemen bizi direnen euskal herritarren eta gure arteko abertzaletasunaren artean?
Bai, jakina. Argentinako nazionalismoa gurea baino erromantikoagoa da. Baina, beste alde batetik, izugarrizko kemena dutela uste dut, nahiz eta Euskal Herritik 10.000 kilometrotara bizi izan, batzutan hango ohiturak guk baino hobeto gordetzen dituztelako. Adibidez, dantzak, euskara eta euskal kulturaren beste alderdiak kontserbatzen saiatzen dira, oztopo handiak izan arren. Horrek asko pentsarazten dit eta askotan guk bide erraza izanik, aukerak ez aprobetxatzea penagarria iruditzen zait. Euskal Herriko jendeak eskaintzen zaionaz baliatzen ikasi behar du.
Hauteskundeen osteko egoera zelan ikusten duzu hemendik?
Hauteskunde hauetan euskal herritarren arteko zatiketa azpimarratu dute. Nazionalistak eta ez nazionalistak, alde baten eta bestearen arteko ulergunea gero eta zailagoa dela uste dut. Alde bi sortu dituzte, bakarrak, eta alde batean ala bestean kokatu behar duzu zure burua. Euskal Herrian ez dute erdibidean egoteko aukerarik uzten. Horrek gorrotoa sorrarazten du eta gatazka konpontzea zailtzen du. Hori guztia orain eta hemen uste dut, han nengoenean ez nuelako onartzen.
Argentinako diktadura garaia ere oso biolentoa izan zen. Hala ere, ez da hainbeste protesta mugimendurik ikusten. Zergatik?
Prozesuaren garaian sistemaren kontra borrokatzen zutenak era basatian akabatu zituzten, jendearen etxeetara sartu eta besterik gabe eramaten zituzten. Hala egin zuten milaka eta milaka pertsonekin eta familiek ez zuten protestatzera nora jo. Haren ondorioz, belaunaldi oso bat desagertarazi zuten. Argentinan politika oso ustela da, joko hutsa da eta dena erosi eta sal daiteke. Argentinarrei arraro iruditzen zaie Espainiako Gobernuak ETArekin berehala ez amaitzea, Argentinan ez dira Europan bezain leunak, biolentzia agerikoagoa da hemen.
Zer ikasi duzu Argentinan Euskal Herrian ikas ezin zenezakeenik?
Hiru urte hauetan konturatu naiz Euskal Herrian oso erraz jartzen zaiola prezioa bizitzari. Alde batekoek zein bestekoek gizakiaren bizitzak zenbat balio duen erabakitzen dute eta euskal herritarrok ohitu gara. Are gehiago, gatazka bizi dutenek prezioa jartzearena onartzen dute; ez da ezohikoa entzutea, biolentziaren biktima polizia, PPko zinegotzia edo etakidea izanda, zerbait egin zuelako hil zutelako argudioa. Neuk ere hura onartzen nuen. Orain, beste ikuspegi batetik begiratuta, astakeria hutsa iruditzen zait. Hemen besteen iritzia errespetatzen ikasi dut
Erantzunak
Erantzunik ez dago.
Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.