Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-11-18 11:09:55
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza
  • Hasiera >
  • >
  • Euskal Herria astintzen

1999-02-07 -- 1702.zenb

Euskal Herria astintzen

Baleren Bakaikoa

Euskal Herria astintzen ari dira. Horretarako badago gaia eta ez baldin badago asmatzea nahikoa da. Izan ere, lehen, ETAk su-etena iragarri aurretik, noizbehinka astintzen gintuzten, baina orokorki salbuespena zen. Lehen, ezker abertzalearen aurkako erasoak nahikoak ziren eta horrekin nahikoa etekin erdiesten zuten.
Lizarra-Garaziko Akordioa dela eta, abertzale guztiak astindu nahi gaituzte. Kupidarik gabe gainera. Hasiera batean, Akordio honen iraupena egun gutxi batzuetakoa izango zela uste zuten eta pase. Baina orain ohartzen ari dira uste zutena baino Akordio sendoagoa dela eta ekaitza guztien gainetik aurrera egiteko borondatea dagoela. Ikusten dute ere familia abertzalea adiskidetzen ari dela eta hori ezin dute jasan. Eta honek mina ematen die. Handia gainera, eta ondorioz aztoraturik dabiltza.

AITORTU
behar da, eta ozenki gainera, Arzalluzek arrazoia zuela esaten zuenean Madrilek beldur gehiago ziola euskal abertzaletasunari ETAri baino. Azken finean, ETA aitzaki ezinhobea izan da Madrileko agintarientzat edozein eratako nazio eskakizunari muzin egiteko. Horrez gain, abertzaleak, EAEn gehiengoa izan arren, gehiengo hori ezin zitekeen isla erakunde publikoetan. Nafarroan ere egoera asko alda daiteke luze baino lehen; ziur nago.
Eraso gogorrak datozkigu, batik bat PSOEren aldetik, azken batean, gobernu zentrala eta hau sostengatzen duen PPren lan zikina berak egiten baitu. Eta zer esanik ez zer nolako papera betetzen duten komunikabideek. Lotsagarria! Hala ere, oraindik garai gogorragoak etorriko dira eta beraz, prestaturik egon behar dugu.
Komunikabide-arloan orain bai nabarmentzen dugula zer nolako hutsunea daukagun abertzaleok. Lehenbailehen euskal/abertzale komunikabide-sare indartsua garatu behar da egunero entzun/irakurri egiten ditugun berriak eta iritziak kontrajartzeko eta arretaz hartzeko. Nahiz oraindik atzeraturik egon, aitortu behar da arlo honetan asko aurreratu dela, batik bat su-etena iragarri ostetik hona. Izan ere, aldaketa nabarmenak burutu dira geure telebista eta irrati publikoetan, eta nire uste apalean, geure herrian gertatzen denaren irudia hobekiago islatzen da.
Beraz, euskal komunikabideek, lehenago sindikatu abertzaleek egin zuten bezala, emaitza onekin gainera, objetiboki eta irmoki abertzaletasunaren balioak defendatu behar dituzte, gainontzekoena gutxietsitu gabe, eta ikusiko dugu Euskal Herrian entzule/irakurle/ikusleak galduko dituztela Madrilek abertzaleen aurka gezi pozointsuak jaurtitzen dituzten komunikabideek. Eta horretarako badago nahikoa gaitasuna Euskal Herrian.

BESTALDE,
azken egun hauetan lekuko izan gara Madriletik kale-borrokari ateratzen dioten zukuaz. Orain, kale-borroka ETAren ekintza bortitzenarekin parekatzen dute eta hori tranpa egitea da. Izan ere, su-etena baino lehen, hitz egiten hasteko hiltzeari utzi behar zitzaion eta zorionez hori gauzatu da. Baina orain areago joan nahi dute. Eta jakina, kale borroka erraz piztu daiteke, historian zehar gertatu den bezala, ajente probokatzaileen lana egoera nahasietan zaila ez baita izaten burutzea. Hala ere, ezker abertzalearen buruzagiek, burua hotza edukitzeaz gain, gardenki eten behar lukete honelako praktika bortitzarekin beren sinesgarritasuna mantendu nahi badute behintzat. Gainera, tentazioak bultzatuta edozelako sektore txikiren batek honelako praktika tamalgarrian sinesten baldin badu, abertzaleen arteko ezin ikusia areagotu besterik ez du egingo eta horren froga azken urteotan gertatutakoan datza

Erantzunak

Erantzunik ez dago.

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.

Albiste honi erantzun

Albiste honi erantzun

© ARGIA.com

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan