Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-10-13 16:35:30
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

1999-02-07 -- 1702.zenb

Joxemi Saizar

Carlos Alvarez Malagako baritono ezagunarekin batera. Entzule mota desberdinak asetzeko moduko uzta izan da, zalantzarik gabe, Orkestrak denboraldi honetan emandakoa.
guztia irakurri

Erlantz Urtasun

Honela deitzen da gure aste honetako pertsonaia. Agiri zaharretan, bederen, zeren eta orduko euskaldunen artean funtsezkoa zena goitizena baitzen, hain ezagun bilakatu zen bere garaiko

txikirikandi
gaiztoa kasu. Eta Joan de Amenduxen goitizena ez dugu ezagutzen, jakina. Iruinsemea, hots, Iruñekoa, iruindarra. Euskal Herriko hiriburukoa. XVI. mendekoa. Zorigaiztoko mendea euskaldunontzat, oro har, nafarrontzat bereziki (1512, 1522). Bada, mende horretan jaio eta hil zen. Mende horretarako eredu gisa erabiltzen ahal dugun laguna, hitz batez. Etxepareko Beñatekin mintzatzeko aukera izan zuen? Auskalo! Dena den, bi nafar hauen bizitzak alderatuz gero eleberri paregabea idazten ahal dela ziurtatzen dizuegu. Ez horregatik.


XVI. MENDEA NAFARROAN.

Euskaldunok aspaldi pairatu genuen gure zibilizazioaren berpiztearen porrotaren ondoren, hots,

dark ages
deituriko epe historikoaren amaieran (VIII-IX), eta 778ko Orreagan irabazpen pirrikoa eskuratu arren, gure munduaren tartetxo ziztrin eta hagitz ahula zen Nafarroako Erresumaren inguruan naufragioaren hondarrak antolatzen erdietsi genuen, ez bertzerik. Eta hori ere kostata. Izan ere, mendez mende Nafarroa izeneko azken amets tipi utopikoa errekara joan zen.
1512. urtean euskal laguntza jaso zuen nazioarteko eraso militarrak mota guzietako egiturak zituen azken antolaketa borta ere desegin zuen. Saiakera honek, hala ere, anitzen borondateri ezin eutsiz, gibelerat jo zuen. Honela, urte guti igaro ondoren, okupazioko ejerzitoek euskal eremu hau abandonatu eta Espainia aldean bilatu zuten babesa. Dena den, berehala itzuli ziren, berrindarturik, eta 1522. urterako, guti goitibeheiti, Amaiur, Noain edota Hondarribiaren txingarrak itzalarazi zituzten. Gerrak jarraitu zuen, noski, baina hagitzez ahulagoa. Hortaz, hilerriaren bakea heldu zela erraiten ahal dugu. Garaileen bakea, betiere. Koartelak nonahi. Nafarroan hirutik bat hil zen. Populazioaren heren bat. Karlisten garaia arte ez zuen Nafarroak tamainako genozidioa jasanen. Ondorioak, begibistan. Suitza tiki bat Inperioko gorteen ipotx bihurtu zuten. Italiak eta Herbehereak zorte handiagoa izan zuten.


NAFARROAKO KONKISTA: ONDORIO KULTURALAK.

Zuzenbide arloko ondorioak garrantzi handikoak badira ere (ikus Tomas Urzainkiren hainbat lan), kulturan gertaturikoa azpimarratu beharra dugu. Batetik, euskal kultura herrikoiak jasan zuen eraso bortitza, non hain ezagunak diren sorginen erreketek gai honen inguruko laburpen adierazgarria osatzen ahal baitute. Bertzetik, garai hartako Shakespeare egilearen hitzak ez ziren nola halakoak: «

Navarre shall be the wonder of the world
». Alferrikakoak, hala ere.
Nafarroak 1512-1522 urteetan galdu zuen gerrak euskal lurralde zabal hau ordura arte bizi izaiten ari zen berpizkunde kulturala errotik zapuztu zuen. Unea funtsezkoa zela oroitaraz dezagun. Inkisizio mota guzien lagunak ziren penintsularrek Nafarroa Iparraldetik jasotzen ari zen ur fresko berriari urtegi horma erraldoia ezarri zioten. Akabo europar eragin berritzailea. Latina gibelerat ari zenean, hizkuntz modernoek bere tokia hartzen zutelarik euskara umezurtz gelditu zen, populu zapalduaren bihotzean izan ezik. Ziurrenik gure euskara ordaintzen ari da oraindik une berezi horretan Nafarroako independentziarik gabe gelditzea. Nafarroan, batik bat. Konkistaren ondorioz euskara eskola eta aldundietatik kanpo geldituren zen, Europan zehar gertatzen ari zen aurkako prozesua, alegia.
Azken finean, Jose Maria Satrustegik zioenez (1987): «

Gaztelak menperaturik zegoen nafar jendearen artean euskal kontzientziaren aldeko berpizkundea eman zen, baina ez zuten agintarien laguntza jaso
». Bere ustez, era berean, ez da ausartegia pentsatzea Nafarroako konkistak Nafarroa Garaian galarazi zuela Nafarroa Beherean eman zen berpizkunde kultural zabala, herrikoia zein agintarien artekoa. Hor daude, erraiterako, Etxepare eta Leizarraga, hiru andereek irudikatzen duten testuinguru errepikaezinean: Nafarroako Margarita, Labriteko Juana eta Valoisko Margarita, hain zuzen ere Iparraldean bizi ziren XVI. mendeko Nafarroako hiru erreginak. Arruazuko euskaltzainak laburbildu zuenez: «

Orduan pairatu zituen baldintzak kontuan hartuz gero, egun arte euskarak bizirik irautea guziz harrigarria da, benetan
».


JOAN DE AMENDUX.

Iruñeko Joan de Amendux olerkari euskaldunaren bizitza aztertu beharra dago. Izan ere, berez, iruindar preso batek Tafallako espetxean euskal olerki eder bat idazteak harri gaitzake. Hala ere, Iruñeko hizkuntza euskara zenez, norberak bere hizkuntza menperatzea ez litzateke arraroegia izanen. Iruindarra ikasia baitzen. Dena den, erran dugunez, bere bizitzari so eginez gero datu batzuk interesgarriak direla uste dugu.
Lehenik eta behin, Joan de Amendux XVI. mendeko pertsona dugula erran dugu: 1540-1580. Hortaz, ez zuen 1512-1521 urte bitarteko gerra ezagutu, bai bere ondorioak. Olerkia 1567. urtean idatzi zuen, hau da, XVI. mendearen erdi aldean jaio, hazi, ikasi eta olerki hau idatzi zuen. Jose Maria Satrustegi (1963), Aingeru Irigarai (1963), Jose Maria Jimeno Jurio (1996) eta Patxi Salaberri Zaratiegi (1996) egileen lanak kontuan harturik, iruinseme honen bizitzaren berri izan dezagun.
Bere gurasoak aberatsak eta ikasiak zirela dirudi, aita sendagilea zen. Dena den, sortzez hagitz bizimodu erosoa gozatu behar zuena umezurtz gelditu zen. Zazpi urte zuela aita hil zitzaion eta urtebete beranduago, hain zuzen ere zortzi urte zuela, ama hil zitzaion. Bere izarra itzali zen, nolabait. Hamaika urte zuela Iruñetik Valtierrarat (Bardeak) joan zen, osabarengana. Bertan ikasten hasi zen. Hamabi urte zuela Valtierratik Tuterarat eraman zuten. Hemen idazten ikasi zuen. Hamalau urte zuela Zaragozarat joan zen, lanean hasteko asmoz. Hamabortz urte zuela Zaragoza eta Valtierra artean bizi zen. Hamasei urte zuela Zaragoza utzi eta Iruñerat itzuli zen. Berriro idazten ikasteari ekin zion, denbora laburrez.
Hogei urte zuela bi urtez lanean aritu zen Sevilla eta Flandrian. Hogeita bi urte zuela Zaragozan bizi zen. Hogeita zazpi urte zuela Tafallan preso, euskal olerkia idatzi zuen. Hogeita zortzi urte zuela Iruñerat itzuli zen, bertan bizi zen.
Zergatik preso? Alta, zor kontuak. Zor zaharra, zor txarra. Eta senitarte maltzurren artean gertatuz gero, akabo! Bertze datu bat koktelerako: Umezurtz gelditu den mutikoa. Kulebroia. Telebistarako gidoia agerian. Iruñeko Ezkabapeko txakolinak, horien mahastiak, bereak omen ziren. Baina kendu zizkioten. Zorrak kitatu, nonbait. Borrokatu eta galdu, espetxerat.
Antza denez, aurreko mendearen amaieran mahasti horiek gure senitarte batzuenak ziren. Historia krudelak lotzen duen horietako kasualitate bat. Euskal Herria mukizapi bat baita, mukiz beterik. Abestiaren Euskadi, jende guti, eta gainera denok erdi lehengusu.
Lehenagoko hariari itzuliz, gure protagonistaren haurtzaroko hainbertze urte Tutererrian eta Aragoin igaro ondoren, eta bertan eskolatu, hainbertze urtez Zaragozan bizi eta, Tafallako espetxean, 1567. urtean euskal olerki bikaina idatzi zuen. Bera bizi izan zen toki horietan (Valtierra, Tutera, Zaragoza) ez zuen euskararekin harremanik izan, hango guziak erdaldun elebakarrak ziren? Nola landu zuen tiki-tikitako euskara olerki hura idatzi ahal izaiteko?
Harrigarria, benetan. Hau da Jose Maria Jimeno Jurio ikerlariaren iritzi euskaratua (1997): «

Honela, izen abizenez ezagutzen dugun lehen euskal olerkari iruindarrak Erriberako bihotzean ikasi zuen idazten [...] Han bizi zelarik euskaraz aritzeko aukera zuela pentsatzen ahal dugu [...]
»

Daniel Udalaitz

Azken urteotan banketxeek, bai Hego Euskal Herrian eta baita Espainian ere, bategite prozesu garrantzitsua bizi izan dute. Prozesu hau, gainera, adituen hitzetan, hasi baino ez da egin, Europako Batasunak (EB) dakarkigun errealitate berri honek bategite are garrantzitsuagoak ekarriko baitizkigu. Gogoratu behar da EBak dagoeneko eman diola euroari bere oniritzia, eta moneta berria laster erabiltzen hasi beharko dugula.
Banku marka gutxiago izango ditugu beraz, eta batzuk besteak bereganatzea edo nazioarteko taldeen aliantza handien bidez sortutako banku handiak eratzea izango da joera nagusia. Euskal Herriak, Banco Bilbao eta Banco Vizcayak bat egiteaz geroz bankuen bategite prozesu honetan aitzindari izan denak, ez du atzean geratzeko asmorik.
Bat egiteko filosofia hori ez da Hego Euskal Herrian orain, ez azken hamarkadan sortu. Badira urte batzuk banketxeetako jabe eta kudeatzaileek errentagarritasun handiagoa lortu asmoz filosofia hori aplikatzen dutela. Hori dela eta, garrantzitsua da Hego Euskal Herriko banketxeen jatorria aztertzea; 1860an Hego Euskal Herriko hiriburu bakoitzak bazuen bere bankua. Horrelako azterketa bat burutzea ez zen orain arte lan samurra, datu guztiak Banco Bilbao zenaren (orain BBV) Agiritegi Historikoan gordeta baitzeuden, landu eta argitaratu gabe. Orain, BBVren «Informaciones: Cuadernos de Archivo» aldizkarian lanean diharduen pertsona talde bati esker, lehen aldiz errealitate hori gertutik aztertzeko aukera dugu. Egoitza Bilboko San Nikolasen duen BBVren Agiritegi Historikoaren ekarpen baliagarriaz, lantaldeak Hego Euskal Herriko banketxeenganako lehen ganorazko hurbilketa dokumentala ahalbidetu du.


BANKU TIPOLOGIA.

Oraindik berria den ehun orrialdeko lan honek «Banketxe Pribatuak Euskal Herrian eta Nafarroan 1920tik 1935era» du izenburua. Bertako sarreran irakurlea garai hartako Espainiako testuinguruan kokatzen dute, Hego Euskal Herriko banketxeen bilakaeraren azterketa errazteko asmoz. Azterketak, lehendabizi, «

Euskadiko eta Nafarroako
» banketxeen ezaugarriak biltzen ditu. Horretarako, lehenik bankuen presentzia aztertzen du «

euskal eta nafar merkatuetan
», eta baita banku-karaktereak ere.
Ondoren, atalik zabalena banketxeen jarrera, baliabide eta inbertsioei eskaintzen zaie. Jarrerok urte horietan erregistratutako sei banketxe motetan aztertzen ditu lan honek, eta nahikoa da piska bat irakurtzea garai haietan finantza-erakundeek eta banketxeek nahiz bankarien etxeek bizi zuten ugaritzeaz ohartzeko, ez bakarrik Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan, baita lurralde bakoitzeko herri garrantzitsu gehienetan ere.
Horrelaxe aztertzen dira Banketxe Handiak, Eskualde-banketxeak, Banketxe filialak edo federatuak, Herrietako Banketxeak, krisian ziren banketxeak eta azkenik Banketxe eta Bankariak (bai Bilbon, bai Donostian). Azken hau, gertakari benetan interesgarria izan zen, txosten honetan aurrerago azalduko dugun moduan. Aski litzateke esatea 1922-1923an Araban 16 bankari edo banketxe zeudela, Gipuzkoan 18, Bizkaian 66 eta Nafarroan beste 13.
Euskal Bankuarenganako lehen hurbilketa hori azterketaren ondorioak biltzen dituen gibel solas batez amaitzen da, eta horretan Hego Euskal Herrian garai hartan zeuden sei banketxe handiei buruzko eranskin bana ere badago. Sei banketxe horiek Banco Bilbao, Banco de Vizcaya, Banco del Comercio, Banco Guipuzcoano, Banco de Vitoria eta Banco La Vasconia dira. Azterlan honi aipu bibliografiko eta dokumentalez ematen zaio amaiera.
Banku-tipologia da lan honetan aztertu duten ezaugarrietako bat. Horrela, Hego Euskal Herrian kokatutako bankuak, bere tamaina eta bankuen arteko harremanen arabera, hainbat mailatan bana daiteke. Lehena Banco de Bilbao eta Banco de Vizcaya buru dituena litzateke, garai hartan barne-merkatuan sortzen ari ziren banketxe handien erakusgarri. Bigarren maila batean Banco Guipuzcoano, La Vasconia, Crédito Navarro eta Banco de Avila izango genituzke (azken hau, nahiz eta txiki samarra izan, Gipuzkoa, Avila eta Madrilgo merkatuetan ageri zen); eskualde-banketxe gisa har genitzake hauek. Lehenak Gipuzkoa, Bizkaia eta Madrilgo merkatuetan ziharduen, eta Iruñean kokatutako beste biek sare zabala zuten nafar merkatuan. Hirugarren multzo batean sartu behar dira Tolosa eta Irungo herri-banketxeak. Laugarren maila batean banketxeak eta bankariak leudeke.
Lau multzo hauez gain, banku arteko harremanei begira oraingoan, bosgarren maila bat ere bereiz dezakegu, urte horietako banku filial edo federatuena hain zuzen: Banco de Comercio-Banco Bilbao, Banco Hispano Americano-Banco de San Sebastián (1920), Banco Central-Banco de Vitoria (1922), Banco Urquijo-Banco Urquijo Vascongado-Banco Urquijo de Guipúzcoa

EUSKAL BANKETXEEN JATORRIA

Daniel Udalaitz

zituzten 1920 eta 1935 bitartean. 15 urteko epe honetan biek ala biek gora egin zutela argi da, baina ez zuten bilakaera bera izan, 1931ko krisiak biengan eragin zuzena izan arren.
guztia irakurri

Estitxu Eizagirre

Hernaniko Iraulio Panttalone bertso-kabiak ongi pasatzeko mila era zelebre daudela frogatu du azken hiru urteotan, bertso-lata antolatuz.
guztia irakurri

Daniel Martirena

oraindik hor diraute Iruñean Ermitagaña auzoko 16 ikasleak, soto bat dutela eskolarako. Euskaraz auzoan bertan ikasi ahal izatea zuten euren eskakizuna.
guztia irakurri

Eriz Zapirain

Sareen sarean, Interneten, bere programazioa hedatzeko proiektua eztabaidatu zuten iragan larunbatean Gure Irratiko langileek. Proposamena ez dute eurek egin, kanpotik heldu zaie, Caroline Phillipsek zuzentzen duen Phillips Consulting enpresatik.
Caroline Phillips berak «Internautak» izena duen irrati saioa hedatzen du Gure Irratian eta, mundu horren ezagun, Internet bidez euskarazko emankizunak zabaltzeko proiektua aurkeztu zuen 1997an. Orduan ez zen aukerarik izan, baina «

aurten momentua iritsi da. Zergatik? Gure Irratia momentu on batean dagoelako, indar eta proiektu anitzekin, eta irrati informatizatuaren bidean gaudelako
» azaltzen du Agus Hernan irratiko zuzendariak.
Irratiaren informatizazioaren bidez, Gure Irratiak 24 orenez emitituko ahalko luke —egun programazioak 18 oren ditu, 6:00etatik 22:00etara, eta gainerakoa musika soila da— eta horrek ahalbidetuko luke Interneten sartzea eta bertan zuzenean entzun ahal izatea. Sarean emankizun batzuk edota programazio osoa sartzea zehazteke dagoen arren, irratiak azken aukera honen aldeko hautua egiten du, beti ere informatizazioan urratsak emanez gero.
Hau guztia abian jartzeko lanpostu berezi baten sortzea ezinbestekotzat jotzen du Agus Hernanek eta horretarako «

Estatuaren dirulaguntza beharko genuke
». Langile hori informatizazioa lantzeaz, gaueko programazioa egiteaz eta Interneteko aferaz arduratuko litzateke. Teknikoki berriz, ez lekarke kostu handirik.
Ekainerako egitasmoa egi bihurtzea espero dute irratikideek eta «

web orri hori inongo gaurkotasunik gabeko zerbait izan baino, gure irratia entzungo den tokia izatea nahi dugu, diasporako euskaldunek entzun ahal izan dezaten
»

Hik Hasi

Egoera hau ikusita segidakoon iritziak jaso ditugu: Gipuzkoako Haur Eskolen Koordinakundea, Eskoriatzako Irakasle Eskolako Nerea Alzolak hezkuntza ikuspegia landu du eta Adarra Pedagogia Taldeak eta Haur Eskolen ezarpena nola ari den gauzatzen aztertu dute.


GIPUZKOAKO HAUR ESKOLEN KOORDINAKUNDEA.

Koordinakundeko Haur Eskolak (beste proiektu asko bezala) gizartean zegoen hutsune garrantzitsu bati erantzuteko jaio ziren, hainbat ekimen herrikoiei esker.
Hasierako helburua egoera sozialari lotua agertzen bazen ere, berehala iritsi ginen beste aldarrikapen honetara: «Haur Eskolak haurren eskolak dira» eta haur txikien heziketa eskubideak babestu beharko zukeen Hezkuntza Lege baten beharrean aurkitzen ginenez, hori bideratzera (Estatu mailako Koordinakundean integraturik) zuzendu genituen gure aspaldiko ahaleginak, gaur egun, LOGSE legean gauzatu dena maila handi batean.
Eredu egoki bat finkatzea izan zen abiapuntua. Haurtzaindegi ezaugarriak utzi eta heziketa zentzuan gehiago murgiltzeko, nola ezkondu familia eta haurraren beharrak proiektu bakar batean, proiektu hori, gainera, haurraren heziketarako proiektu bat izateko.
Helburua lortu dugula uste dugu. Gure haur txikien beharrei egoki erantzuten dion eredu baten jarraitzaileak garela esan dezakegu.
Administrazioak egin ditu gauzak. Hor ditugu 2 urteko gelak baimenduta, horretarako legeak ezartzen dituen zikloak puskatzen baditu ere.
Kalitatearen aldetik, bestalde, atzerakada nabarmena antzematen da. Eskola sareen konpetentziaren ondorioz, eskaintza izugarri zabaldu da eta haurren eskolak haurren kontura konpetitiboak bihurtzen ari direla ikusten ari gara, kasu gehienetan gurasoengan soilik pentsatutako eskaintza osagarriak egiten direlarik. Nork babestu behar ditu haurren eskubideak? Familian hezitzeko eskubideak, esaterako? Edota, indibidualitatea bizitzeko eskubidea?
LOGSE legeak ireki dizkigun espektatibak zurrunbilo batean sartu gaitu asko eta asko, eta denbora beharko da berriro taxuzko koordenatu batzuetan mugitzeko. Administrazioa momentuz ikuspuntu egozentriko batean sartua dago, berea besterik ikusten ez duela, bere eskuhartze edota eskuhartze-ezaren ondorioz gertatzen edo gertatzeko arriskuan dagoenari jaramonik egin gabe. Urtetako Haur Eskolak ixten badira, noren ardura izango da? Diputazioak ez direla bereak dio, Hezkuntzak, berriz, inoiz ez direla bereak izan.


ESKORIATZAKO IRAKASLE ESKOLA.

Eskola honen izenean Nerea Alzolak segidako ikuspuntua azaldu du: Euskal Herrian bizitzeak alderdi askotan pribilegiatuak eta aberatsak garela sentiarazten digu. Toki askotan elikatzeko eskubidea zapalduta eta ukatuta dagoela jakinda, ia larritasuna ematen digu intimitaterako eskubidea erreibindikatzeak.
Rawls-ek zera diosku eta oso interesgarritzat jotzen dugu autore honen teoria: «Hezkuntzarako baliabideak ez dira produkzio-ahalmen gisa errenditu dezaketenaren arabera bakarrik banatuko nahitaez, baizik eta hiritarren bizitza pertsonala eta soziala, baita behartsuenena ere, aberasten duten bitarteko gisa duten balioa ere kontuan hartuta. Gizarteak aurrera egiten duen heinean, iritzi horrek gero eta garrantzi handiagoa hartzen du».
Dirudienez, hezkuntza komunitateak —zentzurik zabalenean hartuta— adostasun batzuk lortu ditu eta Brunerrenak moduko proposamenak nahikoa onartuta eta integratuta daude, gutxienez teorian.
Gizakia "homo docens" gisa eta ez "homo sapiens" gisa ulertzeko, kontuan izan behar da kulturaren forma eta tresnak erabiltzea eta menperatzea ez dela adimen handiagoaren kontua, baizik eta korapilatsuagoa dela, hain zuzen ere, gizakiok egoera mentalak subjetiboki konpartitzeko ditugun aukerekin zerikusia duen zerbait. Horri esker, hots, besteak eskaintzen digun laguntza eta gidari esker, hezkuntza eta, azken buruan, inguratzen gaituen munduaren eraikuntza bidegarria da.
Horrela bada, trukaketa eta elkarreragin soziala funtsezkoa dira humanizaziorako. Aldamioak emateak hauxe esan nahi du: eraikuntza interaktiboaren prozesuari hurrengo mailara segurtasunez mugitzea ahalbidetuko dioten euskarriak sortzea.
Halaber, badakigu gizarte eta kultur aldaketek duela urte batzuetakoa ez bezalako bizimodua dakarkietela haurrei. Gaur egun haurtzaroari arreta egokia eskaintzeko behar-beharrezkoa da gure gizartean garapen-inguru oso zainduak eta seguruak izatea.
Haur Hezkuntza ez da gurasoek lan egiten dutelako seme-alabei ezin erantzun ahal izatearen ondorio gisa ulertu behar. Hala berean, hezkuntza ez da gure gizartearen luxu bat, nahiz eta beste egoerekin konparatuz horrela dirudien, ezta gurasoek beren erantzukizunei uko egitea ere, haurrek beren bizitza eta garapena eremu bermatu eta komenigarrian bizitzeko duten eskubidea baizik. Interesatzen zaiguna zera da: haurra bizi deneko hezkuntza-eremuak, bere garapen integrala sustatuko duen inguru fisiko eta afektibo egokia eskaini behar dio.
Haur Eskolak gai izan behar du haurrek hartzen dituzten ekarpen ezberdinak jasotzeko; haurraren eta kulturaren artean bitartekari izan behar du, eta aldi berean, haurrei kultura-sortzaile izaten lagundu.
LOGSEk definitzen duenez, Haur Hezkuntza hezkuntza sistemaren etapa bat da. Beraz, ez da gero eskolaratzen denerako prestakuntza, ondo zaindu behar den haurraren hezkuntzako une garrantzitsua baizik, inbertsio pertsonal eta sozial handia baita. Hau da, Haur Hezkuntzak haur guztien eskura egongo den zerbitzua izan behar du eta honako ezaugarriak izan behar ditu: haurraren eta familiaren beharrei egokituta egotea, haurren garapena sustatzea eta interes eta behar guztiei erantzutea.
Oinarri-oinarrizkoa iruditzen zaigu Haur Hezkuntza haur guztien eskubidea dela berriro aldarrikatzea.
Haurrak zaintzeko era batzuek ez dute errespetatzen haurren eskubide hori.
Haur guztiek dute hezkuntzarako eskubidea, baina kalitatezko hezkuntzarako, jakina. Zenbat eta txikiagoak diren, orduan eta hezkuntza kalitate handiagoa behar dute. Eta familia inguruan zenbat eta gabezia handiagoak izan, orduan eta gehiago zor die gizarteak.


ADARRA PEDAGOGI ERAKUNDEA.

Bilboko Haur Hezkuntza lantaldeak 2 urteko haurren eskolaratze prozesuari buruz oraindik alderdi batzuk argitu barik daudenaren ustez honako ikuspegia azaldu du.
Baina non daude eskolaratze honen emaitzak? Zein da Hezkuntza Sailaren asmoa? Non daude ikuskaritzak egindako datu bilketaren ondorioak? Nolako etorkizuna ikusten dute Haur Eskolen Koordinakundekoek?
Pilota guztiak ez ditugu Administrazioaren teilatura bota behar eta irakasleon arduren hausnarketa eta eztabaida errazteko idatzi dugu artikulutxo hau.


LEHENENGO ZIKLOAREN KOKAPENA.

LOGSEk etapa hezitzaile bezala definitzen du Haur Hezkuntza, hau da, 0-6 urte bitarteko etapa. Etapa hau bi ziklo ezberdinetan banatuta dago; alde batetik, 0-3 zikloa eta bestetik, 3-6 zikloa.
Euskal Autonomia Erkidegoan bigarren zikloa, gutxi gorabehera azken hamabost urtetan eskoletan zabalduta badago ere, lehenengo zikloaren egoera zeharo berezia izan da.
0-3 ziklorako erantzukizuna titularitate ezberdinen menpe egon da eta egoera honek ezaugarri ezberdinak izan ditu Euskal Autonomia Erkidegoko lurraldeetan. Honela, haur eskola pribatuak, publikoa, kooperatibak eta BBK aurrezki kutxakoak aurkitzen ditugu gaur egun herri ezberdinetan.
0-3 urteko haurren eskolatzea % 21,7 bazen 1993an, gaur egun % 85 bi urteko haur eskoletan daude. Bizkaian bakarrik, sare publikoan noski, 200 gela inguru zabaldu dira azken urteetan. Datu honek ez luke negatiboa izan behar, baina egoera honen helburua, marko normatiboa eta ondorioak argi ikusten ez ditugunez, kezkatuta gaude.
Bestetik, egoera hau gure Autonomia Erkidegoan baino ez da zabaldu, eta emandako arrazoien artean batzuk aipa ditzakegu: jaiotze tasaren jaitsiera, sareen arteko norgehiagoka, irakasleen lanpostuak mantentzeko saioa, eskolaren etorkizuna ziurtatzeko asmoa, herrian edo auzoan haur eskolarik ez egotea (bistan dago ez dela beti egia izan).
Lehenengo eta behin, zera salatu behar da: zikloaren izaera apurtu egin dela zikloari osotasunean ez zaiolako erantzunik ematen. Bestalde, lehendik funtzionamenduan dagoen 0-3 Haur Eskolen sarea ez da jaso gizarteak eskatzen duen zerbitzua ongi eskaini eta landu arren. Ez zaio hezkuntzan sartzeko aukerarik eman oraindik, alderantziz, konpetentzia zorrotza ezarri baizik

Eriz Zapirain

ipuinak kontatuko dituzten hamabostetik gora pertsona bildu eta programa osatuko du. Pertsona bakoitzak ipuin bana kontatuko du, bere modura eta bere erregistroekin.
guztia irakurri

Oriol Cortacans

zabalik utzi zuenetik. Elkarrizketak etenda daude baina komunitate zapatisten aurkako presio militarrak bere horretan dirau, azkenotan zapatistak eta drogak nahastu nahian gainera.
guztia irakurri

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan