Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-08-12 14:27:06
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

1999-02-07 -- 1702.zenb

IRULEGIKO IRRATIAREN SOS BILKETA KANPAINA
Otsailaren 13an hasi eta martxoaren 7a bitarte luzatuko du Irulegiko Irratiak urteroko sos bilketa kanpaina. Anhauzen, Maialen Lujanbio, Igor Elortza, Jon Maia eta Unai Iturriagarekin burutuko den bertso bazkari batek emango dio hasiera kanpainari, eta hiru astetan zehar herriz herriz ibiliko dira Irulegiko Irratiko laguntzaileak sos biltzen. Hilaren azken larunbatean kontzertua izango da, Joxe Ripiau, Ikuskariak eta Niko Etxartekin eta kanpainari amaiera emateko, martxoaren 6an, desafiozko pilota partida eta herri bazkaria. Hiru aste hauetan, gainera, emankizun bereziak izango dira irratian

Errenteriakoa da, 31 urte dauzka eta Irakasletza eta Euskal Filologia ikasketak eginak ditu. Euskadi Irratian zortzi urte daramatza, guztiak ere «Maritxu Berritxu» haurrei zuzendutako saioan.
«

Hasi nintzen herriz herri eskoletan grabaketak egiten. Herrialde guztietara joaten nintzen. Hasieran ez nuen eskolarik ezagutzen; orain, 8 urteren buruan, gehientsuenetara ailegatu naiz, ikastoletara, eskola publikoetara, ikastetxe pribatuetara, mojen kolegioetara, euskaraz egiten den toki guztietara
». Materiala bildu, editatu eta aurkezteko moduan jarri, arratsaldero hedatzen den saioan zabaltzeko. Egun ere horrek asetzen du gehien: «

Eskoletara joan eta umeekin egotea gustatzen zait, ume ezberdinak ezagutu, bidenabar Euskal Herria ere ezagutuz
»

EUSKARA KONTSEILUARI EZETZA
Juan Apezetxea, Mikel Belasko,
Aingeru Epaltza, Andres Iñigo,
Patxi Salaberri, Pakita Zabaleta,
Mikel Aranburu, Jose Maria Aierdi,
Mikel Donazarre, Fermin Altzugarai eta
Jose Maria Satrustegi. Horiek dira
Nafarroako Euskararen Kontseilutik
at geratu direnak, beren borondatez.
Urtarrilaren 22an aurkeztu zuten
beren dimisioa. Dimititu duten
12 kontseilukideek erakundeak
ez duela funtzionatzen argudiatu dute. «Edalontziak gainezka» egitearen zioa
zera izan da: FM irrati emisoren
adjudikazioetan Iruñerrian
euskara hutsean emititzen duen
irrati bakarrarekin izandako jarrera.

Iazko Donostia Hiria sarien irabazleak.

Jazzgazzte egitasmoa jarri berri da abian.

XX.EKO AZKEN BERTSO EGUNA
JOAN den urtarrilaren 30ean ospatu zuten bertsolariek Bertso Eguna. «Mende bi tarte» izenburupean mende honetako azken Bertso Eguna ospatu zuten. Ekitaldiak anitz izan ziren. Bat-bateko saioan Manuel Lasarte (hamabost urtez bat-bateko saioetan aritu gabe), Imanol Lazkano, Joxe Agirre, Jon Azpillaga, Txomin Ezponda, Xabier Amuriza, Andoni Egaña, Jon Sarasua, Anjel Mari Peñagarikano, Estitxu Arozena, Igor Elortza eta Jon Maia. Ondoren okasiorako prestatutako bertsoak kantatu zituzten Jon eta Oihane Enbeitak. Bertsoa eta dantzaren arteko uztarketa egin nahian, bertsolariek agurrak kantatu zituztenean Edu Murumendiarazen zuzendaritzapean Aukeran dantza taldeak bertsolarien kantu doinura dantzatu zuen. Bertso Egunak sagardotegian izan zuen amaiera.

DONOSTIA HIRIA SARIAK
URTARRILAREN 23an banatu ziren iazko Donostia Hiria Sariak. Saria jaso zuten Karlos Lizanasorok, Juan Torresek, Pedro Garciak eta Pantzoa Hirigaraik. Aurten jakinarazi dira berriz, datorren urtean saria jasoko dutenak. Jabi Cillerok euskarazko antzezlanaren saria jaso du (1.200.000 pezeta) «Uztailaren laua, Renon» lanagatik. Fernando Morillo azpeitiarrak euskarazko ipuinen saria irabazi du (700.000 pezeta) «Gudaoste ametsak» lanagatik. Gaztelaniazko bi sariak Jesus Jimenez Dominguez zaragozarrak eta Juan Gonzalez Riquelme bartzelonarrak irabazi dituzte.

IRAKASKUNTZA PUBLIKOAREN HAUTUA
IRAGAN astean euren ordezkari sindikalak hautatu zituzten EAEko irakaskuntza publikoko langileek. ELA eta LAB izan dira hauteskundeon garaile, biak berdinduta (62na ordezkari izango dituzte), eta CCOO hirugarren indar izatera pasa da izan duen igoera handiaren ondorioz (37 ordezkari zituen lehen, eta orain aldiz, 60). Partaidetzak ere gora egin du aurreko deialdiarekin alderatuz gero: deituta zeuden 24.000 irakasle eta 3.000 langileetatik % 65 hurbildu zen mahaietara.

CHIMERES HAURREKIN
BIGARRENEZ, Chimeres antzerki taldeak eskolako haurrei antzerkiaren mundua ezagutarazteko egitasmoa burutuko du. Proiektu pedagogiko honi jarraiki, iaz egin bezala, eskolaz eskola ibiliko dira Chimeresko kideak euren lanak aurkezten, egun hauetan hasi eta ekaina bitarte. Orotara, Nafarroako hamabi eskola bisitatuko dituzte (frantses zein euskal sareko eskolak) eta Garazikus elkartearen laguntza izango dute horretarako.

JAZZA GAZTEEI HURBILDUZ
DUELA bi aste Donostiako Musika Bulegoaren aurkezpena egin zen, eta dagoeneko Bulego berriak lehen ekimena abian jarri du: Gazztejazz. Izenak erakusten duen bezala, egitasmo honek gazteengan jazzarekiko zaletasuna piztea du xede. CPV, Tiny Bell Trio, Habib Koite & Bamada, Cyrus Chesnut Trio & Benny Golson eta Ethnic Heritage Ensemble izango dira, besteak beste, egitasmo honetako partehartzaileen zerrendan izango direnak. Kontzertu eta jaialdi sorta udara bitarte luzatuko da.

Nafarroako Euskararen Kontseilua utzi duten 12 pertsonen
artean dago Aingeru Epaltza. Hona Nafarroako Ikastolen Elkarteko lehendakariak gai
honen inguruan esandakoak: «Gu hizkuntza politikaz aritzeko geunden hor, horri buruz
aholkuak emateko, eta horretarako hautatu gintuzten (...) baina ez digute utzi... Momentu
honetan Gobernua erakusten ari den ageriko beligerantzia hori uste dut ez duela inoiz
erakutsi»

Juan Cruz Alli NUPeko irakasle eta CDNko lehendakariak gai bera du
mintzagai: «Gobernua presio zuzenaren bidez saiatu izan da euskararen plangintza
eragozten, eta aurrerantzean ezin badute horrela, argudio ekonomikoa aterako dute,
plangintza garestiegia dela esanez»

Kultura eta Internet izan du hizpide Andoni
Alonso Filologia doktoreak, bi puntu azpimarratuz: «Lehenik, gure kulturak presentzia
lortu behar du eremu honetan. Bigarrenik, nortasun eta kultura gisa bizirauten lagun
gaitzake»

Joxe Mari Auzmendi «Hik Hasi» aldizkariko koordinatzailea hezkuntzaz
mintzo da: «Hezkuntza berriaren funtsa ikasle=pertsona bada, hori bideratzeko
Ikastetxeko Hezkuntza Proiektu bakoitzaren errespetua ezinbesteko da»

J.A Pizarro Gasteizko Unidad Alavesako alkate-ordearen ardurapeko udal-sailak, hogeita hamar milioi pezetako aurrekontua du Gasteizko kale-plakak zehar-berritzeko. Lan horri urtarrilean ekin zitzaion, baina erdaraz zeuden izenak ez dituzte euskaratu eta euskarazkoetan topa zitezkeen akatsak zuzentzen ere ez dute ahaleginik egin.

Donostiako hizkera
Iñaki Caminok Euskonews&Media aldizkariko 18. zenbakian esandakoak: «Herri txikietako hizkuntz ereduak zaharragoak eta, beraz, jatorragoak diren arren, hizkera urbanoek prestijioa eduki ohi dute (...) Donostiarren euskara kaxkarra eta solezisnoren bat edo beste duena dela esatea ohiturazkoa bihurtu da, baina kaxkariñ kaletarrak dira egiazki salaketa hori merezi dutenak, baserrietako donostiarren euskarari ez baitio eramaten oriotar edo hernaniar batenak (...) Donostiako euskara leku jakin bateko hizkera izatetik hizkera sozial izatera iragan izana da. Egun, Donostiako bereko euskara hirurogei urtetik gorako hiztun ez ikasiena da soilik. Kontua ez da, gainera, donostiar gazteek ez dakitela bertako "folk speech" delakoan mintzatzen, baizik eta erdiek ez dakitela ezta hizkera hori nolakoa den/zen ere. Gazte hauei eskatuko bagenie beren hizkera Donostiakora egokitzeko eta emaitza horretako Donostiako ezaugarriak Marzelino Soroaren antzerkietako hizkerarekin aldera bagenitza, idazlearen ezaugarrien kopuruaren erdira ere ez lirateke iritsiko gure gazteenak. Erdaldun asko dago eta euskaldunak zokoratuxe gertatu dira».

Anne Igartiburu
elorriotarrak aktore berrien saria jaso zuen urtarrilaren 27an ezagutarazi ziren Antzerkiko Ercilla Sarietan. Tanttakak eta EHUk ere beren saria jaso zuten.

Pat Bieter
urtarrilaren 25ean hil zen auto istripuz (baita Eloisa Garmendia emaztea ere). Estatu Batuetako Idahoko euskal komunitateko eragile nagusienetako bat zen.

Alberto Iglesias
donostiarrak «Los amantes del Circulo Polar» filmaren jatorrizko musika onena konposatzeagatik Goya saria jaso zuen urtarrilaren 23an.

Joseba Gotzon
musikariak «Historia del ochote en el Pais Vasco 1930-1998» liburua argitaratu du. Zortzi gizonezko abeslarik osatutako talde hauen bilakaera aztertu du bertan.

LOURVIER'S TALDEA SAIO BERRIA PRESTATZEN
Lourdes Bedia, Oscar Terol eta Javier Merinok osatzen duten Lourvier's taldea aurki itzuliko da Euskal Telebistara. Atal berriak prestatzen hasiak dira dagoeneko. Saioak ez du aurrekoaren egitura bera izango, ezta dekoratu bera ere. Oraingo atalek ordubeteko iraupena izango dute eta pertsona ospetsuak agertuko omen dira

MUSIKAREN INGURUKO SAIOA AURKI ETB1-EAN
Bada makina bat urte Euskal Telebistan musika saiorik egiten ez dena. Telebistaren hastapenetan izan zen bat, gerora egin ziren beste batzuk, baina azken boladan ez da deus izan. Orain badirudi berreskuratu nahi dela eta aurki antenan izango dugula. Euskadi Gazteako Joseina Etxeberria izango da programa berri honen gidaria

"IKUSGELA" SAIOAK
EKAINA ARTE SEGIKO DU
Eusko Jarlaritzako Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak bultzatzen duen «Ikusgela» saioak ekaina arte jarraituko du ETB1ean. Aste honetatik hasita eta ekainera arte 94 saio berri eskainiko dira. Jokin Oregi eta Izaro Iraetak aurkezten duten haurrei zuzendutako saioa egunero ikus daiteke euskarazko katean

Elhuyar Kultur Erakundeak, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Foru Aldundietako Gizartekintza sailekin batera, «Gizarte-Laneko Hiztegia» argitaratu berri du. Euskara-gaztelania hiztegi hau paperean zein CD-Romean da eskuragarri eta gizarte-lan esparruaren euskalduntzean aurrera egiteko tresna garrantzitsua izango da.

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan