"Gure zerbitzua hobetu nahi dugu"
Aintzane Gardoki
Zein egitasmo jarri dute abian berriki Hezibideko ikastolek?
Hezibide, Deba Garaian 0 urtetik unibertsitate mailarainoko irakaskuntza kooperatibak batzen dituen elkartea da. 8 ikastetxe dira guztira: 4 ikastola, Mondragon Unibertsitatea osatzen duten 3 fakultateak eta Ahizke-Cim hizkuntz eskola. Orotara, 11.920 ikasle eta beste 600 langilek osatzen dute Hezibide.
Elkarteko ikastolek «Hezibideren aldeko jokoa, errenta segurua» kanpaina informatiboa jarri dute abian, bilerak urtarrilaren 28an hasi eta otsailaren 11an amaituko dira. Horrekin batera, Arrasaten Informazio Bulego berria zabalduko da. Bulego berriaren helburua guraso guztiei informazio zerbitzua eskaintzea da, euren seme-alabentzako ikastetxe bat ala bestea aukeratu aurretik ikastetxeak eta bakoitzaren proiektu desberdinak ezagut ditzaten.
Horrez gain, gure ikastolek elkarrekin, azken hiru urteotako hausnarketa eta azterketaren ondoren, beren hezkuntza eredua hobetzeko helburuarekin, Hezibideko Ikastolen Proiektu Berria sortu dute. Proiektuaren barne-helburuen artean, hauek daude, besteak beste: langileen dedikazioa eta protagonismoa baloratu eta bultzatzea; asetasun, onarpen eta motibazio-maila handia lortzea; eta hezkuntz filosofia beraren oinarrizko ildoetan bat etortzea hezkuntz prozesu osoan, betiere ikastola bakoitzaren autonomia errespetatuz. Hartutako erabakien ondorio gisa, antolaketa berri bat aurrikusten da, gizarteari zerbitzu hobea eta eskola-elkarteari asetasun handiagoa emateko aukera izan dezagun. Hezkuntz eredu kooperatiboarekiko estimua handituz joatea espero da modu honetan.
Erantzunak
Erantzunik ez dago.
Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.