argia.eus
INPRIMATU
Euskal erotismoa
Juan Martin Elexpuru 1999ko urtarrilaren 24a
Zerbaitetan aldatu bada azkenaldian gure gizartea, sexu kontuetan izan da. Hain gazteak ez garenok makina bat `pentsamenduzko pekatu' aitortu behar izan diogu apaizari. Emakumeak eskotea eta belauna erakustea pornografia gogorra zen. Homosexualitatea, masturbazioa eta ahozko sexua, perbertsio izugarriak. Zentsoreak trebeak ziren lizunkeria nonahi ikusten, eta bi aldiz pentsatu gabe debekatzen edo inausten zuten edozein idazki.

HISTORIA APUR BAT
. Hala ere, garai guztietan izan da jendea, debeku eta zigorrei ihes eginez, sexua modu libreagoan bizi izan duena. Literatura erotikoa ere, garai guztietan aurki daiteke, munduko parte batean ez bada bestean, agerian ez bada ezkutuan. Famatuak dira duela ia bi mila urteko Kamasutra indiarra, XVI. mendeko Pietro Aretino italiarraren sonetoak, edo Sadeko Markesaren obra. Orainago etorrita, aipatzekoa da joan den mendean Britainia Handian literatura erotiko gordinenak izan zuen loraldia, moral victoriarra inoiz baino estuagoa zen sasoian. Edo Frantzian, mende honen lehen partean, Apollinaire, Bataille eta beste hainbat idazle `seriok' idatzitako nobela pornografikoak.
Baina genero hau oso zirkulo txiki eta itxien kontua izan da duela gutxi arte. 1965a jotzen da aro berriaren abiapuntutzat. Suedian, Milton jaunak

Private
sortu zuen eta aldizkari eta filme erotikoak ekoizten hasi zen. Urte gutxitan sozializatu zen pornografia Europan eta Ipar Ameriketan.
Gaurko egoera denok ezagutzen dugu: gutxienez dozena bat sex-shop dago Euskal Herrian. Kiosko eta gasolindegietan edozenbat aldizkari, bideo eta CD-Rom eros daiteke. Internet ere josita dago. Liburudendetan bost edo sei bilduma erotiko desberdin aurki daiteke gazteleraz, eta ez gutxiago frantsesez. Tusquets-en La Sonrisa Vertical bildumak 105 titulu atera ditu dagoeneko... Arloaren etorkizun ona azpimarratuko luke negoziante batek.
Hau guztia erdaraz, jakina. Eta euskaraz zer? Euskaraz ezer gutxi; orain eta lehen. Ez da harritzekoa ere, herri `minorizatu' batek literatura erotiko minimoa izatea. Etxepare, apaiza izan arren, bikain hasi zen. Axular, Agirre Asteasukoa, Frai Bartolome... beren pasarte antierotikoetan bada perla bitxirik. Gerratetik hona libreago idatzi da, eta ez da zati erotikorik falta, baina generoko obrak esku bateko atzamarrez konta daitezke. Euskaraz sortuak, bi liburu bakarrik datozkit gogora: Joanes Barolo ezizenekoaren

Falo zantarra
(Elkar, 1988) eta Aitor Aranaren

Ipuin Lizunak
(Kriselu, 1994). Honetaz gain, Ramon Etxezarretaren

Hiztegi Erotikoa
, Sade, Apollinaire eta Bataille-ren itzulpenen bat edo beste, eta kito.
Ezin aipatu gabe utzi urtetan agertu diren bi aldizkari erotiko. Bata homoa: EHGAMen

Xut
literatur aldizkaria; eta bestea heteroa: Gasteizen Vicent Gil de Paules-ek ateratzen duen

Zuku Festa
. Ostiela-k ere izan ohi du bere ataltxoa. Azpimarratzekoa, baita, bi ipuin lehiaketa sortu direla azkenaldian. Bata Basauriko Euskarabila Elkarteak antolatzen duena, eta Iruñeko Sex Haizegoa sex-shoparena, bestea.

ZENBAIT GOGOETA LITERATURA EROTIKOAZ
. Garbi esan dezagun: literatura erotikoaren eginkizun nagusia irakurlea berotzea da, haren zentzumenak asaldatzea, gero, besterekin edo bere buruarekin egingo dituen sexu saioak gozatsuagoak izan daitezen. Baina, sexologo aurrezaleek diotenez, hau bezain inportantea da eginkizun pedagogikoa. Aniztasun sexualaren kontzientzia hedatzea, esate baterako. Homosexualitatea, lesbianismoa, aho estimulazioa, jostailu erotikoak, masturbazioa, sodomia, talde-sexua eta beste hainbat joera eta praktika ulertzen eta errespetatzen laguntzea. Gero norberak ikusiko du horietatik zeintzuk hartu eta zeintzuk ez. Arbolako gerezi guztiak ez dira izaten norberarentzat.
Indarrean dagoen zenbait uste kaltegarri astintzeko ere balio behar luke, hala nola: kopuruari eta tamainuari ematen zaion garrantzia, gizon seduzitzaile-desiatzaile eta emakume seduzitu-desiatu paperak, menpetasuna eta bortxarekin egin ohi den lotura, eta abar. Anatomiarekin eta plazerraren mekanismoekin ere ezin da gezurretan ibili, frustrazioak sortuko ez badira. Ezin da jendea berehala orgasmo bizian ipini sarketa hutsaz. Eta noiz edo noiz antisorgailuen edo gaitzen berri ematea ere ez dago sobera.
Baina argi. Sexologia da gauza bat eta literatura erotikoa beste bat. Pertsona bakoitzak bere fantasiak ditu, eta fantasia horiek aberastea eta berriei bide ematea da, nagusiki, literatura mota honen zeregina. Eta fantasia horien kontzientzia txarrik es sentitzea, jakina. Gizakiok zerbaitetan bagara elkarren desberdin, honetan gara. Batak duena higuin, besteak izan dezake atsegin. Horregatik, oso irizpide zabalez begiratu beharra dago literatura mota honi, `sexualki korrektoak' izateko inolako obsesiorik gabe

Txalaparta, «Letras & Ideas» 1. zenbakia