Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

ARGIA.com-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-11-21 09:36:32
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

1999-01-17 -- 1699.zenb

LEZOKO LITERATUR SARIAK 1996-1997
Hainbaten artean
Lezoko Udala
175 orrialde

Lezoko Udalak duela urtebete abian jarri zuen Jaizkibel bildumaren bigarren argitalpena da honako hau. Joseba Aurkenerenaren «Lezoko ipuin inoizkoak» izan zen lehena eta lan berrian egilea bera topatuko du irakurleak beste hainbaten artean. Izan ere, Lezoko Udal Liburutegiak 1996 eta 1997an antolatutako helduentzako literatur sarien emaitzak jasotzen dira liburuan. Nerea Anzizar, Imanol Esnaola, Martzelino Legorburu, Aitor Sarasola eta Mikel Susperregi dira, goian aipatutakoaz gain, sariak jaso zituztenak, olerki, ipuin zein saiakera ataletan

H. DOSIERRA
Ismail Kadare
Ibaizabal
214 orrialde
980 pta.

Ismail Kadare albaniar idazleak bere herriko kondaira eta alegien berri eman ohi du bere eleberrietan. Honako honek Estatu Batuetan bizi diren bi irlandar gazte ditu protagonista, Homero zer edo zein zen ikertzeko Albaniara joanak direnak eta bertan hainbat gorabehera biziko dituztenak. 1979ko Albaniako giroa islatzen da eleberriaren harian, bukaera aldera albaniarren eta eslabiarren arteko liskarraren aipamena eginez, Kosovo ere azaltzen delarik. Baina Kadaren obran ohikoa denez, gertaeren atzean iraganeko Albania, Epopeiakoa ere agertuko da

KOMANDO AUTONOMOAK
Likiniano Elkartea
192 orrialde

Komando Autonomoen inguruan ez zen libururik argitaratu Likiniano Elkarteak «Un anticapitalismo iconoclasta. Comandos Autonomos» liburuxka kaleratu bitarte. Handik aurrera ere ez da beste lanik izan kalean honako hau burutu den artean. Biak, gainera, osagarriak dira. Bereziki 1977-1986 denbora tarteari erreparatzen dion lan hau bi zatitan dago banatua. Bata, euskaraz, kronologiaren inguruan ekintzak, atxiloketak, heriotzak... biltzen dituena da. Bestean, gazteleraz, ideologia mailako sakonketak eskaintzen dira

OROZKO HARANEKO KONDAIRA MITIKOAK
Anuntzi Arana
EHU
1.122 orrialde

Egileak 1996ko ekainaren 17an Baionan aurkeztu eta orain kaleratu berri duen tesiak bi zati ditu eta hortaz, bi tomotan banaturik irten da argitara. Lehen tomoan corpusa jaso du Anuntzi Aranak, hots, kondairak berak. Sarreraren ondoren Orozkoko ingurumenari eskaini dio atal bat, eta beste bat bilketa lan prozesuari eta berriemaileei. Orozkoko hizkerari eta transkipzioari buruzko hainbat argibide eman ondoren kondairak abiatzen dira: agerpenak, hilak eta gauekoak hizpide dituztenak lehenik, sorginen ingurukoak ondoren, lamiei eta jentilei buruzkoak aurrerago... horrela, mitologiako elementu nagusiak jaso arte.
Bigarren liburukia lehenengoan jasotako kondairen analisiei dagokie. Horregatik, eta analisien ardatzak azaltzen dituen atalaren ondoren, lehen zatiaren banaketa beretsua du bigarren zati honek. Honela, hildakoen eta gauezkoen agerpenak euren atala dute, baita lamia eta jentilek edota sorginek ere... Sinesmenaren inguruko azterketak ere badu bere tokia eta azkenik egileak ateratako ondorioak eskaintzen dira, elementu mitologikoen arteko loturak eta hauek osatzen duten sistema mintzagai direlarik

OROITUZ
Jon Arretxe
Elkarlanean
320 orrialde
2.375 pta.

Ez da lehen aldia Jon Arretxe basauriar idazleak bere bidaiak baliatzen dituena liburu bat idazteko. Hor dira «Tubabu» eta «Tuparen seme-alabak» bidaia kronikak. Oraingo honetan, kronika nobela bilakatu da. Bertako protagonista Nepalen eta Indiako iparraldean dabil, budismoaren zein hinduismoaren bidetik, benetako izpiritualtasunaren atzetik, ez baitu ikusteko irrikaz bidaiatzen, bere burua aurkitzeko irrikaz baizik. Maitasun istorio bat, misterioa... denetik topatuko du irakurleak protagonistaren bidaia-egunkari honetan, Arretxeren lanetan ohikoa denez, estilo zuzen eta arinez

HEZKUNTZAREN NORMALKUNTZA
Hainbaten artean
UEU
297 orrialde
1.900 pta.

Lore Erriondo, Xabier Garagorri eta Xabier Isasi dira liburu honen egileak. Jorratzen diren gaiak, berriz, hezkuntza, curriculuma eta normalkuntza. Horren guztiaren inguruan azken urteotan landutako ikerketen emaitzak ekarri nahi izan dituzte liburu honetara, elebitasun/elebiduntasunaren (hots, hizkuntz prestasunaren) eta euskal curriculumaren arazoei erreparatuz, bigarren horri gehienbat. Liburua ikuspegi orokorretik esparru zehatzetara dabil etengabe, horrela antolaturik hezkuntzaren normalkuntzak planteatzen dituen arazoei erantzunak aurkitzea bideragarriagoa baita

TXOKO TXIKI TXUKUNA
Joxantonio Ormazabal
Elkarlanean
124 orrialde
950 pta.

Joxantonio Ormazabalek haur eta gazteentzako liburu ugari idatzi du «Txoko txiki txukuna» hau baino lehenago: «Patxibusa», «Maripertxenta», «Saturna» edota «Hitzak jostailu» dira horietako batzuk. Oraingoa 8 urtetik gorako haurrei zuzendua da Elkarlanean argitaletxeko Xaguxar sailetik. Liburu hau ez da baina, ipuin bilduma soila, ezta olerki bilduma hutsa ere. Egileak berak «irudimen tailerra» hitzekin definitu du bere lana. Izan ere, ipuinak eta olerkiak baditu, baita irudiak (Elena Odriozolak eginak) eta beste zenbait bitxikeria ere (barrehiztegia eta igarkizunak)

KANTA ONENAK
Egan
IZ
pta.

© ARGIA.com

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan