FIKZIOZKO ZIENTZIA MERKATUETARA IRITSI DA
Aitor Bengoa
landare transgenikoa. Gaur egun, 50 espezietik gora aurki daitezke. Landare transgeniko asko herbizidekiko erresistenteak dira, beste batzuei usteltze prozesua atzeratzen zaie. Abantailak bai, baina kalteak ere izango dituzte kontroletik kanpo dauden elikagai transgeniko hauek. Ingeniaritza genetikoaren teknikak multinazionalen esku jarri dira. Kutsadura genetikoa, XXI. mendeko kutsaduratzat bataiatu du batek baino gehiagok.
Duela oso urte gutxi arte, fikziozko zientzia zirudiena, egiazko bihurtu dela esateagatik ez da jende gehiegi asaldatuko. Harrigarriagoa izan daiteke ordea, hainbat aurrerapen teknikok laborategitik mundu zabalera eta bide batez, gure etxeetara egin duen ibilbide laburra, laburregia agian. Gauzak horrela, eta multinazional handien presioari esker, oraindik, osasun nahiz ingurugiro ondorioak zeintzuk izango diren jakin ez arren, landare transgenikoak gure erosketa saskian topa ditzakegu.
Zientziaren aurrerapen guztien artean, ingeniaritza genetikoa da, ezbairik gabe, hauts gehien arrotzen ari den esparrua. Teknika berri hauetaz baliatzen eta aberasten ari diren enpresa multinazionalek gai honen inguruko eztabaida eragozteko saiakera anitz egin arren, egia esan, maila guztietara luzatu da liskarra. Gai hau puntako zientzialarien biltzarretan, nahiz talde ekologista xume bateko asanbladan aurki dezakegu eztabaidagai.
Lehen landare transgenikoa duela 15 urte eraiki zen eta geroztik izan duten garapena neurririk gabea izan da. Gaur egun, ingeniaritza genetikoaz baliatuta eraldatu diren 50-60 espezie baino gehiago aurki daitezke.
Gizateriak betidanik eraldatu ditu inguruko landareak eta animaliak bere premietara, duela 10.000 urte animaliak etxekotu zituenetik hautespen genetikoa etengabea izan da eta egun ezagutzen ditugun arraza eta barietate asko eta asko, urteen poderioz gure behar eta premietara moldaturiko bizidunak dira. Ale hoberenak sailkatuz egiten den hautespen genetikoa, ordea, prozesu biologiko motela da oso eta beraz, neurri handi batean kontrolpean izan dugu, desabantaila baino onura gehiago erdietsiz.
Ingeniaritza genetikoak ordea, prozesu hauek, neurririk gabe azkartu ditu eta gure gustuko izakia oso denbora txikian ekoizteko gai da. Kasu gehienetan teknika hauen bidez sortzen diren landareek dituzten abantailak oso nabarmenak dira eta produkzioa erruz emendatu da zenbait kasutan.
Baina zein ote dira landare transgeniko hauek sortu ditzaketen kalteak? Erantzun asko aurki daitezke, kasuan kasuaren arabera. Baina laburbilduz, zera esan daiteke, gisa honetako laboreak ez daude kontrolpean eta ondorioz eragin asko ezin da aurreikusi ere egin. Zientzia ez dago ondorio hauetariko asko ulertu eta konpontzeko prestaturik. Abiadura kontua dudarik gabe. Ingeniaritza genetikoak eskainiriko teknikak, gizateriaren zerbitzura jarri beharrean, interes politiko eta komertzial ugari dituzten multinazional erraldoien esku jarri dira.
ARRAINA TOMATEETAN.
Landare transgenikoen artean gehien landu den ezaugarria, landare hauek herbizidekiko duten erresistentzia izan da. Askotan, herbizida hauek ekoizten dituzten enpresek bultzatzen dituzte ikerketa hauek. Landare hauek landatuz, soroetan, herbizida gehiago edo kontzentratuagoa erabil dezakegu laborea hondatu gabe, produkzioa erruz emendatuz. Gaur egun herbizidekiko erresistenteak diren, soia, artoa, kotoia, tabakoa eta beste hainbat labore aurki daiteke merkatuan.
Badira ordea, beste ezaugarri batzuk eraldatu zaizkien landareak, esate baterako, arrain baten genea tomateetan txertatuz, tomate hauen heltze prozesua atzeratzea lortu da, merkatura iritsi aurretik ustel ez daitezen. Beste zenbait labore berriz, intsektu edo parasitoekiko erresistente bihurtu dituzte teknika hauen bidez, hala nola, patata, kotoia, artoa, sagarrak eta letxuak.
Begibistakoa da zein diren gisa honetako laboreen abantailak, esfortzu berdinarekin produkzioa asko emenda daitekeela, alegia. Eragozpenak ordea, handiak izan daitezke eta talde ekologista askok eginiko kanpainei so egiten badiegu, zerrenda luzeak topatuko ditugu landare transgenikoen aurka azaltzeko arrazoiekin.
Kasu batzutan, herbiziden erabilera sustatzen dute labore hauek, erresistenteak baitira, ondorioz, herbizida gehiago erabiliko dira eta gauza jakina da, ingurugiroarentzat kaltegarri suerta daitezkela produktu hauek. Dena den, intsektu eta izurriteekiko erresistente bihurtu dituzten landareen kasuan, justu kontrakoa gertatuko litzateke, erresistente diren neurrian, intsektizida gutxiago behar baitugu. Edozein modutan, beste era bateko arazoak sor daitezke, izan ere, landarea bera da, nolabait, intsektizida gisa jokatzen duena eta zenbait kasutan intsektu populazioak eraldatu ditzaketela pentsatzen da.
Baina landare transgenikoen kalterik larrienak, oraindik neurtzeke daude, ezin baita aurreikusi nola jokatuko duten, zehatz-mehatz, baina arriskuak nahiko nabarmenak dira. Arrisku hauek, kutsadura genetikoa deritzonarekin loturik daude, hau da, ekosistemetan, arrotzak diren geneak sartzen ari gara gure laboreen bidez eta ez da ezagutzen landaretzan eta animalietan gerta daitekeen gene-fluxua zer nolakoa izango den. Kutsadura genetikoa, XXI. mendeko kutsaduratzat bataiatu du batek baino gehiagok eta kutsadura kimikoa edo nuklearra baino askoz ere bortitzagoa izango dela aurreikusten da. Batez ere kontrolgaitza eta neurrigabea bihurtu daitekelako, gure osasunean izan ditzakeen ondorioak ezezagunak diren bitartean.
Ekologoek, oraindik, zenbait ekosistemen dinamikei buruz dituzten ezagutzak oso oinarrizkoak dira eta ezin da inolaz ere aurreikusi nola eragin dezakeen ekosistema batean gen arrotz batek.
Gauza jakina da, toki askotan, kanpoko espezieek, bertako ekosistemetan egin dituzten triskantzak. Agian sonatuena, Australiako untxiena izan daiteke, baina hain urrutira joan gabe ere, etxean baditugu, hainbat buruhauste sortu duten bizidunik, hala nola, karramarroa, arrainak eta landareak. Gauza bakoitza bere tokian jarriz eta geneak espeziekin nahastu gabe, pentsatzekoa da, kutsadura genetikoa, espezie arrotzen kutsadura baino gogorragoa suerta daitekela.
EZIN BEREIZTU ETA ADIERAZI.
Landare transgenikoen erabateko erabilera baten aurrean eta multinazional handiei bidea oztopatzea ia ezinezkoa denez, hainbat taldek, gisa honetako landareak eta berauen eratorkinak, behar den moduan label baten bidez adieraztea eskatu izan du.
Egia esan, kontsumitzaile ororen oinarrizko eskubidea da, erosten edo jaten duen elikagaiari buruzko informazio zehatza izatea, baina, praktikan, ezinezkoa bihur daiteke, landare hauen produktu eratorkinak labelen bidez bereiztea. Adibidez, landare transgenikoen artean aitzindari izan zen soiak, erabilera anitz izaten ditu eta ia nonahi topatuko dugu, hala nola, pentsu, gozoki, izozki, ogi, edari, gazta eta ia edozein elikagai industrialetan. Soia landatu eta saldu duen laboraria eta azken kontsumitzailearen artean dagoen ibilbidea oso luzea da eta kasu askotan, interes gehiegi gurutzatzen dira tartean
Erantzunak
Erantzunik ez dago.
Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.