EUSKALDUNAREN ITZALA SEKTOREAREN GAINEAN DA
Daniel Udalaitz
berriz ere, gauzak dauden bezala daudela Korea eta Japoniako untzigintzarekin lehiatzea ia ezinezkoa baita. Gainera, untziak fabrikatzeko nazioarteko eskaera geldituta dago.
Euskalduna untziola historikoaren itxieraz hamar urte badirela, Ibar Ezkerrean dagoen Sestaoko La Naval —Astilleros Españoles, AESA, osoarekin batera— untziola, Euskaldunari gertatutakoa errepikatzeko arriskuan da, berehalako neurriak hartzen ez badira behintzat. Konponbidea, diru-laguntzak areagotzea baino, Korea eta Japoniaren espantsionismoa —eta dumping-a— geldiaraztean legoke, adituen ustez, gaur egun ezin baita hauen prezioekin lehiatu. Nahikoa litzateke esatea gaur egun Sestaon —edo Espainiako untziolaren batean— eta Korean egindako untzi baten arteko prezioan % 25-30ko aldea egon litekeela.
1998 hasieratik ez da lan berririk kontratatu eta jadanik abian direnen artean, batzuk 1999ko erdialdean-edo amaituko dira, beste batzuk urte bukaera arte iraungo dutelarik. Gainera, Espainiako Untziola Publikoek ezingo dute, orain arte bezala, diru-laguntzarik jaso. Untziaren balioaren gaineko % 9ko diru-laguntza jasotzen zuten Europako Batasunetik. Gauzak horrela, egoera ilun samar ageri da eta beste lanpostu murrizketa bat burutuko da laster. AESA, 1984an 24.587 behargineko plantila izatetik 1998an 5.800 izatera pasa da; azken horietatik milatik gora Sestaokoak dira. Horrek 14 urte eskasetan plantila % 76 murriztu dela esan nahi du. Europako gainontzeko untzigintza industriaren egoera antzekoa da, nahiz eta hauek berregituraketa prozesua Espainiakoek baino lehen hasi izan.
EZIN LEHIATU.
1973tik AESA bere egitura murrizten aritu da, milaka enplegu deuseztuz. Hainbat berregituraketa planek AESAren plantila txikiagotu eta hainbat untziola itxiarazi du. Euskaldunaren kasua bereziki sonatua izan zen, itxieraren arrazoiak industrialak baino politikoak izan baitziren.
Azken egokitzapen plana Lehiakortasun Plan Estrategikoa (LPE) deiturikoa izan zen eta 1996tik 1998ra bitartean garatu zen. Fondo publikoetatik, hau da, gure poltsikoetatik ateratako 200.000 milioi pezetako (8.000 milioi libera) kostua izan zuen planak. Horren truke taldeak bere produkzio ahalmena gutxiagotu eta plantila 10.000tik 5.800 pertsonara murriztu behar izan zuen. Helburua 1998ko galerak geldiaraztea zen. Nolanahi ere, AESAk 24.000 milioi pezetako galerak izan zituen 1997an —LPEan aurreikusitakoak baino sei bider handiagoak— eta 1998a 19.000 milioi pezetako galerez amaitu dute. Datorren 1999rako ere galerak aurreikusi ditu AESAk, 12.500 milioi pezetakoak hain zuzen.
Kontuan hartzekoa da egoera larri hau AESAren fakturazioak nabarmen gora egin duenean eman dela, 1994ko 79.843 milioi pezetatik 1998ko 155.000 milioi pezetara igaro delarik. 155.000 milioi pezetako fakturazioaz AESAk iaz 19.000 milioi pezetako galerak izan bazituen, bere buruari galdetzen dio orain zer gertatuko ote den, EBak untzigintzarako eskaintzen zituen diru-laguntzak desagertu ostean eta eskabide-kartera murriztuz doala ikusita.
Zeintzuk dira etengabeko berregituraketen, untziolak ixtearen, horrenbeste lanpostu murrizketa burutzearen eta oraingo finantza-egoera larriaren arrazoiak? Betiko moduan, azken hamabost urteotan emandako arrazoia ez da aldatu: untziola japoniar eta korearrek untziak geroz eta merkeago egin ditzakete eta ezinezkoa da haiekin lehiatzea.
Momentu honetan, gainera, badira egoera hau areagotzen duten beste bi arrazoi: ia geldiarazita dagoen nazioarteko untzi eskaria eta azken hilabeteetan etengabe beherantz doazen eta jada 1990ean baino beherago dauden prezioak. Adibide gisa, VLCC untzia har liteke; 1990ean 87 milioi dolarreko kostua zuen, 1993an 95koa, eta 66 milioi dolarrekoa baino ez gaur egun. AESAk ez dauka untzi horiek prezio horretan egiterik.
Konponbideak bilatzeko orduan, AESAko arduradunek eta hainbat sindikatuk Japonia eta Korearen espantsionismoa geldiaraztearen aldeko jarrera agertu dute, Koreari Nazioarteko Moneta-Fondoaren (NMF) laguntzen truke zorroztasun handiagoa eskatuz. Era berean, bere produkzioa areagotzeko eta prezio mailan merkatuan lehiakor izateko, NMFko fondoak darabiltzaten herrialde asiar horien konkurrentzia desleiala ekiditeko neurriak eskatu dituzte
Erantzunak
Erantzunik ez dago.
Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.