Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-10-07 09:39:43
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

1999-01-10 -- 1698.zenb

ERRELEBOA, DURANGOTIK DURANGORA

Urtzi Urrutikoetxea

Joan da XX. mendeko Bizkai-Arabako azken bertsolari txapelketa. Herrialdeka egiten direnetan Euskal Herriko mendebalekoa da milurtekoari agur esaten. Gero etorriko dira Nafarroakoa, urtero egiten dena, eta urtebete barru Gipuzkoakoan zein taldek irabazi duen jakingo dugu. Baina amaitu berri den Araba eta Bizkaikoak ezusteko bat baino gehiago ekarri du, pozgarriak gehienak, bizirik ezeze indartsu dagoen bertsogintzaren seinale. Eta gaztetasunean, txapelaren jabetza aldi baterako berea zela ematen bazuen ere, ihes egin dio aurten garaipenak Unai Iturriagari. Ez oso urrun ordea, Igor Elortza bertso kide eta lagun minak Durangora eroan baitu atzera txapela.
Hogeita lau urterekin ez da erraza faborito nagusiaren zama aldean eramatea. Baina zama aldean hartu eta ahal zuen onena emanda lehiatu zen Unai Iturriaga hirugarrenez txapela janzteko. «

Azkenengo biak neuk lortu dodaz eta, milurteko barrian gura dot gordeta»,
erantzun zion Bernardo Mandalunizek jarritako puntuari. Kasualitatea agian, baina orduantxe hasi zitzaion Igor Elortza Unairi honek lehenengo atalean ateratako sei puntuko aldea laburtzen.
Araba eta Bizkaiko Txapelketaren ezaugarri bihurtu da finalaren ikusgarritasuna, azken saioa, ohi denez, zortzi bertsolarik hasten badute ere, saioan zehar punturik gehien lortzen dutenek bakarrik egiten baitute aurrera. Azkenean, ondoen kantatu duten biak bakarrik gelditu arte.
Unai Iturriagak, Igor Elortzak, Aritz Lopategik, Iratxe Ibarrak, Xabier Arriaga «Txiplas»ek, Harkaitz Ugartetxeak, Oihane Enbeitak eta Beñat Gaztelurrutiak ekin zioten bada Bilboko Arriaga antzokian kantuari abenduaren 27an, aipatutako ordenean jesarrita oholtzako aulkietan. Goizeko hamaiketan hasi zen finala, eta atal bakoitzean (zortziko nagusian eta txikian ofiziotan, gaia emanda bakarka eta hamarreko txikian ofiziotan) hiruna bertso kantatuta heldu zen estraineko sailkapena. Jesarlekuen ordenaren arabera gertatu zen hain justu, eta lehenengo laurek aurrera egin zuten.
Ordurako entzundakoek eta azken urteetako ibilbideak zalantza gutxi zekarren aurrera egin behar zuten hiruren artean, durangar biak eta Aritz Lopategi alegia, baina laugarren lekua, eta beraz aurrera egiteko aukera, nork izango zuen ez zegoen argi. Telebista bidez jarraitu zutenek finala lehenago jakin zuten emaitza, txapelduna iragartzean bezalaxe, baina Arriagako pasiloetan eta komuneko ateetan zurrumurruak barra barra zebiltzan. Oihane, fin ibili da, tira, Beñat ere gustatu jat, azken hankaluzea penea izan da, Iratxe Ibarraren alde markinarrak eta Santutxuko Bertso Eskolakoak, «Hogeitabira baietz!» pankartarekin atondu ostean antzokia —markinarraren eta Beñat Gaztelurrutiaren lagunek eraman zituzten animatzeko oihalok—, Harkaitz Ugartetxea ere ez zen oso urrun egongo laugarren postutik... azkenean Iratxe Ibarrak osatu zuen laukotea, Ugartetxeari puntu bi bakarrik ateraz.


AZKEN TXANPA, ERABAKIORRA.

Araba eta Bizkaiko Txapelketan atal honetara erdiesten den lehen emakumea da Iratxe Ibarra beraz, orain lau urte finalera heldutako lehena izan zen bezala. Aurten ere, bi izan dira estreinakoz Arriagako oholtzatik kantatu duten neskak. Eta aren batean, txapela ere izango du honek edo hark seguraski. Baina oraindik nabarmena zen Unai, Igor eta Aritzen nagusitasuna. Hala ere, Unairen erregetzak lehen arraildurak ageri zituen: ordura arte, bai kanporaketa saioetan, bai Zaldibarko finalaurrean ere, argi gailendu zitzaien beste bertsolari guztiei, eta aurrekinek indartu egiten zuten faborito izaera. Aritz Lopategik eta Igor Elortzak itzal egin bai, baina hortik gehixeago lortuko ote zuten zen galdera nagusia. Eta non eta azken txanpan nagusitu zen Igor. 403, 395, 397 eta 371 punturekin egin zuten Unaik, Aritzek, Igorrek eta Iratxek aurrera. Markinarrak bazuen harro egoteko arrazoirik burua laukotean sartu ostean, baina urrunegi zeukan ordurako txapela. Edozelan, emaitza ezin hobea lortu du, bere saioan garaile izan zen finalaurrean punturik gehien lortu zuen bertsoa kantatuz gainera, eta finalean ere txukun ibili zen.
Beste hiruren artean, aldea ez zen gehiegia Unairen alde, eta puntuari oso ondo erantzun zion Igor Elortzak. Aritz Lopategi ere orduantxe gelditu zen beste biak baino atzeraxeago. Beraz, azken saiorako bazetorren erreleboa. Unai Iturriaga-Jon Enbeita duela lau urte, Unai-Aritz Lopategi orain bi, eta Unai-Igor Elortza aurten. Lehenengoz lehiakide gazteagoa zeukan ordura arteko txapeldunak azken txanpan, ordurako aurretik zihoakion gainera, eta ofizioan, bederatzi puntukoan eta kartzelako lanean areagotu egin zuen aldea. 838 puntu lortu zituen Igorrek, Unaik baino hogeita lau gehiago, eta txapeldun berria da Euskal Herriko Mendebalean.
1990ean hasi zen lehenengoz txapelketan, eta estreinakoan heldu zen finalera, artean hamabost urte zituela. Askok daukate oraindik mutiko haren irudia gogoan, Arriaga handi etorri omen zitzaion, baina azkenean zelan altxatu zen harro. Ordutik apurka apurka landu du, eta hogeita hiru urterekin finalean beteranoa izaki —bostgarrena izan du— txapela lehenengoz janztea lortu du. Ohiko txalo zaparradak jaso zituen txapeldun berriaren izendapenak eta bere ingurukoei eta presoei eskaini zien azken agurrak, baina beste zerbaiten seinale ere bazen.
Kanporaketetan zein final aurreetan gelditu ziren faboritoek (Juanjo Respaldiza, Jon Enbeita) argi erakusten zuten ez zegoela aurretiaz ziurtatutakorik, edonork egin zezakeela kale gutxien espero zenean. Baina Unai Iturriaga herrialdea gainditzen duen mailan dago, Euskal Herriko elitean dabilen bospasei bertsolarien ingurunean, eta oso gutxik egiten dute berak adina saio. Beste edozer baliteke, baina aurretiaz erakutsitako nagusitasunak hirugarren txapela berea izango zela pentsarazten zion jende gehienari. Ustekabeen, aurpegi berrien eta aldaketen txapelketa izan da hau ordea, eta gorengo lekuari gogor ekin zion Igorrek. Saio fina egin zuen, eta hogeita lau puntuko aldea zerbaiten erakusle da.


EZUSTE EDERREN GOIZA.

Sari banaketaren txanda heldu aurretik, ustekabeko omenaldia egin zieten Harkaitz Ugartetxeak eta Beñat Gaztelurrutiak Bizkaiko bertsogintza suspertzen lan handia egin duten hiru pertsonari. Saioan zehar esan zieten ezustekoa prestatzeko, eta Igorrek bere kartzelako lana amaituta, Bernardo Mandalunizi konplizitatez mikrofonoa kendu ostean Xabier Amuriza, Jon Lopategi eta Jon Enbeita deitu zituzten oholtzara igotzeko. Egun hartan txapela jantziko ez zuten hiru txapeldunak, Ugartetxeak izendatu bezala, ikuslegoaren artetik irten ziren, eta saioko une hunkigarrienetakoa sortu zen. Bizkaiko bertsogintzaren kimuek sustraiei gorazarre.
Izan ere, oholtzan zeuden zortzirak, era batera edo bestera, hiru haiek hasitako eskolatik baitatoz. Jon Enbeita finaletik kanpo geldituko zela zirudienean, aldaketa handiko txapelketa zela iragarri zuen batek baino gehiagok. Gaztetxoenak oso itxura ona eman zuten kanporaketetan, eta indartsu datoz bultzaka, Arriagara inor heldu ez bazen ere. Oihane Enbeitak aitari hartu zion lekua, oso saio dotorea egin zuen Ibon Ajuria ateetan utziz, eta Beñat Gaztelurrutia ere lehengoz sailkatu zen Bilboko finalerako. Gazteak, baina luzez trebatuak, irakasleekin hasieran, eta plazaz plaza jarraituta. Txiplasek zortzigarren postua lortu zuen, baina finalera sartzea saria da bizpahiru ez beste guztientzat. Kontuan izanda Errigoitikoak behe behetik hasi zela, sailkapen saioetan, espetxetik irten berritan ez baitzuen final erdietarako txartela lortu. Esan bezala, bere maila agerian utzi du Txiplasek, eta ofiziotan sekulako erantzunak entzun ahal izan zaizkio final aurreetan bezala finalean. Bat baino gehiago poztu du Txiplasen kantakerak. Hogeita hamar urtera heldu ez den Aritz Lopategi finaleko beteranoena izatea zerbaiten seinale izateaz gain, bertsogintzaren esparru bat ostenduko litzateke agian, baina aurten behintzat, ederto ibili da Txiplas.
Azken atalera pasatzear izan zen Harkaitz Ugartetxea ere. Puntu bik itxi zioten atea. Edozelan, argi erakutsi du duela urte bi ez zela kasualitatez finaleraino iritsi, ordukoa ezustekoa izan baitzen, eta oso gauza itxurosoak entzun zitzaizkion mallabiarrari. Eta seguru entzun ahal izango dizkiogula oraindik ere. Non ibilia behintzat etxean bertan dauka, anaiari ere gutxi falta izan baitzaio Arriagan egoteko.


ELKARTEA, POZARREN.

Bizkaiko Bertsozale Elkarteak dauka urte birik behin Araba eta Bizkaiko Bertsolari Txapelketa antolatzeko ardura. Igandeko bertso mozkorraldiaren ostean, Zornotzako egoitzan txapelketa ostekoetan zebiltzan arduradunak, eta poza nabaria zen. Balantzea egin barik izan arren, aurtengo erronka arrakastaz joan dela aipatu zuen Joxin Iturrioz Elkarteko liberatuak. «

Oso polita izan zen atzoko goiza, bertsogintza indartsu dugula Bizkaian argi gelditu zen, eta ez dagoela etenik
». Izan ere, gazteak heltzen hasi zirenetik lehengoz gertatu da erreleboa, eta txapelketaren naturaltasun hori datu positiboa da inondik ere.
Erronka finaletik haratago joan da ordea. Inoizko txapelketa handienari aurre egin behar izan dio Elkarteak, han hemenka saio motak antolatzeko udalekin harreman sarea sortu eta ia urte osoko lanaren fruituak orain ageri dira. Berrogeita hamabi bertsolarietatik zortzik lortu zuten Arriagan kantuan ibiltzea, Igorrek bakarrik txapela, baina atzean dagoen oinarria argi dago sendoa dela.

«Horren txapelketa luzearen
—ekaina amaieran hasi baitzen—

arriskua jendea nekatzea ere bazen, baina finaleko saioan Bilboko Arriaga antzokia gainezka egon zen, giroa ezin hobea izan zen, eta goiza borobiltzeko, bertsolariak ere oso fin ibili ziren, tarteka goi mailako ateraldi ugari entzun genituen
», aipatu zigun Iturriozek. Lehenengoz, Arriaga antzokirako sarrera erostean jesarleku zenbakia ere bazekarren. Kontuan hartzeko zenbait arazo salbu, erabaki ona izan zela gaineratu zuten Elkartekoek, beste urte batzutan antzokiko ateak zabaltzean egoten ziren lasterketak ekiditeko eta ikusle guztiak patxadaz heltzeko final handiraino

Erantzunak

Erantzunik ez dago.

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.

Albiste honi erantzun

Albiste honi erantzun

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan