"Euskal estatu abertzale independentea erabat suizida da gaur egun. Eduki politiko sakona izango duen Europako erregio autonomoa izatea da Euskal Herriarekiko nire helburua". Jose Antonio Ardanza EAEko lehendakari ohiak esana da.
Ana Maria Vidal Terrorismoaren Biktimen Elkarteko lehendakariaren ustez, "bakearen ordaina presoak hurbiltzea bada, ez diot eragozpenik jarriko baina, hori bai, beti ere ondo giltzaperaturik jarraitzen badute".
Fernando Alvarez de Miranda Espainiako Herriaren Defendatzailea (Arartekoa) legean oinarritzen da presoei dagokionez: "Espetxe Lege Organiko Nagusiaren 12. artikuluaren ondorio zuzena da presoak zigorra bere ingurune sozialetik ahalik eta gertuen betetzearena".
Juan Gutierrez, Gernika Gogoratzu institutuko zuzendaria: "Ez dut sinesten "bakea presoen truke" ekuazioan oinarritutako prozesuan".
Carlos Iturgaitz PPko EAEko lehendakariak desafioa luzatu zien Barrionuevo eta Verari: "Publikoki onar dezatela beraiek izan zirela GAL taldearen sortzaileak".
Rosa Diez eledun sozialistaren ustez, aldiz: "erruduntzat jo ditu epaileak baina nik beren errugabetasunean sinesten dut eta gainera bi herritar ohoragarriak iruditzen zaizkit".
Victor Aierdi Elkarriko koordinatzailearen esanetan udaberrirako atera liteke eskubide historikoen inguruan gizarte mugimendua lantzen ari den bostgarren borradorea. Laugarren borradoreak oihartzun handia izan zuen gizartean eta orain eskubide historikoena isil samar badago ere, bake prozesuak aurrera egin ahala eztabaidan bere lekua hartuko duela dirudi.
Idoia Zenarruzabeitia, Juan Jose Ibarretxeren Lehendakariordetzako koordinatzailea izan dena, izango bide da Ajuria Eneko apopilo berriaren kolaboratzaile hurbilenetakoa. Aurreko legealdian EAJko parlamentaria izan zen baina karguari uko egin zion Ibarretxeren taldeko koordinazio lanean jarduteko.
Jakoba Errekondo
Hostajea galtzen duten landareen neguko barealdi hau da batetik atera eta beste nonbaitetan landatzeko aproposa. Urteko egunik motzenak eta gaurik luzeenak diren honetan, argitasuna eta tenperatura eraitsita daude. Su-egur pilari astindu bat emateaz gain, beste zura batzuk dantzatzeko sasoirik egokiena ere bada. Aitzurrraren kirten edo kiderreko lizarra, adibidez.
Errioxarrek dioten eran, ondalanak egin eta mahatsondo berriak sartu behar dira orain. Ondalana nik ezagutzen dudan nekazaritza-lan txarrena izango da. Ondiaitzurra hartu eta, ihartu edo behar baino mahats gutxiago ematen duen landarea ipurditik eta sustrai handienak ahal den ondoenetik ateratzea da ondalana. Kubikoa baino handiagoko zuloak egiteko gauza dira... Sustraiak hain ondotik atera beharraren arrazoiaz behin baino gehiagotan galdetu dut, ez alferrik! Agintzen duen aitonak horrela eginda ikusi nahia da gehienetan erantzuna.
Nire iritziz, sustraiek lurrean eragiten duten aldaketa kimikoa deuseztu eta jartzen den landare berria luberrian balego garatu dadin egiten da. Ehunka urtetan landare berdina elikatzera ohitu den lurra ondo asko ezagutzen duenaren nahia da bai, ondalan sakona eskatzen duen aitonarena.
Ondalan sasoi honetan horrelako zuloa egiteko sasoiko gaztea aitontzen denean ere, ondalan asarre horiek ikusi nahi dituela aginduko ahal du. Aitona sustrai horiek erreaz berotuko baita. Gaztea, berriz, ondalanean. Horretan edo besteren batean; bilatuko du bai!
Jabier Agirre
Jan-neurri edo dieta mediterranioa, oliba-olioan aberatsa, gantz saturatuetan pobrea eta karbohidrato nahiz zuntzetan ez oso aberatsa eta ezta oso pobrea ere den dieta, horixe da jan-neurririk onena diabetikoentzat (intsulinaren aurrean dituzten erresistentzi arazoei aurre egin ahal izateko) eta baita paziente hipertentsoentzat ere, Europako Arterosklerosi Elkarteak burutu duen bere urteroko topaketan esan zen bezala.
Jan-neurri mediterranioak diabetikoetan gertatu ohi den lipoproteinen kontzentrazio-gehitzeak jaitsi edo murrizten ditu, odolean glukosaren kontrola (edo gluzemia) hobetzen du eta intsulinarekiko sentikortasuna gehitu egiten du, Mancini irakasle italiarraren ustez.
Mancinik, bere ikerketa taldearekin batera, Italia osoan egindako azterketan 6.000 pertsona hartu zituen, eta zera ikusi zuen: kolesterol-mailak askoz ere baxuagoak zirela beren jan-neurrian oliba-olioa erabiltzen zuten pertsonetan. Zenbat eta altuagoa izan oliba-olioaren kontsumoa, orduan eta baxuagoa da azukre-maila odolean, baraurik egonik, dio Mancinik. Eta oliba-olioan, berez aberatsa den dieta batek babes handia eskaintzen du arterosklerosiaren arrisku-faktore nagusien aurrean.
Arterosklerosi Elkarteak egindako topaketetan horixe gomendatu zien Mancinik bere lankide europarrei: eska diezaietela beren pazienteei karbono-hidratoak oliba-olioarekin ordezkatzea, honek dakartzan mesede eta onura ukaezinak ikusirik
PRESIOA GORAKA
Larunbatean, hilak 9, Lizarrako akordioaren inguruan bildutako alderdi politikoek deituta, presoen eskubideak aldarrikatzeko manifestazioa egingo da Bilbon. Euskal presoen eskubideen alde egiteko EAJ, HB, EA, IU-EB, AB, Batzarre eta Zutikek elkarrekin egiten duten lehenbiziko deialdia da, nahiz eta beste batzuetan egon izan diren gizarte erakundeek antolatutako ekitaldietan. Behin hasita jarraitu egin behar, giroa hoztu ez dadin. Hor dago erronka. Presioak gora egin dezan hurrengo neurriak zeintzuk ote dira?
Abian da EAJ eta EAren Jaurlaritza.
Barrionuevo eta Vera espetxetik ateratzen.
PP ETA PSE-REN ERASOA
JAURLARITZA berriaren balizko frontismoaren aitzakian EAEko popular eta sozialistek beren arteko lokarriak sendotzeko joera ageri dute azken asteetan. Helburu nagusia, euskal erabaki esparruari muzin egitea eta erabaki gunea —euskal herritarrona— Espainian kokatzea, «terrorismoa Espainia mailako arazoa delako». Espainia mailan aurkari direnak, Espainiako batasunaren izenean aliatu finak bihurtuko dira Euskal Herrian. Ez da arazo makala izango; gutxiengo handia dira EAEn —eta mediatikoki nagusi— eta Euskal Herri osoan beraien parekideak kontuan hartuz nagusi. Oraingoz bederen. Bestetik, logika baten barruan ere sartzen da, elkarrizketa eta negoziazioetarako bakoitza bere indarrak prestatzen ari den seinale.
ABIAN DA JAURLARITZA BERRIA
URTE berriarekin batera abiatu da Jaurlaritza berria ere. Berritasun ugarirekin gainera. Abertzalez jantzia eta bere orain arteko jardunean izandako erronka gaitzenarekin esku artean: euskal herritarren borondatean oinarritutako bakea gauzatzea. Bake prozesuari dagokionez, EAJ, EH eta EAren arteko adostasun puntu nagusiak aztertuta izango dira dagoeneko, ez horrenbeste gobernuaren eguneroko kudeaketari dagokionez. Desadostasunen eremua agian ez dago horren aztertua, eremu zehatzei buruzko ikusmolde desberdinek egunerokotasunean egingo baitute salto Jaurlaritzaren magalera. Ekainetik aurrera beste jauzi bat izango da gainera, baina oraindik goiz da jauziaren tamainaz jarduteko.
POLITIKOEK «BAI EUSKARARI»
BEDERATZI alderdi politikok —EAJ, EA, HB, IU-EB, AB, CDN, Zutik, Batzarre eta ICV alderdiak— `Euskararen normalizaziorako konpromiso politikoa' sinatu zuten iragan abenduaren 21ean, «Bai Euskarari» kanpainaren barruan. Poztekoa dira horrelakoak eta zoriontzekoak —areago CDN moduko alderdiak hor ikusita—, baina kanpaina erraldoiaren berotasunera hurbiltzea samurragoa izateaz gain, batzuetan salgarria ere bada. Egunerokotasunean gaitzago izaten da eta konpromezuaren maila orduan ageri da.
GOTZAINEN ERASOALDIA
SETIEN gotzainari zelanbaiteko babesa eman guran-edo, gotzain desberdinak atera dira bake prozesuaren eremura. Blazquez Bilboko gotzainak biktimen gaiari heldu zion, uneren batean biktimak beraien ahanztura sentitu badute barkamena eskatuz. Fernando Sebastian Iruñea eta Tuterako gotzainak euskal presoak hurbiltzea eskatu dio Madrilgo Gobernuari eta ETAri armak behin-betiko uztea. Espainiako Apezpiku Batzarreko lehendakariak ere, Elias Yañezek, euskal gotzainek bakea bultzatzeko egiten ari diren lanari bere sostengu osoa eman zion.
JUSTIZIA ETA ERAGINKORTASUNA
SARRITAN ez da justizia kontua —Espainiako Justiziak ondo erakutsi digun legez—, eraginkortasunarena baizik. Barrionuevo eta Veraren askatasuna bake prozesuan kalkulatutako mugimenduetan aurreikusita baldin badago, gaitzerdi. Beste aldera begiratuz, laster ikusi ahal izango dugu gobernuak nola jokatzen duen hurbilketekin eta HBko Mahai Nazional espetxeratuarekiko zurrumurruak non geratzen diren.