URTE berri honetan ere, besteetan bezala, herrialde ezberdinetako ikastolek euren festa egingo dute. Nafarroa Oinez 99 aurkeztu dute dagoeneko arduradunek. Iruñeko Jaso ikastolak antolatuko du eta «Jaso dezagun euskara» leloa hautatu dute jaialdirako. Hamabost urte geroago, berriro ere Nafarroa oinez hiriburura itzuliko da, beraz. Ibilbidea ere hirian bertan kokatuko dute Arga ugaldearen ertzean bereziki. Egun 569 ikasle dituen Jaso ikastola duela 17 urte sortu zen eta DBHra egokitzeko ordua iritsi zenean, aurreko egiotza nahikoa ez zela ikusi eta eraikin berriaren beharra agerian geratu zen. 753 milioi pezetako (30 milioi libera) aurrekontua du eraikinak eta jaialdiari esker kopuru horren zati bat estaltzeko asmoa dute Jaso ikastolakoek. Data ere ipinia dute: Urriaren 17an ospatuko da Nafarroa Oinez 99.
KALDERAPEKOK URTE BETE1997ko urte amaieran AEKk gune berria zabaldu zuen Bilboko Zazpi Kaleetan. Hainbat bulego eta ikasgelaz gain, eraikinaren lehen solairuan Kalderapeko Kulturunea sortu zuten. Bada, gunearen lehen urtebetetzea ospatu berri dute eta horretarako hainbat ekitaldi antolatu zuten urtearen amaieran: Joseba Tapia, Koldo Izagirre, Morau eta Pi.L.T taldeak eskaini zituzten kontzertuak. Zabaldu zenetik hona, Kalderapeko guneak 70 ekitalditik gora jaso ditu: kontzertuak, poesia, mintzaldiak... guztia euskara eta euskal kultura euskaltegiko lau hormetatik at ere zabaltzeko helburuarekin.
DANTZA IRAKURGAIEUSKAL dantza tradizionalaren inguruko bi liburuk ikusi berri du argia. «Invitación al estudio de la Danza Tradicional en el País Vasco» du izena horietako batek. Kepa Fernandez de Larrinoa antropologoak koordinatutako lan honek euskal dantzen inguruan orain arte idatzi denaren bilduma bibliografikoa da. Kontsulta liburua da, beraz, eta erabilgarritasuna du helburu. Beste liburua, «Fronteras y puentes culturales: danza tradicional e identidad social», Euskal Herriko eta inguruko beste herri batzuetako dantzen eta hauen arteko harremanen inguruko ikerlana da, sei saiakera desberdinek osatzen dutena. Usadiozko dantzak, herri kultura eta nekazal folklorea landu dira, Euskal Herriko dantzez gain, Kantabria, Soria, Errioxa, Aragoi eta Biarnoko hainbat dantza kontuan harturik. Bata zein bestea Eusko Jaurlaritzak duela bi urte abian jarritako «Dantzara» egitasmoaren barruan argitaratu dira.
MUSIKA GARAIKIDEAREN PUNTAORIOKO Aus-Art-records zigiluak sail berri bat jarri du abian, «Puntaren-punta» izenez bataiatu duena. Sail honen bitartez, musika garaikideko euskal musikari gazteak eman nahi dira ezagutzera. Saileko disko bakoitza musika tresna bati eskainiko zaio eta tresna horrentzat egindako piezek, Euskal Herriko konpositoreek eginikoek zein atzerritarrek sortutakoek eta beti ere mende honetan konposatuek, osatuko dute lana. Horrela, lehen diskoa, dagoeneko kalean dena, gitarrari dago eskainita —Eduardo Baranzano eta Airean laukotea aritu dira bertan—. Hurrengoetan akordeoia, saxoa eta ahotsa entzun ahalko dira.
Bizkaiko Foru Aldundiko Lan eta Ekonomi Sustapen Sailak «Diseinuz» izeneko aldizkaria kaleratzen du, esparru horren inguruko gaiak jorratzeko, diseinuaren ingurukoak, alegia. Titulua bera euskarazkoa izanik, hainbat ataleko izenak bezalaxe —Atalak, Berriak...—, gainontzean ez dute hitz bat bera ere euskaraz ipini.
Bertso `automatiko' asko entzun dugu.
Titulu hau ipini zion Rufino Iraolak «Diario Vasco»n idatzitako iritziari Araba-Bizkaiko Bertsolari Txapelketaren finalaren egun berean, hots, abenduaren 27an, finaleko saioa baino lehen, hona Iraolak gainerako saioetan ikusitakoarekin ondorioztatu zuena:
«Bertsolaritza `modernoari' buruz aspaldi samarretik daukadan uste zaharra areagotu baino ez da egin nire baitan: bertso `automatiko' asko entzun dugu, hau da, sormenaren lana baino klitxe estereotipatuen emaitza gehiago diren bertsoak. Zer esana baino esan beharra ugariago pilatu zaie bertsolariei.
Bertso egikera beretsua ikusi dugu: arrazoiketa antzekoak, errimak berdintsuak, doinuak ere bai. Taldekako entrenamendu eta praktika gidatuaren ondorioa da hau, neurri handian. Ortodoxia zorrotza nabari da alde guztietan, gai jakin bat tratatzeko pautak ezarriak daude: badakigu homosexualitatea nola tratatu, xenofobiari buruz zer esan, Nikaraguaz nola errukitu, langile arazoa nondik enfokatu, enpresariei nola eraso... Segidismoa eta orijinaltasun falta ikusten da. Bertsolarien diskurtsoa oso uniformizatua ikusten dut. Badirudi gustu, kezka, arazo, tabu eta obsesio berberak dituztela».
Antton Olariaga marrazkilariak Gipuzkoako Foru Aldundiko Euskara eta Kultura departamentuak sortutako Anton Abbadia saria jaso du. Marrazkien bitartez euskararen mundua aberastu izana eskertu nahi izan diote sariarekin.
Aurelio Arteta margolariaren hainbat lan ikusgai dago Bilboko Arte Ederretako museoan, «Aurelio Arteta, funtsezko begirada» izenburupean. Arteta Bilboko Arte Ederretako zuzendari izendatu zutenetik 75 urte beteko direla eta zabaldu dute erakusketa.
Harkaitz Cano idazle lasartearrak irabazi du Arabako Ignacio Aldecoa ipuin lehiaketa euskarazko sailean. Canok «Jon Mirandek balada bat idazten du Jim Morrisonen omenez» izenburuko lanari esker jaso du sari hau.
"EASY PEASY" SAIOAK
ETB-1EAN JARRAITUKO DU
«Easy Peasy» saioak urte berri honetan ere Euskal Telebistako programazioan jarraituko du. Gabon arteko ibilbidea Back Stage ekoiztetxearekin egin badu ere, hemendik aurrerakoa, zenbait arrazoi direla medio, beste etxe batek egingo du, Baleukok hain zuzen. Jarduera berri honetan pertsona ospetsuek partehartze handiagoa izango bide dute
"GOENKALE ESKER MILA"
HILAREN 17AN HASIKO DAGauzak ondo, ikasturte honetan 1.000. atalera iritsiko da Goenkale telesaila. Euskal Telebistako saiorik arrakastatsuenaren egitandi hori ospatzeko-edo, programa berria estreinatuko du kate publikoak urtarrilaren 17an. «Goenkale esker mila» izenburupean, Goenkalez baina baita beste kontuez ere ariko den magazina izango da
ARGIÑANO IGANDEAN
ITZULIKO DA TELEBISTARAKasik urtebeteko atsedenaldia egin ondoren, igande honetan, hilak 10, itzuliko da Tele5 katera Karlos Argiñano sukaldari ospetsua. Astean behin egingo du programa, igandetan 14:00etatik aurrera. Tarte honetan T5 katean agertu ez bada ere, Argentinako telebistarako jarraitu du lanean. Han ere izugarrizko arrakasta izan omen du
Iragan urteko irailean ospatu zen Donostiako 46. Nazioarteko Zinemaldiak, azken urteotan egin legez, bertan gertatutakoen balantzea egin eta argitalpen batean jaso du. Zinemaldian bertan euskararen erabilera behar bezalakoa izan ez bazen ere, argitalpen honetan, bederen, testua elebietan ipini dute, kasu batzutan euskarari lehentasuna emanez.
Donostiakoa da eta 24 urte dauzka. Azken hiru urte eta erdiak Donostiako Herri Irratian eman ditu lanean, goizeko nahiz arratsaldeko magazinean edota informatibotan kolaboratzen. Udatan berriz, goizeko magazina zuzendu izan du. Egun «Muxutruk»en dabil, Carolina Saenz de Bikuñarekin batera.
Magazinetan albistegietan baino gusturago aritzen da: «
batez ere lan taldean dugun giroa gustatzen zait». Baina «
nire helburua kiroletan jardutea izango litzateke, eta batez ere futbol jarraitzaile moduan». Realekoa izateaz gainera, Sabadell taldekoa ere bada: «
bertako bazkide banaiz». Irratia du telebista baino nahiago, «
jendearekin harremana zuzenagoa delako eta telebistan, irudia dela-eta, ez nintzatekelako seguraski hain ziur agertuko»