Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-11-21 09:36:32
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

1996-10-20 -- 1596.zenb

«EAJko jendearengatik izan ez balitz euskara galdua zen honezkero»

Jon Odriozola

argazkia

EAJren lanak euskararen inguruan historian zehar liburu batean
«EAJko jendearengatik izan ez balitz euskara galdua zen honezkero»
EAJko zenbaitek euskararen alde egindako lan eskerga bildu du Mikel Atxagak liburuan

Sabino Aranatik hasi, eta besteak beste, Lizarditik barrena, Mitxelenaraino, 50 gizon-emakume langileren berri eman duzu.

Hiru horiek, bereziki aipatzen direnak dira. Bidean beste jende asko gelditu da aipamenik ere egin gabe. Jende ospetsua guztia.

Gerra aurreko belaunaldi horri eskerrak luzatu nahi nizkion eta bide batez EAJrentzat euskara funtsezkoa dela adierazi nahi nuen. Horretarako, alderdikideak eta alderdiaren baitan karguren bat izan duten pertsonak behar nituen. Edozeinekin ezin nuen erakutsi alderdi bat euskaltzalea zen ala ez.

Liburua, euskara bultzatzen jardun eta oharkabean igarotako belaunaldi zigortuari eskaini diozu.

Pertsona horietako asko ez nituen ezagutu, ni jaiotzerako hilak baitziren. Beste batzuk, berriz, ni ezagueran sartzerako, gerra galdu eta erbestean, espetxean... zeuden. Guztietatik oso jende gutxi ezagutu eta gutxirekin izan izan dut hartuemana (Mitxelena...). Hala ere, jende hark piztu zuen niregan abertzaletasuna.

Belaunaldi hartako irakasle batek, Andoni Basterreretxeak, 13-14 urte nituela, euskararen aurka debeku gogorra egonik ere, kantu asko erakusteaz gain, euskaraz idaztera bultzatu ninduen. Bide batez, euskarazko gramatika apur bat ere irakatsi zigun, baita irakurtzeko zenbait liburu utzi ere. Horrek guztiak eraginik izan zuen niregan.

Zure euskalzaletasun eta abertzaletasunean zeresanik izan duen belaunaldia beraz.

Bai horixe. Jende asko ezaguna banuen ere, eta oso gazterik Lizardiren «Bihotz begietan» poesia liburua irakurriagatik ere, orain gutxira arte ez dut jakin zarauztarraren beste dohai batzuen berri. Hau da: politikoa zela eta euskal prentsaren aldeko eginahalak egin zituela.

Joxe Azurmendik, liburuan, «egunotara arte, euskararen alde gehien lan egin dutenak abertzale aranistak izan dira», dio.

Bat nator. Nahiz eta aldez aurretik euskalzaleak izan, alderdi bezala, EAJ da lehenego aldiz euskara bere helburuetan duena. Hau da; aberrigintzan euskara oinarritzat izatea. Alderdi honetako jendea izan ez balitz, euskarak jaso dituen erasoak medio, euskara galdua zen jada.

Liburua inor gutxik ezagutzen dituen gerra aurretik jaiotako euskalzaleez osatua dago

Lan asko egindako jendea dugu. Eusko Irakaskutza, Euskaltzaindia... sortzen eta bultzatzen ibiliak. Antzerkigintzan jardun zirenak esaterako, bultzada handia eman zioten euskarari. Izan ere, sasoi hartan, egun ez bezelako baliabideak zituzten: ez zegoen ez zinemarik, ez telebistarik ere. Bide batez, beste askok literatura bultzatu zuten, irakaskuntza euskalduntzeari ekinaz... Hitz batean, hamaika izerdi botatako gizon-emakumearen gorabeherak ageri dira.

Hala ere, Eusko Alderdi Jeltzaletik kanpo ere, jardun zen euskalzalerik: Azkue, Kanpion eta beste hainbat.

Ez ditut sartu baina hauek ere merezi dute tarterik. Aipamenik ezaren zergaitia, alderdia beste luma batzuekin ez jazteagatik izan da: EAJren baitako euskaltzale santutegi bat egin baitut.

Kanpoan jende asko gelditzen dela ikusirik, euren berri emango lukeen beste liburu bat plazaratzeko ideia buruan dabilkit. Orixe, adibidez, liburuan aipatzen ez badut ere, Eusko Alderdi Jeltzalearen inguruan ibili zen («Euzkadin» idazten, mitinak ematen...). Beste hainbeste gertatzen da Kanpionekin.

Urteetan zehar, eliz-gizonak izan dira euskararen euskarri.

Liburuan bat edo beste aipatzen badira ere, jakina da garai hartan ez zitezkeela militante izan. Bide batez, Azkue abertzale izan ez arren, gerra ostean inorekin ibili bazen, EAJkoekin jardun zela uste dut. Zer esanik ez EAJren baitan edo inguruan ibilitako «Aitzol», Santi Onaindia...

Liburuan, euskararen alde itsu-itsuan jardundako pertsonek politikan sartzeko ez zutela inolako lotsarik izan azpimarratu duzu. Egungo `intelektualei' zuzenduriko gezia al da?

Egun, zera nabarmendu ahal da: alde batetik politikoak eta beste alde batetik kulturgizon eta euskalzaleak gaudela. Garai hartan, aldiz, euskalzaleenak, kargu politikoak hartu zituzten. Lizardi adibidez, Gipuzkoa Buru Batzarrean sartu eta Estatutoaren alde lan egin zuen. Garai hartako euskalzaleek ez zioten politikari muzin egin, ezta alderdiko politikari ere; buru-belarri aritu ziren.

Egun gauza zikintzat daukagu politika; agian guztia profesionalizatu egin delako. Horretara egon behar duzu aurrera egin nahiez gero.

Profesionalizazioarekin, bakoitzak bere lanarekin galtza bete lan duela pentsatzen da. Bide batez, abertzale ingurua zatituta dagoelako edo zenbait intelektual, irakasle... ikusten ditut PSOEn barnean. Alderdi politikoetako etiketaren beldur gara agian.

Aurreak erakusten du atzeak nola dantzatu dio esaera-zaharrak. Egun, EAJk 50 euskaltzale hauen lana ez al luke aintzakotzat hartu beharko?

Egun, orokorrean, euskaltzalea urrundu egin da edozein alderditik, euskalduntze lana erakundeen eskuetan utziz. EAJko gazte militanteek, lehenik, euren gurasoek garai batean eginiko lana ondo aztertu beharko lukete; euskararen ardura, dagokion sailari laga baitiote.

Bigarrenik, euskalduntze lanean inplikatu eta norbere lanaz gain, musutruk jardun daitezela. Era berean, euskararekiko ardurarik ez duen elebidunak, erraz egingo du gaztelerara balantza: esfortzu bikoitza egin beharra dauka.

Zenbait mugimenduk euskara erakundeen aurka ekiteko erabili dute: hau da, sistema, nola hankaz gora jarriko. Borroka armatuak, euskaltzaleon baitan, tira-bira sortu ditu, eta euskalzale batzuk urrundu egin dira.
JON ODRIOZOLA
37-39

Gaiez\Politika\Euskal Herr\Taldeak\Alderdiak\EAJ
Gaiez\Kultura\Argitalgint\Argitalpena\Liburuak\Besteak
Gaiez\Hizkuntza\Euskara\Besteak
Pertsonaiaz\ATXAGA2
Egileez\ODRIOZOLA3\Politika

Erantzunak

Erantzunik ez dago.

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.

Albiste honi erantzun

Albiste honi erantzun

© ARGIA.com

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan