Beste inon ez dauden agiriak dira EEBBetako artzainen lertxumarrak


1995eko ekainaren 25an
Joxe Mallea bizkaitarrarekin elkarrizketa EEBBko artzainen buruz

Noizbait Nevadako mendisailetako bazterren batean gizon kaskagorri eta begiurdin bat, bideo-kamerez zuhaitzen baten inguruan jirabiraka ikusten baduzu, Joxe Mallea bizkaitarra da. Euskal artzainek EEBBetako Mendebaldeko lertxun arboletan idatzikoa biltzen dihardu.

`Lertxumarrak' hitza sortu duzu euskal artzainek EEBBetako Mendebaldeko basoetan utzi dituzten arrastoak adierazteko...

Ez nekien zer deitu lehenbizian: lertxuna edo ertxuna. Guk ertxuna esaten dugu Bizkaian, Munitibarren; hango artzain batek esan zidan hori. Lizar antzeko arbola da lertxuna. Pasa den Gabonetan ibili nintzen, han, Euskal Herrian, horien bila. Ez nuen batere ikusi.

Nola jakin zenuen lertxunetan eginda dauden lan horien berri?

Hori aspaldiko kontua da. 1968an, Elkon nengoela, artzainen atzetik ibiltzen nintzen. Apaiz nintzen eta hori zen nire lana. Ez dut uste sekula apaizik joan zitzaienik mendira. Ni hasi nintzen horretan, artzainen bila; bizpahiru biltzen zirenean leku batean, meza ematen. Han ibiltzen nintzen eta hantxe ikusi nituen lehenengo aldiz; baina gero ahaztu, zeren eta artzainek inoiz ez baitute aitatzen horrelako konturik. Milaka arbola marratu dituzte. Hori eurendako ez da gauza garrantzitsua, gorabehera gutxiko gauza da. Eta, funtsean, artzainen historia hortxe dago, hona etorri zirenena. Izenak eta urteak, hor daude denak.

1968an aurkitu zenituen zuk. Hurrena noiz hasi zinen ikerketan?

Gogotik 1987 edo 88an, berriz deskubritu nituenean. Hementxe izan zen, Renon, Peavine deitzen den mendian, igande arratsalde batean, seme-alabekin eta emaztearekin. Udazkenetan gorriz, urrez janzten dira lertxun orriak eta joan ginen mendira. Eta ikusi bat eta ikusi bi eta hiru eta, «hau zer duk?», eta «ezer ez!». Azkenean, halako batean, euskal abizen bat, garbi-garbi marraztua eta: «Hau zer duk, bada?». Eta gero hasi ginen gora lertxundian zehar eta han zeuden, dozenaka izen! Uste dut lehenengo izena Muxikako bat izan zela: Domingo Ajuria. 68tik 72ra ibili zen han. Entzunda daukat hil zela, Kalifornian nonbaiten, oraintxe hamar-hamabi urte edo.

Zer pentsatu zenuen horrenbeste marka ikusita? Zer izan zitekeen?

Lehenengoan ez dakizu zer den. Baina nik buruari galdera egin nion: hau mendi honetan horrela egotea?. Beharbada beste mendietan ere badaude. Eta ordurako nik ez nekiena, hau ez zela gauza ezezaguna. Baziren, jadanik idatzita artikulu txiki batzuk, han eta hemen, Reno inguruan. Denak amerikanoek idatzita, ni bezala mendira joandakoek. Baina haiendako batez ere irudiak ziren garrantzikoak; irudiengatik hasi ziren. Asteburuko ikerketak egin zituzten, batere formaltasunik eta sistemarik gabe. Haietako batzuek, hogei-berrogeita hamar argazki bildu zituztelarik, artikulu txiki batzuk, kaskar batzuk, argitaratu zituzten. Nik horien berririk ez nekien orduan, honetan gogotik hasi nintzenean; konturatu nintzenean lertxundi horiek ez bakarrik Nevadan, baina Kaliforniako mendi hauetan eta denean zeudela. Han historia dago.

Zer ageri da lertxun arboletan?

Batez ere izenak eta urteak. Hantxe daude artzain gehienen urteak eta izenak, edo hantxe egongo ziren, galdu ez bagenitu. Galduta daude gehienak zeren eta lertxuna oso bizi laburreko arbola baita.

Irudiak ere ikusita gaude makina bat. Nolako irudiak dira lertxunetakoak?

Irudi asko daude. Etxe asko agertzen da, esaterako. Norberaren baserriaren irudia ipintzen dutenean, hori herrimina da zuzen-zuzenean. Haietako askok tximinia ketan daukate; sukaldean nola egoten ziren epeletan, han, gogoratuz. Bestalde, lertxunetan, gurutze batzuk ere badaude, eta lauburuak. Gurutze asko, lauburuak gutxiago. Erlijioa, eliza, adierazten dute. Hemen, asko, santutu egin ziren: mendian, bakardadean. Hori behin baino gehiagotan entzuna dut. Askotan ekaitzak harrapatu eta izugarrizko tximistak eta oinazturak eta abarrak jo eta, infernu guztiak apurtu behar, sutan. Horrelakoetan, etorri egiten da sinesmena, nahiz eta Jainkorik egon ez...

Norberaren irudiak ere asko daude; giza irudiak. Lagun bat edukitzeko gogoa da hori. Irudi gehienak emakumeak dira. Emakume beharra, gogoa, desioa zuten. Emakumearen gorputzaren zati batzuk handituta agertzen dira -bularrak, esaterako-, eta beste zati batzuk kanpoan utzi zituzten: esku gabe daude emakume horiek. Gorputza bakarrik. Bistakoa da zer adierazi nahi duten. Beste batzuetan, sexua bakarrik ez da izango. Gainera, ama, etxekoak...

«Porno Grove» irakurri dugu inoiz. Zer da hori?

Pornografia. Aurkitu ditut beste bi edo hiru `hobeak', alde horretatik begiratuta. Baina garai batean ezagutzen zena horixe zen, bakarra. Table Mountain-en dago, Nevada erdian.

Eta «Beti Euzkadi» edo «Biba Frantzia eta Eskual Herria» eta horiek, nola interpretatu dituzu?

Horrelako asko daude. «Beti Euzkadi» hori Francoren denborakoa da. Han libertaterik ez «Gora Euskadi!» esateko eta hemen jartzen zituzten. Honaino etorri behar horretarako! «Biba Frantzia eta Eskual Herria», horrelakoak, berriz, Iparraldekoek jartzen zituzten.

Nekez irakurtzen da urtea eta zuk, hala ere, bat-batean eman duzu.

Ikasi egiten da. Numeroak eta esaterako, ondo ikusten ez direnean asmatu egin behar dira batzuetan; eta asmatzeko badaude arau batzuk, azala nola dagoen errekatuta eta...

Izenak, urteak, etxeak, gizon-emakume irudiak, «Beti Euzkadi»... Hainbat lertxumarra eta artzainek garrantzirik ez ematen, ez aitatzen...

Askok batez ere emakumeengatik, nik uste. Astakeria handiak daude jarrita. Astakeriak, euren bizi-ingurutik begiratuta. «Mekaguen dios!»ak eta politikako gauzak: «Biba komunismoa!» eta garai hartan ongi hartuta ez zeudenak. Libertate izugarria zeukaten mendian. Batek esan zidan Jainkorik ere ez zegoela han. Hori baino libertate handiagoko literaturarik ez dago munduan.

Nongoak dira arboletan beren izenak idatzi dituzten artzain horiek?

Nik lehenengo hiru-lau urtetan ikusitako lertxunetan Iparraldekoak ziren nagusi. Bizkaitarrak askoz gutxiago. Bizkaitarrak Boisen daude gehienak, eta Winnemuccako iparraldean ere bai. Han bizkaitarrak dira gehienak. Elkon, erdizka edo hortxe-hortxe.

Zein garaitakoak dira?

Banaka batzuk badaude lehengo gizaldikoak, baina problema da arbola hori arin hazi eta arin hiltzen deIa. Zuztarrik ez dauka; zuztarrak azal-azalean daude eta haizeak botatzen ditu. Gainera, ur ondoan daude eta ur-zakurrak pozik jaten ditu. Gelditzen diren zaharrenak 1920 ingurukoak dira. Berrienak, azkenengo lertxumarrak, 1970ekoak edo. Gehienak, duda gabe, artzainak ugarien zeuden urtekoak izango dira, l910etik aurrera, baina arbola haiek joan ziren. Nik aurkitu ditudanetan asko daude 1920tik 25era. Jakina, berriagoak gehiago daude, arbola beragatik, ez artzainengatik.

Nola moldatzen zara lertxumarrak ikertzeko? Zer baliabide dituzu?

Bakarrik ari naiz lan hau egiten; hala ere, laguntasun asko izan dut. Oihan Nazionalekoek, esaterako, asko lagundu didate. Bi agentzia daude: Oihan Nazionalakoak eta Lurzaingoa. Lurzaingoak lur beheak, beherekoak, zaintzen ditu; Oihan Nazionalekoek, lur garaiak, zuhaitzak dauden tokiak. Unibertsitatean lan egiteak asko laguntzen du. Agentzia bi horiek badaukate halako errespeto bat unibertsitateko ikerlarientzat.

«Bizkarrean bideokamera bat duela zuhaitzen baten inguruan jirabiraka». Eusebio Osak idatzi bezala...

Argazkiekin hasi nintzen. Besteak ere hortik hasi ziren baina konturatu nintzen argazkiak baino bideoa hobea zela hura biltzeko. Nevadako estatuak eman zidan bideo-makina eta horrelaxe hasi nintzen, bideo-makina handi batekin. Orain, problema handia daukagu. Ni Nevada estatuko legeak eta arkeologo federal guztien legeak apurtzen ari naiz. Eurek ez dute lanik horrela egiten. Euren metodologiarako argazki kamera erabiltzen dute, zuri-beltzekoa. Badakite zuri-beltzak gutxienez ehun urte irauten duela. Bideoak oraindik ez dakigu zenbat iraungo duen, baina alferrik galtzen hasten denean bideoa, beste kopia bat egin liteke, eta ez dago konparaziorik bideoa eta makina kaskar baten artean, lanerako kalitate eta balio aldetik. Bideoan hartzen da zuhaitz inguru guztia, azalpen guztiak bertan ematen dituzu. Asko komentzitu ditut baina oraindik bederatzi estatu falta zaizkit!

Beste bederatzi estatuetako lertxumarrak bildu nahi dituzu?

Lehenengo biltzea da. Berrehun urte bizi behar dut denak biltzeko. Ni biltzearekin konformatuko nintzateke. Gertatzen da neguan ezin dela lan hori egin. Mendi garai guztiak elurpean daude eta bakarrik udan eta udazkenean egin litekeen lana da.

«Ez dago besterik inguru hauetan» horrela dabilenik. Arrazoi zuen Eusebio Osak, nonbait. Ez dago laguntza handiago inguratzerik lanerako? Lertxunak gal daitezen baino lehen esan nahi dut...

Urtarrilean izan genuen oso bilera garrantzitsua Sacramenton. Kaliforniako estatuak eta Tahoe-ko Oihan Zaingokoak gonbidatu nintuen. Hainbat arkeologo federal ere han izan ziren eta erdi-komentzitu nituela uste dut; baina erabat ez oraindik. Beraiek lan hori ezin dutela egin esaten dute. Eta gainera egia da. Ez badakite euskararik, eta gaztelerarik eta euskal kultura ezagutzen ez badute -artzainen kultura-, oso zaila da lan hau ondo egitea. Baina eskatu nien, besterik ez bada ere, hartzeko bideo on bat, grabatzeko geldiro irudiak, eta gero nik edo beste norbaitek irakurtzen ahal duela bideo hori. Agiria, behintzat, hor izango genuke. Bitartean, zuhaitzak -lertxunak-, joan badoaz. Gehien 1930ean hasten dira. Orain dela hirurogei bat urte. Eta hirurogei-larogei urtekoa da lertxunen bizitza, esaten dutenez. Eusko Jaurlaritzak lagundu dit, asko gainera; bi edo hiru beka eman dizkidate baina orain bertan murriztu da beka hori. Iaz, adibidez, ez zidaten eman.

Lertxumarrak bildu ez besterik egina duzu? Horiei buruzko azterketa, alegia...

Datu-basea daukat eginda. Bildu ahala sartu ditut datuak barruan. Datu-basea finkatua dago eta nahiko konforme nago. Badauzkat hirurogei bat soro edo. Izenak, soro bat. Abizenak, beste soro bat. Urteak, beste soro bat eta horrelaxe, hirurogei gai.

Eta noizko lana argitaratzea?

Hor dabiltza denak «noiz argitaratu behar duzu?». Hemengo Unibertsitateko Prentsakoak, batez ere. Asko daukat idatzita; nik uste dut eginda dagoela. Baina datu-basea zuzendu nahi dut. Datu zehatzak atera nahi nituzke. Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailari ere -Eusebio Larrañagari-, bidali nion eskuizkribu bat, 300 bat orrialde, eta ez dakit zertan ari diren, noiz argitaratu behar duten. Nik, argitaratzeko orduan, lehenengo euskaraz atera nahi dut.

Erlojupean saiatu beharra duzu, inondik ere, arbolak galtzera baitoaz, zeuk esan duzunez. Denbora da koska...

Denbora bada arazoa, baina beste problema bat da arkeologo federal horiek ez dutela lan hau behar hainbat estimatzen. Jakin ere ez dakite, askok, beren lurraldeetan lertxumarrak daudela, eta lertxumarretan euskaldunen eta artzainen historia dugula finkatua. Ikerketa honek haien begiak irekiarazi ditu eta, aspaldiko partez lehenengo aldiz, Reno inguruan behintzat euskaldunen historia bildu nahian hasi dira; urrats handia da aurrera begira.

Zuk uste Espainiako Gobernuak emango lukeela honelako laguntza bat euskaldunen historia biltzeko? Beharbada ez, agian bai; ez dakit. Ez naiz ibili handik. Behin Madrilera laguntza eskatu nuen, eta erantzunik ez! Hemen bai, laguntzen dute. Ez da gutxi: artzainen lursailak, txabolak, labeak eta ari dira babesten. Badauzkagu bi ardi lursail nagusi; hiru ere bai, baina egun hirugarrenean ez da ezer gelditzen.

Horretan iraungo duzu gero ere, alegia, EEBBetara etorri ziren euskaldunen historiaren aztarnak aztertzen?

Euskaldunen historia bukatu da hemen; emigrazioa, behintzat. Berriz hasten ez badira etortzen artzain, zer gelditzen zaigu? Historia geratzen zaigu, lehena. Orainik ez dago alde horretatik, zeren eta orain dela hamabost-hogei urtez gero artzain euskaldunik ez baitator.

Euskaldunarenak egin du EEBBetan? Euskal komunitatea desagertuko da?

Euskaldunak eurak ez. Jarraituko dute euren dantzekin, bilerekin eta `pikiniekin', baina euskara bai, euskara galduko da. Beste toki guztietan halaxe gertatu da, ez hemen bakarrik. 1610ean uste dut, Etxabe zarauztarra -edo Zumaiakoa izango zen-, pintorea, Mexikoko hiri handian bizi zen, eta esan zuen: «Hemengo euskaldunek ia euskara ahaztu dute! Ez dute euskararik egiten», eta haserre zegoen mutila. Duela ia laurehun urte, 1610ean! Euskaldunak joan izan dira Mexikora eta Argentinara eta beste toki askotara eta denetan euskara galdu egin da; inmigraziorik ez dagoen tokian, batez ere. Hemen, alde horretatik, euskara askoz inportanteago izan da Mexikon baino. Hemen, «euskara ala ingelesa» zen, eta ingelesa ez zekitenez, euskaraz egiten zuten denek.

Hemen, hainbat espainol ere, Euskal Herri ondokoak eta, euskara ikasita daude. Badaude batzuk -Asturiaskoak, Santanderkoak, Teruelekoak...-, inork galdetzen dienean, «hi nongoa haiz?», «euskalduna!» esaten dutenak, zeren eta spanish esaten baldin badute, mexikartzat edo har ditzakete... Euskalduna esan eta aurrera! Horiek denek dakite hitz bat edo bi. Eta nafar askok ere hemen ikasi du euskara.

Azkenak
'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude