Xabier Letona
Mauricio Rosencof Tupamaroen buruzagi ohiari elkarrizketa
«Estradizioen auzia hautesleak eskuineratzeko erabili da»
Mauricio Rosencof, Uruguayko tupamaroen buruzagi ohia
Askapen Nazionalerako Mugimendu Tupamaroaren buruzagi ohia da Rosencof. Bizi izan dituen 61 urteetatik 13 espetxean igaro ditu. IPESek Hegoamerikako hegoal- dearen egungo errealitatea azaltzeko Bilbora ekarrita, ez dugu berarekin solasteko aukerarik galdu.
Zein aukera ikusten diozu Uruguayko ezkerrari azaroak 27ko hauteskunde orokorretan?
Uruguayko ezkerraren prozesua oso interesgarria da. 1971n Nazio Askapenerako Mugimendu Tupamaroak, Martxoak 26 Mugimenduaren bidez, eta Seregni jeneralak gidatuta, Fronte Zabala sortu zuen; ezker muturretik demokristautasunera bitarteko eremua biltzen zuen talde zabala. Orduko hauteskundeetan arrakasta izan zuen baina gero diktadura etorri zen. Orain, Fronte Zabala berriro ari da indarrez, eta azken hauteskundeetan Montevideoko Udala eskuratu zuen. Kontuan hartu behar da Uruguayk hiru milioi eskaseko populazioa duela eta erdia Montevideon bizi dela.
Montevideon berriro irabaziko bide du Fronte Zabalak. Zenbaiten ustez, hauteskunde orokorrak ere irabaz ditzake, baina inkesten arabera Sanguineti-Batalla formula gailenduko da. Edozein modutan ere, argi geratuko da hiru indar politiko nagusi daudela: Alderdi Nazionala (Zuria), Alderdi Coloradoa eta Fronte Zabala, eta edozein gobernu eraketarako horiek kontuan hartu behar direla.
Badirudi euskal herritarren estradizioak gogor eragin duela bertako bizitza politikoan.
Hala da. Ordura arte ere Uruguayko egoera politikoa gorabeheratsua zen, baina abuztu bukaera arte alderdiek zentro aldera jotzen zuten. Barne ministroak, errepresioa eta euskaldunen auzia hautesleak eskuineratzeko erabili izan du. Errepresioa oso bortitza izan zen, balak gerritik gora jaurtikitzen ziren eta dozenaka zauritu eragin zituen...
Ofizialki hiru hildako izan ziren.
Baina gehiago dira; presio handiak izan dira. Diktadura garaian ere koarteleten atxilotuak hiltzen zitzaizkienean gorpua familiari ematen zioten, baina publiko ez egiteko aginduarekin. Modu dokumentatuan ezin da jakin zenbat hildako izan ziren baina jakina da gehiago daudela. Jakin izan da, adibidez, Armadako goi mailako ofizial baten 18 urteko semea buruan emandako bi balaz ospitale militarrean zegoela, baina familiak ez du salatu. Zentzuna eta mugimendua galduta zetzan, baina gaur egun oraindik ez dakigu zer gertatu den.
Zergatik euskal herritar haiengatik horrenbesteko mugimendua?
Helburua Uruguayn historikoa den aterbe eskubidearen defentsa izan da. Espainiako gerrak pertsona asko ekarri zituen Uruguayra: Jose Bergamin, Rafael Alberdi, Galan... eta gerran borrokan aritutako beste hainbat pertsona. Eskubide hau apurtu egin da, gure ustez Espainiako Gobernuak eragindako presioei esker. Beraz, gure burujabetzari eraso egin zaio.
Zergatik horren errepresio bortitza?
Orain jakin izan da errepresio egunak baino egun batzuk lehenago Barne ministroak bilera sekretua deitu zuela Goardia Errepublikarraren unitate batean. Goardia Errepublikarra Poliziaren antzerakoa da, Montevideon kokatua eta istiluetan parte hartzeko dagoena. Montevideon Alderdi Nazionala eta Coloradoari deitu zien, hots, ohizko bi indar kontserbatzaileei, eta Fronte Zabala kanpo utzi zuen.
Bileraren helburua legebiltzarrean Goardia Errepublikarra Goardia Nazional bilakatzeko proiektua aurkeztea zen, bestela istiluetan parte hartzeko legebiltzarraren baimena behar duelako, eta aldatuz gero Barne ministroarena bakarrik. Azkenean tiroak bota zituena Goardia Errepublikarra izan zen.
Dena den, norbaitek bilera grabatu zuen eta eduki osoa prentsaurrekoan eskaini. Beraz, azken elementu honekin osatzen da errepresio bortitzaren puzlea. Atera zitzaketen estraditatuak goizaldeko orduetan, ospitalearen aurrean askoz ere jende gutxiago zegoenean; baina ez, jende gehien zegoen unea baliatu zuten, beraien interesa ahalik eta iskanbila handiena antolatzea baitzen.
Orain zertan da egoera?
Alderdiak Legebiltzarrean galderak zuzentzea eskatzen ari dira; eta Fronte Zabalak Barne ministroaren dimisioa eskatzen du, hauteskundeetan ministroak zelanbaiteko neutralitatea gorde behar du eta. Horrelako pertsona batek herriaren etorkizuna bi alderdiren eskuetan _hirugarrena baztertuz_ dagoela pentsatzen badu, ezin fio izan.
Une honetan sumendi baten gainean gaude. Armadako zenbait sektore ere Goardia Errepublikarra Goardia Nazional bihurtzearen aurka daude, horrek armada paraleloa sortuko lukeelako. Estradizioen auzia banatua zegoen eskuina Alderdi Nazionalaren inguruan biltzeko atxakia besterik ez zen. Terroristak zirela esaten zitzaigun eta tartean ez zegoela arazo politikorik, baina diktadurapean izandako preso guztiak ere gaizkileak ziren. 54 uruguaytarretik bat espetxetik pasatu zen, eta hori ez du onartzen apur bat pentsatzen duen inork.
Zeuk ere 13 urte egin dituzu espetxean; zer geratzen zaizu garai haietatik?
Txalapartak argitaratutako liburua, «Memorias del Calabozo», eta Eva Forestek bere argitaletxearekin argitaratutako eleberria, «Evataras». Garai hori borrokaren ondorioetako bat moduan hartu behar da. Badakizu bala batek jota bazter batean gera zaitezkeela, tortura jasan dezakezula, espetxea... Borrokaren zati da hori guztia eta ez du sakoneko ideia aldarazten; aitzitik, tinko mantentzen laguntzen digu.
XABIER LETONA
14-15
Gaiez\Politika\Nazioartea\Estatuak/Na\URUGUAY
Gaiez\Politika\Euskal Herr\Presoak\Erbestea\Estradizio
Pertsonaiaz\ROSENCOF1
Egileez\LETONA1\Politika
Jon Odriozola
Jabier Irureta futbol entrenatzaileari elkarrizketa Athletic-ri buruz
«Klubak filosofia hori izan arren, Athletic ez da euskal selekzioa»
Jabo Irureta
Ez da gaur goizekoa futbol munduan. Erdiraketak, paseak eta golak eguneroko ogi ditu. Athletic gabarran ikusi nahiko luke, Nerbioi ibaian behera. Arraunlariak baditu lan horretarako. Bera dugu lemazaina.
Athleticen lehendakaritzarako hauteskundeen ondoren, honako adierazpena irakurri ahal izan genuen: «Hauteskunde hauetan gehien arriskatu duena ni izan naiz askogatik. Arratek irabazi ez balu, kale gorrian geldituko bainintzatekeen».
Hori argi dago. Hiru hautagaiek deitu zidaten eta Arraterekiko jarrera hartu nuen. Hori Santanderren hango klubarekiko mesprezutzat hartua izan zen. Santanderreko Racing taldearekin bi urteko kontratua nuen (aurtengoa barne), baina berau hautsi zezakeen bakarra neu nintzen.
Hala ere hauteskundeak baino lehen Racingeko lehendakariak klubean ez nuela jarraituko jakinarazi zidan. Beraz, hauteskundeen ikuspegi horretatik gerta zitekeen Athleticen entrenatzaile ez bihurtzea, eta lehen mailako talde ia guztiak osaturik zeudenez, agian urte osoa huts hutsean igaro behar izatea. Hori zen arriskua.
Baina tira, hamabi urte daramatzat gelditu gabe, eta atseden aldiren bat ere ongi etorria izaten da.
Arrateko amari hamaika errezu eginez ibiliko zinen, beraz.
Ezta gutxiagorik ere. Arrateko amabirjinari ez; Irungoa naizenez, Juncaleko amari errezatuko niokeen. Baina hala eta guztiz ere, oso lasai nengoen, Arrate orain lau urte ere nitaz oroitu baitzen. Kontratua izanik, berarekiko begirunea medio etorri naiz.
Entrenatzaile lanetan Getxon hasi zinen, ondoren Sestao, Logrońes, Oviedo eta azkenik Santanderreko Racingen aritu zara. Azkenerako, hala ere, etxera. Baina esaerak dioen legez, zail da etxean profeta izatea.
Egia da. Futbol munduan etxekoei gehiago eskatzen zaie. Euskalduna izanik, eta Athleticeko jokalari ohia, neure herriko taldera etortzea poz handia da.
Etxekoekiko eskaera maila batzuetan bikoitza izaten da. Atzerritarrek, edukitzen zaien errespetoa medio, mirespen berezia jasotzen dute.
Langilea den etxeko entrenatzaileak, ostera, bere jakituria eta balioa erakusteko arazo handiagoak izan ohi ditu. Euskal Herriko entrenatzaile batzuek, Azkargorta kasu, gauzak ondo egiteko gauza direla erakusteko hemendik kanpora irten behar izan dute.
Athletic Ligako talderik gazteena izanik ere, esperientzia handiko jokalariak ditu. Ez al zara beldur zaletuek titulu gosez presionatzea?
Benetan arriskutsua da dauzkagun aukeren gainetik eskatzen baldin bazaigu. Gurea talde gaztea da, heldutasunaren bidean dagoena; izan ere, jokoaren ardura hogei urteko gazteen oinetan dago. Barcelona eta beste talde handietan, berriz, azken ardura Koeman, Romario... bezalako jokalariek dute. Esperientziaz ongi horniturikoak.
Errealistak izan behar dugu. Jokalariak muga batzuk ditu, beronen gainetik eskatzea onurgarria izan beharrean kalterako izan daiteke. Taldea oso gaztea da, etorkizun oparokoa, eta egunetik egunera hobetzen joango garenez, itxaropentsu nago.
Duela lau hilabete, sailkapenaren bostgarren postutik gora begiratu behar zenutela esan zenuen. Artean denboraldia hasi gabe zegoen.
Aurreko denboraldiko emaitzak hobetu behar dira. Iaz bostgarren postuan amaitu genuen Ligan, eta Kopan berriz lehen kanporaketan kaleratu gintuzten.
Aurten hiru lehiaketetan jardungo dugu, denak orokorrean hartuta hobetu beharra dugulakoan nago. Hiru horiek batera hartuta aurreratu behar da.
Behobiako autobidean barrena, azken urteotan gipuzkoar asko helmugaratu dira Athleticen. Loren, Iturrino, Valencia, Alkiza... Gipuzkoako harrobia Lezamakoa baino emankorragoa al da?
Athletic euskal herritarrez hornitzen da. Gehienak, hala ere, bizkaitarrak dira. Lezamak era askotako jokalariak eman ditu. Zenbaitetan puntako jokalari hori ez da planifikazioaren fruitua izaten; bat-batean irteten du, jaio egiten da.
Lehen mailako taldeak ikustea baino ez dago Bizkaiko harrobiak eman dituen eta ematen ari den fruituak ikusteko. Hemengo jokalarien batez besteko handia dago hor zehar. Puntako jokalarien kasuan, boladak izaten dira.
Taldea nafar, arabar, gipuzkoar eta bizkaitarrez osaturik dago. Mintza al gaitezke hainbat aldiz aipaturiko zorioneko euskal selekzioaz?
Athletic ez da euskal selekzioa; jokalari asko baitaude, selekzio hori osatzeko, beste talde batzuetan dabiltzanak. Baina Athleticen iparra etxeko jokalariekin lan egitea izan da betidanik; gure eremua Euskal Herria da, hori argi dago. Baina horrek ez du esan nahi euskal selekzioa garenik. Gauza bat da selezkio kontzeptu hori, onenak hemen eduki nahi izatea, eta bestea guztiz ezberdina klubaren ikuspuntua eta bere aukerak. Eta jakina, une honetan hori ez da posible.
Zer gertatuko litzateke Athletic elkarte anonimoa bihurtuko balitz, edota atzerritarrak fitxatuko balitu?
Athleticek elkargunea izan behar du beti; herri honen sentimendua ispilatzen baitu horrek. Izakera hori haustea, gure historiarekiko apurketa bortitza litzateke. Ez dut esaten sekula etorriko ez denik. Nire ikuspuntutik, hala ere, ez litzateke zuzena izango. Horretan ez daukat zalantzarik.
Elkarte anonimoa bihurtzea? Ez deritzot gaizki akzioak bazkide guztien artean behar den bezala banaturik egongo balira. Era herrikoi batean egingo balitz aldaketa, ados nengoke.
Nola ikusten duzu atzerritar berriak estreinatzen dituen baina Bittor Alkiza gabe moldatu beharko duen Reala?
Ez dira puntako bi atzerritar horiek bakarrik, Iturrino ere hor dago. Oro har, iazkoa baino talde hobea du, lehiakorragoa.
Eta gorritxoak, gorriak ikusten?
Osasuna lehen mailan ikusten dut, talde ona dute eta entrenatzailea ere kategoriakoa.
Aspaldiko urtetan izan dugun ligarik berdinduenaren aurrean al gaude?
Urte hasieran proiektu guztiak dira handinahiak. Baina denboraldiak zure lekuan jartzen zaitu beti. Espainiako Ligari, Italiako txapelketaren antza hartzen diot gero eta gehiago, non 4-5 talde muturrean ibil daitezkeen. Hemen bi talde handi daude, baina beste batzuk hurbiltzen ari zaizkie.
Euskal ekonomiari begiratuz gero, non ikusten duzu, sailkapenaren erdialdean, Europan sartzeko aukeraz, ala bigarren mailara amiltzeko zorian?
Erdialdean, itxaropentsu, gorantz egiteko gogoz. Birmoldaketak eta abar amaitu direla ematen du, helmuga berriak ikusten ari garela. Herri hau oso langilea izan da beti; ekimen pribatuak gurditik tiraka jarraitu behar duela uste dut. Arriskatuz.
Urriaren 23ko hauteskunde autonomikoen ondoren, mapa politikoa bestelakoa izango al da?
Inkesten arabera ez. Horiek alde batera utzita ere, ez dut uste asko alda daitekeenik. Alderdi batek gehiengoa lortuko du berriz ere, baina gobernukideak beharko ditu agintzeko. Itun bidez gobernatzea elkarbizitzarako formula onuragarria dela pentsatzen dut.
Europan ere beste hainbeste gertatzen da. Ez dago gehiengo argia duen alderdirik. Horrek negoziaketa kultura sortzen du, beharrezkoa dena.
Abstentzioaren beldur al zara?
Azken deialdietan abstentzio handia izan den arren, hauteskunde autonomikoetan jendea kontzientziatuago dago, berarengandik gertuago dagoen administrazioa delako hautatu behar duena.
Zer egingo zenuke bolanta sareekin? Txartel horia atera, zelaitik kanporatu edo behin betiko zigortu?
Denbora asko da erabiltzen ari direla, beraz aldaketa ez da gauetik goizerakoa izango. Kendu egin beharko balira, arrantzaleari denbora eman beharko litzaioke beste nolabait arrantza egin ahal izateko.
JON ODRIOZOLA
22-26
Gaiez\Kirola\Futbola\Taldeak\Athletic Cl
Gaiez\Kirola\Futbola\Entrenatzai
Pertsonaiaz\IRURETA2
Egileez\ODRIOZOLA3\Kirola
Amagoia Iban
Jasone Aretxabaleta ETBko aurkezleari elkarrizketa
Jasone Aretxabaleta: «Ikusleek txantxarako beta ematen didate»
"Gaur Egun" albistegia aurkezten zuela ezagutu genuen, irratira joan zen ondoren, eta gure pantailetan dugu berriro ere, «Goraintzi» magazinearen gidari legez. Erronka berria berarentzat, Anne Igartibururen irudia baitago oraindik askoren begininietan.
ARGIA. Irratia alde batera utzi gabe, telebistara itzuli zara berriro ere.
JASONE ARETXABALETA. Baina irratiak kentzen dizkit ordu gehienak, berez irratia ez dut inondik ere ahaztu. Oraindik ez diot neurria hartu bi lanen nahasketari, baina pisu handiagoa du oraingoz irratikoak.
A. Ekidin ezina da Anne Igartibururi buruz galdetzea. Zu zara orain ETB-1eko magazinearen aurkezlea.
J.A. Ez dago konparaziorik gu bion artean, bakoitzaren estiloak erabat desberdinak dira eta. Ez dakit saio hau hasiera batean Annerentzat ote zenentz, baina argi dago biok lana era desberdinean egiten dugula. Ibilbideak ere mutur desberdinetatik hasitakoak dira. Tele-5en edota galaren bat aurkezten ikusten dudanean, neure burua horrela ezin dut ikusi, eta saioa eskaini zidatenean esan nuen gainera.
A. Albistegietan izan zen zure aurreko esperientzia ETBn. Orain beste erregistro batzuk erabili beharko dituzu.
J.A. Kamera aurrean eta ikusleen aurrean egotea erabat desberdina da. Oso txantxazalea naiz berez, eta albistegietan hori ezin nuen erakutsi. Ikusleek horretarako beta ezin hobea eskaintzen dute.
A. Gonbidatuak kaleko jendea izango dira.
J.A. Gure asmoa, telebista kalera atera beharrean, kalea telebistara ekartzea da. Normala da. Euskal Herria oso txikia da eta bertako famosoak oso ikusiak daude jada. Freskoagoa da kaleko jendea.
AMAGOIA IBAN
63
Gaiez\Komunikabid\Telebista\ETB\Saioak
Gaiez\Komunikabid\Telebista\ETB\Aurkezleak
Pertsonaiaz\ARETXABALE2
Egileez\IBAN1\Komunikabid
Aitziber Yarza
Jaime Mayor Oreja, PPko ehendakarigaiari elkarrizketa
«Ezker abertzaleak eskuinak baino arrazoi gehiago du gustura egoteko»
Jaime Mayor Oreja, PPko lehendakarigaia
Uda honetan, PPren eskutik, bergizarteratzea izan da politikarien artean gai nagusia. Gasteizko Legebiltzarrean eginiko elkarrizketa honetan ere hilabete hauetako tirabiren itzala suma daiteke. Baina bestelako gaiek ere izan dute lekurik urriaren 23ko hauteskundeen aurrean oso baikor ageri den hautagai honekin izandako solasaldian. Hitz leunez bada ere, bere jarrerak oso tinko defenditzen ditu, eta berak esandakoaren arabera, ez dirudi PPk inolako gaietan jarrera aldatzeko asmorik duenik.
Egun bergizarteratzearen aurka ari zarete; Ajuria Eneko Ituna sinatzean, ordea, ez zenuten jarrera hori.
Uztailean Gobernuak obsesio bat zuen: Amedo eta Dominguez kasua konpontzea. Akatsa, ahultasuna, Gobernuaren gehiegikeria edo nahi den bezala dei daitekeen hori estatu politika berria bihurtzen saiatu da Gobernua, terroristen bergizarteratze prozesuaren iragarritako azkartze batez. Hori onartzeko prest ez gaude, ez baita Euskal Herriaren baketze eta normalizaziorako, baizik eta Gobernuaren aurpegi zuriketa. Hori gertatu da; bergizarteratzea beste gauza bat da.
Askotan ustez besterik ez diren hainbat demokratak PPren aldetik jarrera ia antidemokratikoa ikusi dute, eta gezurra dirudi gero Gobernuaren estrategia hau ikusteko gai ez izatea.
Bergizarteratzearen drama politikoa da ez dutela ETAren inguruan baloratzen, ez bergizarteratu direnek ez ezta bergizarteratu nahi ez dutela diotenek ere, denek aurretik lortua dutela uste baitute. Preziatua ez denean ez da politikoki eraginkorra. Bergizarteratzeak, preziatua izan dadin, mugatua izan behar du; ez dut ezagutzen mugagabea eta estimatua den ezer.
Orduan, noiz eman beharko litzateke bergizarteratzea?
Akats nagusiena bergizarteratzearen eztabaida aurreratzea da. Zenbait kasutan aplikatu ahal izango da, baina eztabaida handia ezin da aurreratu. Eztabaida handi hau, polimili-en kasuan bezala, bakeranzko pauso garbiak ematen direnean gertatu behar da.
Bitarte horretan zer egin beharko litzateke?
Hogei urtetan euskal herritarrok kolektiboki egin dugun akats nagusia terrorismoaren aurreko exigentzia falta izan da. Zuzenean edo isiltasunez terrorismoa babestu dutenak erosotasun politiko eta soziala dute, eta hau horrela den bitartean fenomeno hau finkatzea besterik ez da lortzen.
Frankismo garaiko hondarrak deituak izan zirenak politikoki eta sozialki bakartzeko egin zen lana hemen indarkeria babesten dutenekin egin izan balitz, egoera ezberdina zatekeen. Horrelako jarrera batek mugitzera behartuko lituzke.
Egun PPk jarrera hori du. Exigentzia hori tolerantzia, moderazioa eta esfortzuaren ondorio da. Ustez elkarrizketaren aldekoago diren hainbat jarrerak baketzearen aurka jokatzen dute.
A.Beraz, Gobernuak geldirik egon beharko luke?
J.M.1991tik, nire ustez EAJk bultzatuta, jarrera bat dago indarrean, eta horren arabera geldirik egotea ez zen jada nahikoa; egunero gairen batean mugitzea beharrezkoa zen. Batean Leitzarango autobidearen nondik norakoak negoziatuz; bestean, EAJ-HB elkarrizketak; ondoren, Azkoiti operazioa... Hauek porrot eginda EAJ ezin da geldirik geratu eta preso kopuru garrantzitsu bat kaleratu beharra dago. Hau da geldirik ez geratzea, ez soilik bergizarteratzearen gaian; oinarrizko gai sakonagoa da.
Gure jarrera ortodoxoagoa da. ETAk gerra batean ari dela uste du, eta arerioaren zenbait mugimendu ahultasun gisa ulertzen ditu.
ETAk bergizarteratzearen inguruan azaldu duen iritzia kontuan hartuz, keinu bezala ulertzen duela uste duzu?
Onartzen dut batzuetan ETArentzat enbarazu txikia izan daitekeela, baina ETArentzat bergizarteratzea ez da funtsezko gaia. ETAk Gobernuaren politika guztiak kritikatzen ditu, beraz ETAk bergizarteratzea kritikatzeak ez du esan nahi ETAren aurkako neurri eraginkorra denik.
Nola baloratzen dituzu Patxi Zabaletak bergizarteratzearen inguruan esandakoak?
Ez soilik Patxi Zabaleta, Elkarri eta horrelako taldeen inguruko balorazioa ere egingo nuke; mundu horren barruan egoera honekin amaitu nahi dutela diotenen ingurukoa. Horretan benetan sinesten badute, pauso hori eman dezatela. Badakite ez direla demokratekin liskartuko, arazoa da talde horretan bertan daudenei aurre egin beharko dietela. Beraien jabeak zeintzuk diren badakite.
Guk baten esanak kritikatu edo goraipatzen ditugunean oztopatu besterik ez dugu egiten. Beraiek, ENAM delakoaren inguruko batzuk izango dira bakearen benetako protagonistak, ez alderdi demokratikoak. Beraiek kapitalizatu, errentagarri bihurtuko dute, baina beraiek izango dira, halaber, bakea lortzeko izerdituko direnak.
Zein eratara eman beharko lukete pauso hori?
Demokrazia honetan edozein ideia defendi daitekeela esateko ausardia izanez.
Nik askotan galdetzen diot neure buruari ea ni egongo ote naizen gusturago, Euskal Herriaren azken emaitzarekin, ezker abertzaleko pertsona bat baino? Ezker abertzaleko pertsona batek politikoki gustura egoteko euskal eskuineko batek baino arrazoi gehiago dauzka. Herri honetako hainbat sinbolo eta helburu batez ere beraiek protagonizatuak izan dira, eta herri hau horren emaitza da.
Niri askotan ez zait ETB atsegin, maiz manipulazio handia dagoela uste dut. Beste hainbat gauza ere ez ditut atsegin, baina plazako neurriak onartu eta aldatzen saiatuko naiz.
Euskal Herriaren balizko eskubide kolektiboez aspertuta zaudela azaldu duzu. Zer esan nahi zenuen horrekin?
Politikak bi gauzatarako balio dezake: batetik, eztabaida abstraktoetan aritzeko, eta hori gizarte erabat politizatuaren ondorio da. Edo bestela, politika arazo erreal eta zehatzen konponbide gisa. Hogei urtetan politizazio izugarria bizi izan dugu. Hori gainditzea da herri honen zinezko erronka.
Maila horretan garrantzitsuagoak dira euskal herritarren eskubide indibidualak, hau da, ongi edo gaizki bizi diren, beraiek autodeterminatu ote daitezkeen nahi duten lanpostua aukeratzen... euskal gauzen defentsa, autodeterminazio, independentzia eta abar baino. Lehentasuna euskal herritarren eskubidean jartzen dugu.
Zergatik erabiltzen duzu `balizko' hitza?
Kontzeptua gutxiesten saiatzen naizelako, hori eztabaida amaigabea baita. Zergatik markoa aldatu objetiboki dakigunean autodeterminazio eskubideak euskal herritarrak Autonomi Estatutuak baino gehiago banatzen dituela.
Inkestek PPk igoera izango duela adierazten dute. Datorren gobernuan egotea al da PPren helburua?
Ziurrenik PP gobernuan egotea ez da bere esku izango. Gure obsesioa ez da gobernuan egotea. Gure helburua PP herri hau aldatzen ari dela seinale izateko adina haztea da: PP aldaketaren garantia izatea, alternantzia demokratikoa ematen dela ikustea. 24an herri honek demokratikoki aldatzeko gai delako esperantza izatea da nire nahia.
Nik ez dut sentituko porrot egin dudanik gobernuan ez nagoelako. Porrot egin dudala sentituko nuke gobernuan edo oposizioan egonik PP aldaketaren garantia izango ez balitz.
Ordońezek elkarrizketa batean PP txapelik gabeko EAJ dela adierazi zigun. Aurrez begiratuta, horrek akordioa erraztu dezakeela dirudi.
EAJ eta PPren arteko harremanak zailak dira, baina hau normala da. Alderdi sozialistak erreferentzi puntu garrantzitsua izateari utzi dio, etahorregatik PP erreferentzi puntu bezala geratu da. Beste erreferentzi puntua EAJ da. Hau gogoan, bistakoa da elkar ulertzeko zailtasunak badirela, baina ez diogu elkarrekin hitz egiteari uko egingo, gai askotan ados jar baikaitezke.
Espero dezagun, bestalde, herri honen beste erreferentzi puntua den ezker abertzalearekin horrelakoak egin ahal izatea. Erreferentzi gisa beste alderdi demokratiko bat egotea litzateke nire nahi nagusia.
PSE-EEk «Osakidetza kasua» hauteskunde hauetan ordainduko du?
Ziur naiz, eta gainera merezi dute. Eskandalu publiko eta agerikoena izan da. EAJk administrazioa politizatu zuela -eta egia da- ez da aitzakia Osakidetzako oposizioekin egin zen narraskeria justifikatzeko. Patetikoa izan da. Iparra galdu dute, eta ordaindu egingo dute.
AITZIBER YARZA
8-10,11
Gaiez\Politika\Euskal Herr\Taldeak\Alderdiak\PP
Gaiez\Politika\Euskal Herr\Bozketak\Hauteskun\Autonomi
Pertsonaiaz\MAYOR1
Egileez\YARZA1\Politika
hemeroteka
1497. zenbakia | 1994-09-25
1496. zenbakia | 1994-09-18