Xabier Letona
Jose Mari Sors Elkar argitaletxeko arduradunari elkarrizketa
"Testu liburuen merkatuan desoreka handia dago"
Jose Mari Sors, Elkar argitaletxeko arduraduna
ARGIA. Espainia mailako testuliburuen ekoizpenean zazpigarren postuan ere jarri izan zaituzte. Garapen handia denbora gutxian, ez?
JOSE MARI SORS.
1983-84an ekin genion testuliburugintzari eta aurrerapauso handia bada ere, kontuan hartu behar da Euskal Herrian testuliburuen eremuan dena egiteke zegoela. Horrez gain, tartean hezkuntzaren erreformak ere harrapatu gaituenez, liburu berriak egin behar izan dira ikasgai guztietan. Baina liburuen berritzeaz gain, erreformarekin derrigorrezko irakaskuntza 16 urtera arte luzatzen da, eta horrek ere badu eraginik. Sailkapen horri dagokionez, zerbait entzuna dut, baina irizpide desberdinen arabera beste sailkapen batzuk ere ikusi izan ditut. Nolanahi ere, egia da aurrerapauso handia eman dugula.
A. Zenbat testuliburu ekoizten ditu Elkarrek urtean?
J.M.S. Guztira, testuliburu eta bestelakoak, 1993an berriak 100-120 izan ziren. Berralgitalpenak urtearen araberakoak dira, baina batez beste beste 100-120 inguru. Testuliburuei dagokienez, 1992an liburu berriak 68 izan ziren eta 1993an 61.
A. Umeak, dena den, gero eta gutxiago daude eta pentsatu behar da liburuak ere gero eta gutxiago beharko direla. Nola eragiten du honek sektorean?
J.M.S. Une honetan izugarrizko desoreka dago. Hemen zegoen hutsunea eta hezkuntz erreformarekin, gaur egun testuliburuen merkatuan tokia guztiok dugu, baina izango dira arazoak. Duela lau urte hasi ginenean 12.000 bat haur zeuden B eta D ereduetan. Orduan 10 argitaletxe aurkeztu ginen, eta liburu bakoitzean 3.000-5.000ko tiradak egin behar dituzunez, horrek esan nahi du merkatuan 60.000 mila liburu izan daitezkeela.
A. Espainiako argitaletxeek ere sartu dute muturra euskal testuliburugintzan.
J.M.S. Gehienak sartu dira eta nabaritzen da. Horrez gain, badute abantailarik: guk guztia sortu behar dugu, baina zenbait ikasgaitan eurentzat nahikoa da euskarara egokitzea, matematika hemen eta Andaluzian berdina da eta. Hemengoentzat haien sarrera lehiakidetza da eta horrek gure eskaintza hobetzera behartzen gaitu. Haien menpe geratuz gero, kultur kolonialismorako arriskua ere badagoela esango nuke. Prestakuntza eta jende aldetik hemen ahalmen nahikoa dugu eta haiek baino produktu hobea egin behar dugu.
XABIER LETONA
18
Gaiez\Kultura\Argitalgint\Argiteletxe\Elkar
Gaiez\Kultura\Argitalgint\Argitalpena\Liburuak\Textu libur
Pertsonaiaz\SORS1
Egileez\LETONA1\Kultura
Joxi Goikoetxea
Alberto Schommer argazkilariari elkarrizketa
«Artistak iraultzaile izango ez balira, leizezuloetan pintatzen ginateke»
Alberto Schommer
Hiru liburu berri argitaratzeko asmoa du Alberto Schommer argazkilari ospetsuak. «Verde» izena eramango duena osatzen ari dela, Donostian `harrapatu' du gure kamerak. Bere ibilbidea eta beste hainbat gairi buruz mintzatu zaigu.
ARGIA. Egunotan, Gipuzkoako herrietako jaietan argazkiak egiten ari zara. Kamerari zerbait berezia eskaintzen diote jaiok?
ALBERTO SCHOMMER. Olaberrian izan nintzen, Segura herriaren aurka herri kiroletan lehiatzen ari zenean. Aizkolariak, korrikalariak, txingak eta harrijasotzaileak zeuden. Zoragarria zen. Oso inguru familiakoa zen, eta erritmo handia zegoen guzti horren osotasunean.
A. Zerbait berezia eskaintzen dizu Euskal Herriko pertsonak?
A.S. Dudarik gabe. Euskal Herriko pertsonak nortasun handia dauka, bere ezaugarriak bereziak dira. Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiko jendearen ezaugarri fisikoak ezberdinak dira. Pertsonaren aurpegia ikusi eta jakin dezaket nongoa den. «Azul» liburua Donostiari buruz egin ondoren, Gipuzkoari buruzko ikuspegi orokorra izango da prestatzen ari naizena: «Verde».
A. Zein da zure jarrera herri bati buruzko argazkiak egiteko garaian?
A.S. Habanan izan naiz aurten lan bat egiten, eta bertako jendea ekarri nahi nuen nire argazkietara. Bertako jende xehea. Horretarako, gobernukoek edo bestela pentsatzen zutenek esaten zidatena egiterik ez nuen nahi. Jendea den bezala ezagutu nahi nuen, herri horri buruzko benetako ikuspegia izan; eta oso pozik nago. Hau izan da egin dudan lanik hoberenetarikoa.
A. Nola sentitzen zara egunkarietako lehenengo orrialdeetako argazkiak begiratu eta Ruanda edo Jugoslavia ohiari buruzko argazkiak ikusten dituzunean? Bizitzaren alderik gordinena horrelako moduan adierazteko gai ikusten duzu zure burua?
A.S. Badago gatazkak dauden toki batean argazkiak egiteko jende espezialdua. Dokumentalak egiten dituzte, errealitatearen fotokopiak. Argazkilari talde handietako profesionalak artistak dira, izaera ematen diote argazkiari, eta ikusten duten guztia ordenatu egiten dute aldatu gabe. Beste batzuek minetik minik handiena ateratzen dute, itxaropenetik itxaropenik handiena, eta ez da zuzena; mina eta itxaropena nahastu egiten direlako. Itxaropenik izango ez balitz jendeak bere buruaz beste egingo lukeelako.
Ni ez nintzateke lan hori egiteko egokia izango, aurretik finkatutako ideia batekin joango nintzatekeelako. Gizakien mina edo itxaropena landu nahi izango nituzke, eta ez nintzateke kazetari ona izango, ez nukeelako errealitatea islatuko. Ezin dezakegu arinkeriaz jardun.
A. Nola ikusten da Madriletik Euskal Herriko egoera?
A.S. Gaizki. Katalunia eta Euskal Herria bereziki gaizki, beren kasa bizi nahi dutelako. Galiziarrek ez dute protestatzen, beraz, ez daude hain gaizkietsiak. Euskal Herrian bortizkeria dago eta Katalunian ez, eta ikuspegia okerragoa da Euskal Herriarekiko. Politikariek ikusten dute bi herriok beren kasa jardun nahi dutela, baina ez dago argi zein izan litekeen bidea, estatu federala izango den, autonomia, independentzia... Ezjakintasunaren ondorioz sortutako beldurra da.
A. Zein izan daiteke Euskal Herriko egoeraren irtenbidea?
A.S. Giltza errespetua da. Errespetuz egin behar dira gauzak. IRAk su-etena iragarri berri du, zuzenena izango litzateke. Nire ustez, elkarrizketak bortizkeriarik gabe izan beharko luke.
Gu nortasun eta indar handiko herria gara, historia daukagu, autonomia izan nahi dugu, gure foruak, gure eskubideak, eta izan eta defenditu behar ditugu. Euskaraz hitz egin behar dugu, baina ez dakiena baztertu gabe. Bat bestearen aurka borrokatu baino, elkar ulertu behar dugu. Bakoitzaren berezitasunetik abiatu eta unibertsalera iritsi. Alderantziz egingo bagenu Coca-Cola besterik ez genuke edango. Ez dugu jendea txakolina edatera behartuko; txakolina edatera gonbidatuko ditugu etortzen direnak, eta kanpora irteten garenean Valdepeñas hartuko dugu, esaterako. Ikuspegi unibertsala izan behar dugu.
A. Kulturaren bizkortze eta hedapenerako lehentasun zerrenda egingo bagenu, zein tokitan ipiniko zenuke Guggenheim Museoa?
A.S. Guggenheimek daukan irudi, indar eta botere handiarekin, New Yorkeko Museoaren ekitaldiak zabaltzen baditu, eta Euskal Herrira eta Espainara moldatzen baditu, ona izan daiteke. Baina aurretik zeuden probintzia museoak eta gainerako ekitaldiak baztertu gabe. Kultura sortzen badu eta beste hainbat gauza babestu, oso ondo.
A. Aurten sortutako Schommer Fundazioaren helburu bat zaletu bezala argazkigintzan dihardutenei profesionaltzeko aukera eskaintzea da.
A.S. Baina epe luzerako helburua da. Argazkigintza eskola nazionala sortu nahi dugu.
A. Zein izan beharko litzateke gaur egun fundazioen zeregina?
A.S. Fundazio bat sor daiteke hildako artista baten obra gordetzeko, edo fundazioak izan dezake bizirik dagoen artistaren baten obra. Fundazioa hila edo bizia izan daiteke. Fundazio batek bizia izan behar du, sortzaile izan behar du, ideiak trukatzeko tokia... Nire fundazioak bi areto ezberdin dauzka Gasteizko Arte Ederretako Museoan: batean nire obrak ikus daitezke, eta bestean mundu osoko argazkilarienak.
A. 25 urte bete berri dira Arantzazuko Basilika berria 14 apostoluekin zabaldu zenetik. Gogoratzen dituzu garai horretako istiluak? Artearen helburua izan behar al du bide berriak irekitzeak?
A.S. Ikusi nituen 14 apostoluak bide bazterrean. Oteizaren laguna nintzen, eta basilika berritzen parte hartu zuten gainerako artistak ere ezagutzen nituen. Iraultza beti aldaketa da, eta artea etengabeko aldaketa. Artistak iraultzaile izango ez balira leizezuloetako pintura lantzen egongo ginateke oraindik, edo kubismoa margotzen... Arteak aldatu egin behar du, askotan akatsak eginez. Iraultzaile batek sinesten badu beti zuzena dela, aurretik zegoena baino hobea, iraultzaile txarra da. Iraultzailea berriztatzailea da, baina huts egin dezake. Artista da iraultzailerik handiena, benetako iraultzailea. Adierazpide berriak bilatu behar ditu etengabe: kontzeptu eta forma berriak.
Castro egoera oker baten aurka altxatu zen, aldatu eta egoera zuzen bat lortu asmoz. Bera bidegabea da orain, baina aurrerakuntzarik ekarri du. Kubako herria behartsua da, ez dauka ezer baina ez da miserablea. Kultura daukate, Latinoamerikako gainerako herriek izan dezaketena baino aberatsagoa. Baina une honetan Castrok agintea utzi behar du herria lur jota baitago. Artistak ez dio inoiz ispiluan bere buruari begiratu behar, ezin du errepikatu, egiten badu sortzaile kaskarra izango delako. Castro ispiluari begira dago, artista eta sortzaile izateari utzi dio, eta une honetan min egiten dio herriari.
A. Asko aldatu al da haurtzaroan ezagutu zenuen Gasteiz?
A.S. Dexente aldatu da. EAEko hiriburu administratiboa denez gero sumatu dira egindako diru inbertsioak. Kirola lantzeko toki ugari daude orain. Bi itsas talde daude egun, polikiroldegi ugari, eta emaitzak kirol ezberdinetan ikus daitezke, saskibaloian besteak beste. Kultur arloan ere nabarmenak dira hobekuntzak. Kultura dastatzeko aukerak ugaritu eta hobetu egin dira. Hor dago, konparazio baterako, Arabako Arte Ederretako Museoa, Irudi eta Teknologia Berrien Zentroa... Euskaraz ere gero eta jende gehiagok hitz egiten du.
A. Nola izan ziren zure hastapenak argazkigintzan?
A.S. Gazte nintzenean margolaritza, literatura eta zinema landu nituen, baina ez argazkigintza. Argazkigintza ez zitzaidan batere gustatzen. Behin, Feliu zinema zuzendariak «La familia del hombre» liburua utzi zidan. Pixkanaka argazkiak egiten hasi eta mundu honetan murgildu nintzen.
JOXI GOIKOETXEA
28-32
Gaiez\Kultura\Artea\Argazkigint\Argazkilar
Pertsonaiaz\SCHOMMER1
Egileez\GOIKOETXEA7\Kultura
Patxi Gaztelumendi
OLBE erakundeak antolatu du aurtengo opera denboraldia Bilbon
«Denen gustuko Opera Denboraldia antolatzea da gure helburua»
Iñaki Irusta, OLBEko lehendakaria:
Opera Lagunen Bilboko Elkarteak prest du datorren irailaren 13an hasiko den XLIII. Opera Denboraldia. 1995eko apirilera arte sei opera ikusi eta entzun ahalko dira Bilboko Coliseo Albia antzokian. Denboraldi honen berri jakiteko OLBEko lehendakaria den Iñaki Irustarengana jo dugu. Operazale amorratu hau luzez mintzatu zaigu operaren inguruko hainbat kontuz. Euskal Herrian ere, etorkizun oparoa baitu lirikaren adar honek.
ARGIA. Zein da Opera Lagunen Bilboko Elkarteak antolatzen duen Opera Denboraldi honen helburu nagusia; zer izango da apirilera bitarte?
IÑAKI IRUSTA. Aurreko denboraldietan bezala, aurten ere gure helburua entzuleari gustuko zaion opera ekartzea izan da, opera lirikoaren bertsio ezberdinak ezagutaraziz, eta ahal den neurrian behintzat Bilbora aurretiaz aurkeztu gabeko operak ekarriz. Horrela, publiko guztietara heltzea da asmoa, operan hasi berria denarentzat zein jada operaren inguruan adituak direnentzat.
Denboraldi honetan Verdiren bi opera izango ditugu, «La Traviata» eta «Macbeth», Pucciniren «Turandot», Donizettiren «Don Pasquale» eta «Anna Bolena» eta Glucken «Orfeo eta Euridice». Denen gustuko denboraldia antolatzea da gure helburua.
A. Maila handiko denboraldia izango da Bilbon, beraz, irailaren 13tik aurrera.
I.I. Izan ere Bilbok duen lirikarako tradizioa oso garrantzitsua da, eta urtez urte izandako goranzko joera etengabeak jarraitzen du, eta horrela Bilboko Opera Denboraldiak eskuratu du berari dagokion errekonozimendua, bai komunitate ezberdinetan bai estatu mailan ere. Lirikaren inguruan diren sentsibilitate ezberdin guztiek lekua dute guk antolatutako opera emanaldi ezberdinetan.
Gainera, aurten eskertzekoa da oso Bilbo eta Euskadiko orkestra sinfonikoak gurekin ditugula; bakoitzak hiru opera interpretatuko ditu. Bilboko Orkestra Sinfonikoa «Orfeo eta Euridice», «Don Pasquale» eta Pucciniren «Turandot» emanaldietan arituko da. Euskadiko Orkestra, jakina, beste hiruetan. Orain arte ez dugu inoiz biek hemen parte hartzea lortu eta guztiz eskertzekoa da hori. Horrek, dudarik gabe, erabat aberasten du kalitate aldetik. Entseiuak egiteko orduan, konparazio baterako, bertakoak izanik, erraztasun handiagoa izango dugu.
A. Zer aurrekontu dauka aurten Opera Denboraldiak?
I.I. Denboraldiak berez 420 miloi pezetako aurrenkontua du, eta horren erdiari gutxi, gorabehera, instituzio eta enpresa pribatuen subentzioekin egin diogu aurre. Subentzioen erditik gora, 237 milioietatik 110, Eusko Jaurlaritzak 110 jarri du, bera izanik laguntzaile handiena.
A. Zein da gaur egun operak Euskal Herrian duen zaletasuna?
I.I. Guri dagokigunean behintzat, oso onarpen handia dute guk antolatutako opera saioek. Eskaintzen dugunarekin, hain zuzen, arazoak sortzen ari zaizkigu gero eta jende gehiago hurbiltzen baita emanaldiotara. Antzokia gainezka izaten dugu. Hori dela eta, orain artean bezala sei opera egin beharrean, zazpigarren errepresentazioa egitea pentsatzen ari gara; funtzioak ere gehitu egin beharko ditugu agian, laura pasatuz. Gaur egun ekitaldi bakoitzean 1.994 lagun sartzen dira Coliseo Albia antzokian.
Hemendik hiru bat urtera, ordea, Bilbon Musika eta Kongresu Jauregi berria izango dugu, Euskalduna jauregian, eta bertan bostehun lagun gehiago sartuko direnez, arazoari aurre egin ahal izango diogu.
A. Zure ustez opera elitista al da?
I.I. Ez dut uste. Gure elkarteak gaur egun 3.000 bazkide ditu. Hilabetero ordaintzen dugu gure jarlekua, etaprezioak ere ez dira ikaragarriaK: saioko garestiena 8.000, eta 2.000 pezetakoa merkeena. Beraz, nire ustez ez da elitista. Jakin badakigu beste leku zenbaitetan 25.000 pzta ordaindu behar direla operara joateko, baina hemen opera ikusi eta entzun nahi duenak aukera ona du. Gure aldetik ere saiatu gara elitismo horretatik aldentzen, eta azken hiru urteetan, esaterako, sarreren prezioa bere horretan mantendu dugu, igo barik.
A. Begi onez ikusten duzu gure arteko operaren etorkizuna?
I.I. Baikorra naiz. Operaren ingurura jendea hurbiltzen da; elkartera dei asko egiten dizkigute ikastetxeetatik ikastaroak emateko. Atzetik datorren jendeak itxaropena ematen dit. Gainera, gure artean konposatzaile onak baditugu: Karmelo Bernaola, Francisco Escudero... Ainhoa Arteta bezalako kantari bat gure artean izatea ere, zentzu horretan, baikortasunerako arrazoi ona da. Emanaldietara adin guztietako jendea hurbiltzen da eta horrek, nola ez, zerbait adierazten du. Musikarien aldetik zer esanik ez: lehen orkestra bakarra genuen, eta orain bi dira, Euskadikoa eta Bilbokoa. Zenbait momentutan musikari atzerritarren premia izan dugu; gaur egun, ostera, ikusten da jende berria apurka sortzen doala. Musika kontserbatorioak ere, zorionez, beterik dira.
PATXI GAZTELUMENDI
42-43
Gaiez\Kultura\Musika\Musika klas\Opera\Elkarteak\OLBE
Pertsonaiaz\IRUSTA1
Egileez\GAZTELUMEN1\Kultura
Amagoia Iban
Juan Antonio Larrañaga futbol jokalariari elkarrizketa
Juan Antonio Larrañaga: «ETBrena beste pauso bat da nire bizitzan»
Reala utzi bai, baina futbola ahaztu ezin. Bizitza osoa gauza berean aritu ondoren, antzeko zerbait topatu du azpeitiarrak. Mikel Olazabalekin batera aritzen da «Futbol eroa» saioa aurkezten, Espainiako Liga Txapelketaren berri emanez. Futboleko eroak izatearen ordaina!
ARGIA. Kirolariak hitz gutxikoak zaretela diote, eta orain zuri kontrakoa erakustea tokatu zaizu.
J.A. LARRAÑAGA. Egia dela uste dut, hitz gutxikoak garela normalean. Nik neuk ere arazoak izango ditut ziur, lasai eta etenik gabe hitz egiteko. Futbolaria zarenean zuri egiten dizkizute galderak, eta orain nik egin behar ditut. Askoz ere lasaiago sentitzen naiz oraindik zelai barruan kanpoan begira baino. Hala ere, egin ditut lantxo batzuk eta gustura nago egindakoarekin.
A. Kirolari ohi euskaldun gero eta gehiago zaudete ETBn lanean.
J.A.L. Hala da. Bertako saltsa-maltsa guztiak barrutik ezagutu ondoren, uste dut lagungarria dela oso kirolari profesionalen ikuspegia. ETB beste pauso bat da, eta ez da aukera txarra.
A. Futbola joko eroa da berez, ala guk egiten dugu eroa?
J.A.L. Guk erotzen dugu, zalantzarik gabe. Zaletuek, futbol zelai guztiak betetzen dituztenean bere taldearen garaipena nola-hala ikusteko. Komunikabideek ere bai, nola ez. Hala ere, hemen ez da hainbestekoa komunikabideen eragin hori. Hemendik kanpoko kirol informazio gehiena futbolaren inguruan aritzen da, baina hemen baditugu beste kirol batzuk ere, jendearen jakinmina asko erakartzen dutenak.
A. Aurtengo denboraldia jarraituko duzu. Zein duzu faboritoa?
J.A.L. Ez dut Reala esango, Zaragoza, Valencia, Real Madrid eta Atletico de Madrid gogor ikusten baititut.
AMAGOIA IBAN
55
Gaiez\Komunikabid\Telebista\ETB\Aurkezleak
Pertsonaiaz\LARRAÑAGA3
Egileez\IBAN1\Komunikabid
hemeroteka
1494. zenbakia | 1994-07-31
1493. zenbakia | 1994-07-24