Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-11-21 09:36:32
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

1994-07-10 -- 1491.zenb

«Elkarlanean jardun behar dugu hizkuntza gutxituak indartzeko»

Joxi Goikoetxea

argazkia

Paul Turner zine zuzendariari elkarrizketa
«Elkarlanean jardun behar dugu hizkuntza gutxituak indartzeko»
Paul Turner, «Hedd Wyn» filmeko zuzendaria
Eremuak 94 Eremu Urriko Hizkuntzen Zinemaldia zabaldu zuen iragan astean «Hedd Wyn» kymrueraz _Galeseko hizkuntzaz_ egindako luzemetraiak. I. Mundu Gerran Britainia Handiko Armadarekin borrokatzera behartzen duten Galeseko poeta gazte baten bizitzan oinarriturik dago filmea, Paul Turnerrek zuzendu du, eta berarekin izan ginen «Hedd Wyn» jaialdian erakutsi baino ordu batzuk lehenago.

ARGIA. Eremu Urriko Hizkuntzen Zinemaldian aurkeztu berri duzu, lehiaketatik kanpo, «Hedd Wyn». Oscar sarietarako izendatua izan da aurten atzerriko filme onenaren atalean.

PAUL TURNER. Oso garrantzitsua da niretzat, Galeseko herriarentzat, eta nire ustez hizkuntza gutxitu guztientzat. Estatu Batuetan, adibidez, Hawaiiko jendeak esan zidan filmea oso ona eta oso garrantzitsua zela.

A. Balio handia ematen diozu Eremu Urriko Hizkuntzen Zinemaldian parte hartzeari.

P.T. Oso garrantzitsua da honelako jaialdi bat egitea. Orain dela urte batzuk erabaki nuen zerbait egin behar nuela Galeseko hizkuntza bizitzen laguntzeko. Galeseko hizkuntzaren alde egiten dudana, beste hizkuntzentzat ere garrantzitsua dela uste dut. Hain zuzen ere, munduko hizkuntzetako lauetatik hiruk galeserak baino hiztun gutxiago ditu. Beren kulturak, Galeseko kultura bezala, arriskuan daude. Milioika jende dago hizkuntza gutxituetan hitz egiten duena, eta gure hizkuntzak indartzeko egin dezakegun gauza da elkarlanean aritzea.

A. Sortu berria da Galeseko zinemagintza.

P.T. Telebista martxan jarri zenetik sortu da zinema industria Galesen. Duela hamar urte sortu zen Galeseko telebista, eta aurretik pare bat filme besterik ez ziren egin. Gaztea da industria, baina filme dexente egiten dituzte orain. Europan zehar normala den bezala, filmeak egiteko diru gehiena telebistatik dator, eta filme horiek normalean telebistarentzat egiten dira. Hala ere, saiatzen gara beste modu batzuez banatzen Europan eta beste herrietan.
Galeseko telebista kateak bertako produkzioa lantzen du: bere filmeak, bere programak bultzatzen ditu. «Hedd Wyn»i garrantzia eman zioten eta 150 milioi pezetako laguntza eskaini ziguten. Galesen filme bat egiteko diru asko da. Hurrengo filmea egiteko diru gutxiago baliatuko dugu.

A. «Dial» da hurrengo filmearen izenburua.

P.T. «Hedd Wyn» ez bezala, gaur egungo garaian kokatuta dago, eta kontatzen du familia baten historia familiaren ikuspegitik. «Dial» hitzaren esanahia mendekua da. Uste dut filme hau eztabaidatua izango dela.

A. Zailtasunak al dituzue filmeak banatzeko?

P.T. Galesen bertan ez dago arazorik, baina kanpoan zailtasunak izan ditugu. Estatu Batuetan zerbait lortu dugu baina Ingalaterran eragozpen handiak ditugu oraindik. Funtsean, Ingalaterran galeseraren aurkako jarrera dagoelako.

A. Zein merkatu dauka kymruerak?

P.T. Gutxi gora-behera % 20k hitz egiten du kymrueraz, milioi erdiak baino pixka bat gehiago. Merkatu txikia da. Ezin dugu zinemagintza komertzialarekin konpetitu. Filmeak areto txikietan ikus daitezke. Dirulaguntza bidez lortzen dugu dirua, ez modu komertzialean.

A. Gainerako kultur arloetan nondik norakoa da hizkuntza honen erabilpena?

P.T. Literaturari dagokionez, zorte handia daukagu tradizio handia eta indartsua dagoelako Galesen. Hain zuzen ere, Galeseko literatura Ingalaterrakoa baino lehenago hasi zen. Gaur egun, literatur jaialdi nazionala egiten da urtero. Literatur adar guztiak lantzen dira galeseraz, eta gainerako arteak ere. Literatur tradizio horretatik antzerki tradizioa sortu zen, eta proportzioan, Galesen Ingalaterran baino aktore profesional gehiago daude.
Musikari dagokionez, lehengo tradizioan harreman zuzena zeukaten musikak eta literaturak. Olerkia kantatu egiten zenez, musika zen. Musikan ere ohitura zaharra eta handia izan da abesbatzetan. Duela mila urte jendeak kantatzen zuen abesbatzetan, eta beharbada Europako lehenengo taldeak Galesen bertan sortu ziren. Gaur egun, Galeseko kulturak kultura ingelesa eta amerikarrarekin lehiatu behar du, eta ondorioz indarra galdu du.
Joxi Goikoetxea
50-51

Gaiez\Kultura\Zinema\Filmeak\Luzemetraia
Gaiez\Kultura\Zinema\Zuzendariak\TURNER1
Gaiez\Kultura\Zinema\Zinemaldiak\Eremuak
Pertsonaiaz\TURNER1
Egileez\GOIKOETXEA7\Kultura

Erantzunak

Erantzunik ez dago.

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.

Albiste honi erantzun

Albiste honi erantzun

© ARGIA.com

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan