Myriam Gartzia
A.Mendiola Euskadiko Kooperatiben Federazioako zuzendariari elkarrizk
«Ez dut MCC berririk ikusten kooperatiben artean» P
Agustin Mendiola, Euskadiko Kooperatiben Federazioko zuzendaria
Pasatu den astean munduko 53 herrialdeko kooperatiba enpresen 500 ordezkari izan ziren Euskal Herrian. Bertan esandako tesien artean, euskal kooperatibismoa munduan erreferentzia dela. Agustin Mendiolarekin aritu gara gai honetaz.
ARGIA. Dirudienez, kapital sozialeko enpresak modan jarri dira. Kooperatibismoaren garai berri baten lekuko gara?
A. MENDIOLA. Azken urteotan neurririk gabeko liberalismoak eta erraz eta bizkor lortutako irabaziak goraipatzen ekin eta ekin ibili ostean, logika guztien arabera, zorabioak harrapatu du gure gizartea, azken bi urteotan ekonomiak jasan duen krisi sakon eta orokorraren ondorioz. Kooperatibek, behar bada, aipatutako jarrera ekonomiko tamalgarri horien antitesia direlako edo, urte batzuk lehenago baino erakarpen gehiago dute gizartearentzako, nahiz eta euren eginkizuna berbera izan.
Kooperatiben etorkizunari dagokionez, bestalde, bermatuta dagoela uste dut, balio handiko giza baliabideak ditugulako eta ideia liluragarri bat dutelako kooperatibetako gizon-emakume horiek: gizarte zehatz batean konprometituta dauden enpresak garatu nahi dituztela.
A. Aurreko astean egindako jardunaldietan euskal kooperatibismoa erreferentzia dela esan omen zen. Hala al da?
A.M. Arrasateko kooperatiben esperientzia munduko kooperatibismoaren erreferentziarik onenetakoa da. Funtsean lan elkartuko kooperatiba delako, Europa eta munduko beste herrialdeetan nagusi den kooperatibismoaren alderantziz; oro har kontsumo kooperatiba legez ulertzen den errealitatean errotzen baitira hauek. MCCk ekarpen handiak egin ditu lan elkartuaren barruan, industria alorreko kooperatibez gain, beste eremu batzuetan sartu direlako _banaketa, maileguak, irakaskuntza, eta abar_.
Bestalde, munduko beste inon baino maila handiagoa lortu da integrazioa eta ahalmen ekonomikoa kontuan hartzen badira.
A. Euskal kooperatibismoaren arazo nagusia, MCC izan ezik, enpresen tamaina da.
A.M. Handicap horren menpe dauden kooperatibek zailtasun galantak izango dituzte egoera gainditzeko. Puntu-puntuan jarri behar dira, eta horretarako ez dago txatxarkeriatan ibiltzerik ahaleginak eta sakrifizioak egiteko orduan.
A. MCC euskal kooperatibismoaren giltzarria dugu; noizko berririk?
A.M. Nahiago nuke oker banenbil, baina ez dut MCC berririk ikusten epe ertainera. Ez diot uko egiten ilusioari, baina egun ez dut nabaritzen MCC korporazioak lortu duen kooperatibaren neurri berdineko enpresa egitasmo berririk.
A. Nolako eragina izan du kooperatiben lege berriak?
A.M. Interes handiko ekarpenak izan ditu, finantzaketarako zein egitura organiko eta funtzionalei dagokienez. Bestetik, enpresak elkarrekin lotzeko beste era batzuk ere arautzen ditu, korporazioak edo bitariko kooperatibak adibidez.
Myriam Gartzia
21
Gaiez\Ekonomia\Kooperatiba\Kooperatiba
Pertsonaiaz\MENDIOLA1
Egileez\GARTZIA3\Ekonomia
Patxi Gaztelumendi
Bideoklipen erabilera telebistan Manolo Gil-en iritziz
Manolo Gil: «Gogaituta nago telebistek gure lanak nola erabiltzen dituzten ikusteaz»
ARGIA. Juanma Bajo Ulloak Barricadaren bideoklip bat egin berri du. Gero eta garrantzitsuago bilakatzen ari al dira produktu hauek?
MANOLO GIL. Izen handiak bilatzen dira, eta kasu horretan, Juanma Bajo Ulloaren izenak berez saltzen du. Oso ona iruditzen zait lan hori, baina telebistek klip baten 20-30 segundu eskatzen dituzte oro har, musika programa batean zatiak soilik emititzen direlako. Bideo horren 20-30 segunduk ez dute adierazten 3 minutuko zinema narrazio horren mamia.
A. Aurreko urteetan 7-8 bideoklip aurkeztu zenituen Gasteizen eta aurten, berriz, 3 besterik ez.
M.G. Disko industriak 2-3 milioi pezetako inbertsioa egin behar du, eta telebistaz emititzeko soilik balio du klipak. Telebistek gero eta gutxiago lantzen dituzte musika programak, eta orduan konpainiek ez dute produktu hauetan inbertitzen. Errentagarriagoa da beraientzat diru hori musika aldizkarietan inbertitzea publizitate gisa. Gogaituta nago telebistek gure lanak nola erabiltzen dituzten ikusteaz. Musikaz baliatzen dira, sortzen ditugun irudien zatiez, baina ez daukate bideoklipa lantzeko programa berezirik, eta gaur egun kalitate handiko lanak egiten dira hemen.
PATXI GAZTELUMENDI
49
Gaiez\Kultura\Musika\Argitalpena\Bideoak
Gaiez\Kultura\Argitalgint\Argitalpena\Besteak
Pertsonaiaz\GIL3
Egileez\GAZTELUMEN1\Kultura
Amagoia Iban
Iñaki Beraetxe ETBko aurkezleari elkarrizketa
Iñaki Beraetxe: «ETBrako euskaraz bikoizten diren saioak erdarazkoak baino gutxiago zaintzen dira»
Donostiar hau gauza askogatik ezagutu dezakezu. Iazko udan La Tojako irlatik aurkezten zuen saiotik hasita, egun «22-ra» saioan betetzen duen apustu bitartekari laneraino. Baina irudia baino gehiago, bere ahotsa dugu ezaguna ETBren jarraitzaileok, hamaikatxo pertsonaiari eskaini izan baitio.
ARGIA. La Tojatik frontoi batera etorri zara. Zer esan nahi du apustu honek?
IÑAKI BERAETXE. Batez ere desberdina dela. Hau kasualitatez etorri zait. Proiektu bezala ez zen oso erakargarria, baina giro hori gustukoa nuenez, lana hartzea erabaki nuen. La Tojakoa oso desberdina zen.
A. «22-ra»ko ikusleek tranparik egiten al dute?
I.B. 10.000 pezeta ematen zaizkio bakoitzari, eta askotan iruditzen zait erdia gorrira eta beste erdia urdinera jokatzen dutela. Ez da apostulari asko ikusten. Baina ongi pasatzen dugu, giroa polita baita oso.
A. Telebista itxuraren mundua da. Zuk itxura hori eman izan duzu, baina inor gutxik daki zure ahotsa dela telebistan gehien agertzen zaiguna.
I.B. Egia esan, hori da nire ogibidea, bikoizketa. Baina azken aldian nahiko geldirik gaude. Kontuan hartu behar da ETB-1ean 8 filme besterik ez direla eskaintzen hileko, ETB-2n astero 16 direnean. Serieak ere errepikatu egin dituzte, eta ez dago ia lanik.
A. Horren arrazoia?
I.B. Euskaldunok beti erdaldunen azpitik gaude mundu honetan. Telebista mailan, jendeak egia jakingo balu ez luke sinetsiko. Galtzen ari garela uste dut. Euskarak badu kontsiderazioa, baina erdarak baino gutxiago. Euskaraz ETBrako bikoizten diren saioak erdarazkoak baino askoz gutxiago zaintzen dira.
A. «Magnum» al da zure pertsonaiarik nagusiena?
I.B. Nagusienetako bat. Baina «Kukuaren Habian» filmerako egin nuen lana dut gustukoen, Jack Nicholsoni ahotsa jarriz.
A. Kaskarrena?
I.B. Askotan, ahotsa behartzeko casting-ak jarri dizkidate, baina aukeratu izan nautenez, egin ditut.
A. Inoiz geratu al zara ahotsik gabe?
I.B. Ez, eta arraroa da, zaintzen dudana kontuan hartuta.
AMAGOIA IBAN
63
Gaiez\Komunikabid\Telebista\ETB\Aurkezleak
Gaiez\Komunikabid\Telebista\ETB\Bikoizleak
Pertsonaiaz\BERAETXE1
Egileez\IBAN1\Komunikabid
hemeroteka
1488. zenbakia | 1994-06-19
1487. zenbakia | 1994-06-12